Hong Kong. Egoera ekonomikoa

Dirua hasi da ihes egiten

Txinako Gobernua enpresariak estu hartzen hasi da protesten aurkako jarrera azal dezaten. Ezbaian geratzen hasi da ea Hong Kong enpresentzako oasia den ala ez.

Demokraziaren aldeko manifestariek Hong Kongeko nazioarteko aireportuko ateak itxi zituzten igandean. JEROME FAVRE / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hegaldiak bussiness klasean eserleku ekonomikoen prezioan, lau izarreko hotelak ostatuen tarifekin, merkataritza guneak erdi hutsik, bat-batean ixten dituzten dendak eta bertan behera geratzen diren biltzarrak. Hong Kongeko protestak luzatzen ari dira jada.

Demokraziaren aldeko manifestarien eta poliziaren arteko istilu etengabeek kalte egiten diote 7,4 milioi biztanleko hiriaren ekonomiari: nabarmen egin du behera iaz Hong Kongeko BPGaren %17,4 sortu zuen turismoak, eta txikizkako salmentak bide bera hartu du. Ohartzerako, munduko hiririk garestiena eskuragarriagoa da —Hong Kongen, batez besteko soldata oso batekin, 18,1 urte behar dituzu etxe bat erosi ahal izateko—.

Hori izan liteke bertako biztanleek protestei esker izan dezaketen abantaila ekonomiko bakarra; etxegintza egoera eskasean dago, eta, Royal Institute of Chartered-ek (RICS) eginiko ikerketa baten arabera, alokairua %2 merkatuko da datorren urtean. Ez dirudi asko, baina galanta da aldaketa, protestak baino lehen aurreikusten zen %3ko igoerarekin alderatuz gero.

Eskaintza berriak bertan behera geratu dira, salmentak txikitu, eta Hong Kongeko bederatzi eraikuntza enpresarik garrantzitsuenen artean 50.000 milioi euroko balioa galdu dute burtsan. Inbertitzaileek nahiago dute dirua beste norabait eraman, eta antzeko zerbait egitea pentsatzen ari dira hongkongdarrik dirudunenak ere. Malaysiak luxuzko programa bat sortu du dirudun horiek euren herrialdera alda daitezen, eta 251 apuntatu dira dagoeneko; ez dira gutxi beste leku batzuetara migratzeko asmoa dutenak ere.

Bestalde, finantza zerbitzuek eta mugaz gaindiko merkataritzak ez dute horrenbesteko harremanik barne ekonomiarekin, eta, ustez, liskarrek ez liekete horrenbeste eragin beharko; BPGaren %18,9 eta %17,5 ordezkatzen dute, hurrenez hurren.

Hong Kongen askatasun osoz mugitzen dira kapitala eta merkantziak. Bertatik pasatu da Txinatik eta Txinarako azken hamarkadan egin diren atzerriko inbertsio zuzenen %60. Hein handi batean, bertan ezarrita dagoen «herrialde bat, bi sistema» ereduaren ondorioa da hori; modu horretara adostu zuten Txinak eta Erresuma Batuak Hong Kong Herri Errepublikara itzultzeko modua. 2047ra arte mantenduko da berezitasun hori.

Txinarako atea

Hong Kong munduko bigarren potentziarako ate bikaina da, baita planetako finantza zentro handienetakoa ere; izan ere, legedi propioa, fiskalitate onuragarria, herrialdeko gainerako lekuekiko abantailak eta diru sistema propioa ditu. Atzerriko milaka enpresak egiten dituzte negozioak han, eta horiek alde egingo duten beldurra du batek baino gehiagok, lekuko gobernuak larrialdi neurriak ezarri eta egoera are eta larriagoa bihurtzen bada. Ez dabiltza oso oker, hori gertatzen hasi baita mugaz gaindiko merkataritzan.

Merkantziak ez dira kapitala bezain erraz mugitzen, eta gehiago eragiten diete aireportuaren itxiera bezalako gertakariek. Biltegi asko dago Hong Kongen, logistika eta merkataritza elektronikoko konpainienak nagusiki.

Orain, ordea, Txinako agintariek kontrol zorrotzak ezarri dituzte aduanetan, eta bertan pilatzen ari dira merkantziak; bidalketen atzerapena gero eta handiagoa da, hilabetekoa jada. Arazoak handitzen jarraitzen badu, eragin izugarriak izan litzake logistikaren sektorean, eta enpresa batzuk hasi dira neurriak hartzen: egiazko aukera bat da biltegiak Txinako beste leku batzuetan kokatu eta stocka bertara bidaltzea. Egoera hori arma ekonomiko oso garrantzitsua bihur liteke Pekinentzat, kalte handia egin baitiezaioke Hong Kongi.

Gobernuak are eta kolpe gogorragoa eman dezake atzerriko konpainiek Txinarekin negozioak egiteko dituzten abantailak murrizten baditu. «Atzerriko enpresa askok, baita ETEek ere, herrialdeko gainontzeko lekuetan jarduteko ezarri dugu egoitza Hong Kongen. Enpresa sortzea edo bankuan kontuak irekitzea askoz eragiketa sinpleagoak dira hemen. Ez dago dibisak aldatzeko mugarik, zergak oso txikiak dira, eta legedia bete egiten da. Baina bai, Pekinek araudia aldatu eta gure jarduna oztopatzen badu, askok ospa egingo genuke», azaldu du bere izena agertzerik nahi ez duen modaren sektoreko enpresari batek.

Presioaren ondorioak

Txina Hong Kongeko multinazionalak estu hartzen ari da. Kasu nabarmena da Cathay Pacific aire konpainia: zenbait langilek manifestazioei babesa adierazteagatik sortu zen eskandalua zela-eta, presidenteak eta kontseilari ordezkariak dimisioa eman behar izan zuten. Pekinek exijitu zuen enpresak eta langileek babes zezatela gobernuaren jarrera, eta zenbait behargin kaleratu zituzten. Konpainiak menpekotasun handia du Txinako trafikoarekin; edozein zigorrek ondorio ekonomiko larriak eragin diezazkieke, eta ez dute arriskatu nahi. Langileek diote enpresaren presioek sortutako egoera euren askatasunaren aurkako eraso bat dela.

Horri lotuta, zenbait komunikabidek zabaldu dute Txinako Gobernua nazioarteko enpresak erabiltzen ari dela Hong Kongen dituzten langileak posizionatzera behartu eta mundu ekonomikoa euren alde jarriko dela ziurtatzeko. Diruak ez du ideologiarik, eta gakoa da gatazka horretan. Pekinek badaki bere asmoak ez baztertzeko adina botere daukala.

Finantza sektoreak izan ditu kalte gutxien. Georg Chmielek, atzerrian higiezin aktiboak erosteko Interneteko webgune bateko buruak, argi du finantza konpainiek ez dutela Hong Kong ez den aukerarik: «Luzera begira hirian edo inguruetan mantentzeak sortuko dituen irabaziek epe laburrean gerta daitekeen edozein galera berdintzen dute», adierazi dio BERRIAri posta elektronikoz. «Hong Kong lekurik onena da, bai Txinan lan egin nahi duten atzerriko enpresentzat, baita atzerrian lan egin nahi duten Txinako enpresentzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.