Noiz sortua: 2019-07-26 00:30:00

Musika, barrutik kanpora

Euskal Herriko Musika Bulegoak «ilusioz betetako aro berri bati» ekin dio. Egitura berria, bi urterako plan estrategikoa eta lehen baino baliabide gehiago ditu elkarteak.
EHMBEko zuzendaritza batzordeko kideetako batzuk, Donostian egin zuten agerraldian; ezkerretik hasita hirugarrena da Aitor Bengoetxea.
EHMBEko zuzendaritza batzordeko kideetako batzuk, Donostian egin zuten agerraldian; ezkerretik hasita hirugarrena da Aitor Bengoetxea. ANDONI CANELLADA / FOKU

Aitziber Arzallus -

2019ko uztailak 26
Aro berri bat hasi du EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak. «Ilusioz betetako etapa berri bat». 2015ean martxan jarri zenetik, eta lehen aldiz, musikaren sektorearentzat lan egingo duen lantalde batek osatutako egitura propioa dauka Musika Bulegoak. Musikaren sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundea bultzatu eta sektorearen profesionalizazioan lagunduko duten egitasmoak eta proiektuak gauzatuko ditu horri esker.

Musikaren esparruko lau elkartek sortu zuten Musika Bulegoa: Kultur Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteak, MIE Musika Industria Elkarteak, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteak, eta Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak. Hemendik aurrera ere elkarte horiek izango dira Musika Bulegoaren jardunaren arduradunak, baina gauzak «beste modu batera» egiteko asmoa azaldu du Aitor Bengoetxea lehendakariak. «Elkarte horiek partaidetza sinbolikoagoa izan dute orain arte. Interes orokorreko helburuak betearazteko, lauren baliabideak eta esperientziak batuko ditugu urrats berri honetan».

Lau elkarte horietatik datoz, hain justu, zuzendaritza batzorde berria osatuko duten kide guztiak: Bengoetxea (Kultura Live) lehendakaria, Jagoba Astiazaran (Musikagileak) lehendakariordea, Unai Moraza (Musikari) idazkaria, Amaia Ispizua (MIE) diruzaina, eta Iñaki Otalora (Kultura Live), Mikel Urkiza (Musikagileak), Alvaro Sanz (MIE), Olatz Salvador (Musikari), Pau Vargas (MIE) eta Mikel Unzurrunzaga Makala (norbanako musikaria). «Bakoitzaren etxea zaintzea ahaztu gabe, indar metaketa bat izango da», lehendakariaren hitzetan.

Azpeitiarra da Bengoetxea, eta Kulturaz kooperatibako kidea; kooperatiba horrek kudeatzen du Sanagustin kulturguneko Kultura Liven aretoa. Jagoba Astiazaran lehendakariordea, berriz, zestoarra da, Musikari elkarteko kidea.

Bengoetxeak eta Musika Bulegoko haren lankide guztiek «gogotsu» heldu diote aro berriari. «Egitura osatu dugu, plan estrategikoa landu dugu, eta diru aldetik ere lehen baino baliabide gehiago ditugu orain». Lehendakariaren ustez, garrantzitsua da sektoreko eragileek urratsa «denek batera» egitea. Haren hitzetan, «oso barrutik» landutako proiektu bat da, «sektoreak indarrak batzeko egin duen ariketa kolektibo bat». Musikarena «sektore askotarikoa» izaki, batzuetan zenbaiten interesek besteenekin talka egingo dutela uste du. «Musikariak, musikagileak, teknikariak, diskoetxeak, aretoak eta abar gaude elkartean, eta sektore honetan ere, denean bezala, bere interesak ditu eragile bakoitzak. Baina bulegoaren asmoa da denok batera indarra egitea, modu horretan Euskal Herriko musika sektorea indartzeko eta bultzatzeko».

Bengoetxeak musu truk egingo ditu lehendakari lanak, eta Kulturaz kooperatiban duen lanpostuan jarraituko du lanean. «Badakit Musika Bulegoko lehendakaria naizela eta niri dagozkidala zenbait egiteko, baina, oro har, lan egiteko egitura eta modu horizontalaren aldekoa naiz ni, talde lana bultzatzearen aldekoa, eta horrela ari gara lanean». Musika Bulegoak esku artean duen proiektu bakoitzerako lantalde bat osatu dute, eta lantalde horietan parte hartzen dute zuzendaritza batzordeko kideek.

Proiektuan «emateko eta hartzeko» sartu dela dio azpeitiarrak. «Niretik eman diezaioket proiektuari, baina badakit niretzat ere oso aberasgarria izango dela, asko ikasteko balioko didala». Lanean eskuz esku ari da lehen ezagun baino ez zituen askorekin, eta oso interesgarria eta baliagarria iruditzen zaio sektoreko beste eragileekin harremanak egitea. «Musika Bulegoarentzat ez ezik, baita Sanagustin kulturgunearen moduko proiektu batentzat ere, harreman horiek ematen digutelako aukera txiki bat beste proiektu batzuen berri izateko eta parte hartzeko».

Oraingoz, bi urterako lan ildoak eta helburuak zehaztu dituzte Musika Bulegoaren plan estrategikoan. Musikarien premiei erantzuteko, orain arteko proiektuak eguneratzen eta berriak sortzen jardun nahi du elkarteak. Hala egingo du, besteak beste, formakuntzaren alorrean. Soinua Iratzarri proiektuarekin ere segituko dute, haurrek musika garaikidearekin «lehen esperientziak» izan ditzaten. Ikasleak eta konpositoreak elkartu, eta piezak sortuko dituzte elkarrekin.

Zabaltzeko helburua

«Euskal musikarien lana nazioartekotzea» izango da elkartearen beste erronketako bat. «Egun musika partekatzen den modua eta abiadura ikusita, ez da erraza, baina baditugu bereizgarriak, eta badugu umil baina harro zabaltzeko moduko musika jarduna». Zabalkunderako plan horretan, Etxepare Euskal Institutuarekin jardungo du elkarteak, Basque Music egitasmoan.

Dinamikak Jarduera Poltsa proiektuaren bidez helduko dira herrietara. Elkartera heldu diren 30 proposamenetatik hemeretzi hautatu dituzte, eta kontzertu didaktikoak, formakuntza jardunaldiak, hitzaldi musikatuak, irakaspen hitzaldiak eta mahai inguruak antolatuko dituzte urtea amaitu bitartean. Musika Bulegoa sariak banatzen ere jarraituko dute, «ibilbideak aitortu eta sortzaile berriak ikusarazteko». 2020ko martxoaren 10ean egingo dute laugarren aldiz, Gasteizen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Zazpi kaletako metro sarrera, Bilbon. ©Aritz Loiola / Foku

Beste 77.200 kasu atzeman dituzte munduan

Berria

OME Osasunaren Munduko Erakundeak emaniko datuen arabera, munduan 1.279.722 COVID-19 kasu diagnostikatu dituzte dagoeneko, atzo baino 77.200 gehiago. Edonola ere, aurreko egunarekin parekatuta, %5 gutxiago dira gehituriko kasuak. Denera 72.716 pertsona hil ditu birusak dagoeneko munduan.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ©Irekia

ELAren eta LABen salaketari buruzko erabakia atzeratu egin du EAEko Justizia Auzitegiak

Jokin Sagarzazu

Urkulluk dio sindikatuek auzitara jo izanak ez duela «inolako justifikaziorik».

Lanbidek Bilbon duen buego bat, aurreko astean ©Luis Tejido (Efe)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna