Grebaren atarian, negoziazioak amaitutzat jo ditu Parisek

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak bihar aurkeztuko du pentsio sistemaren erreforma, eta zehaztuko du noiz jarriko den indarrean

Parisko metroa jendez lepo, atzo, greban segitzen dutelako trenbideetan. YOAN VALAT / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bukatu da eztabaida. Udaz geroztik pentsio sistemaren erreformaren inguruan gizarte eragileekin hasitako elkarrizketa sorta amaitutzat jo du Frantziako Gobernuak. Bihar aurkeztuko du legegaia Edouard Philippe lehen ministroak, eta, bere aurreikus- penak betetzen badira, legebiltzarrak datorren urtearen erdialdera onartuko du. Diputatuen aldetik baino gehiago —Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxan alderdiak gehiengo osoa du Frantziako Asanblean—, eragozpenak herritarren aldetik etor daitezke: osteguneko protesta arrakastatsuaren ondoren, sindikatuek beste greba eta manifestazio egun batera deitu dute gaurko.

Eztabaidaren itxiera Agnes Buzyn Elkartasun eta Osasun ministroak eta Jean Paul Delevoye erretiroaren erreformari buruzko goi komisarioak eman zuten, atzo arratsaldean. Sindikatuetako eta patronaletako ordezkarien aurrean aurkeztu behar zituzten negoziazioaren emaitzak. Alferrikako bilera zela iritzita, greba bultzatzen ari diren sindikatuek, CGTk eta FOk, ez zituzten beren buruzagiak bidali bileretara, bigarren mailako ordezkariak baizik.

Ez zen egun ona izan Delevoyerentzat; haren sinesgarritasuna auzitan geratu zen, jakin baitzen lotura duela pentsio publikoen higatzeko interesa izan dezakeen sektore batekin, aseguru etxeekin. Zehazki, Le Parisien egunkariak ziurtatu zuen Delevoye Ifpass aseguru etxeetako langileen formakuntzarako institutuko administratzailea zela, baina ez zuela horren berri eman ordezkari publiko gisa aurkeztu beharreko interes partikularren aitorpenean.

Delevoyek garrantzia kendu zion kargu horri, esanez ohorezkoa zela eta hiru bileratan baizik ez zuela parte, baina dimisioa eman zuen. Sindikatuek eta oposizioak aseguru etxeetako interes pribatuen alde jokatu izana aurpegiratu zioten Delevoyeri.

Noiz jarriko da indarrean?

Jakinak dira Phillippek bihar aurkeztu behar duen erreformaren gako nagusiak: 42 erretiro sistema desberdinak desagertuko direla eta sistema bakar bat izango dela langile guztientzat; lan bizitzan kotizatutako euroen araberako pentsioa jasoko duela erretiroa hartzen duen langileak; erretiroaren adin ofizialak 62 urtean jarraituko duela eta gutxieneko pentsio bat finkatuko duela gobernuak. Phillippek argitu beharko du, berriz,erreforma noiz ezarriko den eta ze urtean jaiotakoak izango diren lehenak sistema berria erabiltzen. Protestak baretze aldera, gutxienez 2025. urtera arte itxarotea aztertzen ari dira Parisko agintariak.

Ikusteko dago lehen ministroaren xehetasunek zer eragin duten aurkako mugimenduan. Atzo trenbideetan nabaritu zen batik bat protesta, eta bereziki Paris inguruan. Tren eskasiaren ondorioz, 600 kilometrotik gorako auto ilarak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.