Bougainville, subirano bilakatzear

Bihar hasiko dira erreferenduma egiten Ozeaniako uhartean, Papua Ginea Berritik bereizi nahi duten edo ez bozkatzeko. Emaitza ez da loteslea izango

Bougainville, subirano bilakatzear.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Demokraziak agerraldia egingo du Ozeania aldeko uharte txiki batean bihartik abenduaren 7ra bitartean. Erreferenduma daukate Bougainvillen, eta 200.000 boto emaile inguruk bi aukera hauen artean egin beharko dute hautua: independentziaren alde egin ala Papua Ginea Berriaren barruan jarraitu, orain baino autonomia handiagoarekin. Abenduan izango da emaitzen berri, eta, gainera, herritarrek aukeratzen dutena ez da loteslea izango, Papua Ginea Berriko Parlamentuak bozkatu egin beharko baitu emaitza onartzen duen edo ez.



Subiranotasuna gauzatzeko aukera hau 2001eko bake akordioan geratu zen jasota. Bougainvilleko Gobernuak —bi urte lehenago sortu zen eta Papua Ginea Berrikoak izenpetu zuten, eta 1989tik piztuta zegoen gerra giroari amaiera eman zion, su-etena 1998an adostu bazuten ere bi aldeek. Dena dela, Bougainvilleko biztanle eta eragile guztiak ez daude ados bi gobernuek lorturiko akordioarekin.

Independentziaren aukerak irabaziko du galdeketan, itxura guztien arabera, eta, uhartean diotenez, botoen %90 baiezkoaren aldekoak izango dira. Irrikaz daude herritarrak boza ematera joateko, aurten bi aldiz zapuztu baitzaie aukera hori. Izan ere, berez, ekainaren 15ean zen egitekoa erreferenduma, baina ez zen gauzatu, eta hurrengo data urriaren 17a zen; orduan ere kale egin zuten. Bihar bukatuko dira atzerapenak.

Bougainville Salomon uharteen inguruan dago, eta ez bakarrik geografikoki. Kulturalki eta linguistikoki ere haren baitakoa litzateke, baldin eta kolonialismoaren garaian banatu zuten bezala banatu ez balute. Louis Antoine Bougainville Frantziako konde, esploratzaile eta nabigatzaileak eman zion izena 1768an, eta alemaniarren esku geratu zen handik ehun urtera. Gero, 1915ean, Australiak okupatu zuen, eta II. Mundu Gerran japoniarren esku egon eta gero, berriz australiarren mendera bultzatu zuten; 1949tik da Papua Ginea Berriko uharte bat.

Bougainvilleko herritarren independentzia nahia ez da gaur goizekoa. 1975eko irailaren 1ean gauzatu zuten aukera politiko hori, eta Salomon Iparraldeko Errepublika izena eman zioten estatuari. Baina hamabost egunera, Papua Ginea Berriak bere gain hartu zuen, eta horrela segitzen du oraindik.

Meategia, gatazka iturri

Bougainville herrialde txiroa da, eta biztanle gehienek ez daukate argindarrik ez eta errepide sare egokirik ere. Baina uhartea bera aberatsa da, Panguako meategia dagoelako bertan. Kobre eta urre erreserba handiak ditu, eta munduko handienetakoa izan da. Orain ez, orain itxita baitago.

Ia hamar urte iraun zuen gerra meategiak sortu zuen. Uharteko herritarrak haserre zeuden lurrak eta ibaiak kutsatzen zizkielako lur azpiko leku horretako jardunak, eta, gainera, beste eskari bat ere bazuten: meategiko aberastasunak banatzen zirena baino hobeto banatzea. Bougainvilleko Armada Iraultzailea sortu, eta meategia ixtea lortu zuten hainbat ekintza armatu eginez. Erantzuna Papua Ginea Berritik heldu zitzaien ekintzaileei, militarrak bidali zituelako gatazkara bertara, eta setiatu egin zuen Papuak uharte osoa. Gatazka armatuaren garaian, 20.000 hildako inguru izan ziren.

Meategia behar-beharrezkoa zuen Papuak; izan ere, diru sarrera publikoen zati handiena bertatik jasotzen zuen. Interes pribatuak ere badira tartean: Australiako Rio Tinto multinazionala da zati handi baten jabe. Papuako Gobernuarena da zati txikiago bat, eta Bougainvillekoak heren bat du bere esku.

Gatazka historiko hau ez da amaitu oraindik, eta Bougainvilleko Gobernuak erabaki du meategia luzaro ez irekitzea, beldur delako ez ote den berriz ere gatazka armatuaren sorburu izango aberastasun iturri den gunea.

Estatu izateko baliabideak

Gobernuaren erabaki horrek badu beste alderdi bat, hala ere. Independentzia gauzatuko balitz, gai ote da Bougainville estatu izateko nahiko baliabide ekonomiko biltzeko? Meategia beharko luke horretarako, baina han inguruan bizi diren herritarrak ez daude prest lehengora itzultzeko.

Meategi inguruak bake prozesuarekin bat egin ez zuen Mekamuiko Gobernu Batasunak dauzka kontrolpean. Talde horrek, dena dela, hau esan berri du: «Bake ituna ez bagenuen onartu ere, armak utziko ditugu, erreferenduma egiten den garaia eta ondorengoa errespetatzen dugulako. Orain esan dezakegu gerra bukatu dela».

Erreferendumaren emaitzak bide luzea izango du oraindik ere erabat gauzatu arte, eta ez soilik Papuako Parlamentuak onartu behar duelako. Hogei bat urteko trantsizioa aurreikusten dute bozen emaitzek ekarritakoa gauzatzeko, autonomia handiagoa edo independentzia izan.

Meategiak ere izango du eragina uhartearen etorkizunean, haren baitako interes ekonomikoak handiak diren neurrian. Boza ematean urrats bat egingo dute Bougainvilleko herritarrek, baina ez dira pauso erabakigarriak izango. Izan ere, gero bide luze bat izango dute aurretik, eta, itxura guztien arabera, malkartsua izango dela ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.