Etxeetako elikagai hondakinak %50 murriztu nahi ditu Madrilek

Ekonomia Zirkularrerako Estrategia eta hondakinen lege proiektua onartu ditu Espainiako Gobernuak. Plastiko gutxiago erabil dadin, iturriko ura doan emango dute tabernetan

Hondakinak murriztea jarri du helburu Madrilek; irudian, Getxoko edukiontzi batzuk 2015ean, garbitzaileak greban zeudenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako etenaren ondoren, lege egutegia berriro jarri du martxan Espainiako Gobernuak, eta prozesu horretan protagonismo berezia hartzen ari da Teresa Ribera lehendakariordearen Trantsizio Ekologikorako Ministerioa: orain bi aste klima aldaketaren lege egitasmoari lehen onespena eman zion Ministroen Kontseiluak, eta atzo hondakinen lege proiektua eta Ekonomia Zirkularrerako Estrategia onartu zituen. Hain justu, koronabirusaren osteko «suspertze ekonomikoarekin» lotuta, Erabili, kontsumitu eta bota leloan oinarritutako eredua alboratu nahi du Madrilek, eta «iraultza berdea» sustatu. Hala, hondakin gutxiago sortzeko, ura eraginkortasunez erabiltzeko, elikagairik alferrik ez galtzeko eta erabilera bakarreko plastikoak debekatzeko neurriak jaso ditu, besteak beste.

Hondakinei eta Lur Kutsatuei buruzko lege proiektua Kongresura eta Senatura bideratuko du orain gobernuak, eta datorren urtearen hasieran onartzea espero du. «Lehengaiak askoz hobeto aprobetxatu behar ditugu, ahalik eta gehien erabiliz eta kontsumoa murriztuz; hala, eraginkorragoak izango gara, eta ingurumenaren mugekiko begirune handiagoz arituko gara», esan du Riberak.

Hona hemen legean eta estrategian jasotako punturik esanguratsuenak:

HONDAKIN GUTXIAGO

«Hondakinen arloko edozein politikaren helburu nagusia izan behar da ahalik eta gehien murriztea hondakinok sortzeak eta kudeatzeak gizakien osasunean eta ingurumenean duen eragina», dio lege testuak. Hala, eskumena duten administrazioek neurriak hartu beharko dituzte zabor gutxiago sortzeko eta materialak berrerabiltzeko. 2030. urterako xede zehatz batzuk ezarri ditu gobernuak: 2010eko datuekin alderatuta hondakinen produkzioa %15 gutxitzea eta materialen kontsumoa %30 murriztea BPGarekiko proportzioan. Alferrik galtzen diren elikagaietan ere jarri du arreta: %50 gutxitu nahi ditu etxeetan eta txikizkako kontsumoan, eta %20 produkzio eta banaketa kateetan. Horren ondorioz, hondakin kudeaketak sortzen dituen gas isuriak hamar milioi CO2 tonatik jaistea espero du Riberak.

ISUN ZORROTZAGOAK

Hondakin arriskutsuak kontrolik gabe botatzeagatik edota kudeatzeagatik zigor gogorragoak ezarriko ditu legeak, baita pertsonen osasuna edo ingurumena arriskuan jartzeagatik ere: bi milioi eurorainoko isunak proposatu dituzte.

PLASTIKOEI, ZIGORRA

Europak begiz jota dauzka erabilera bakarreko plastikoak, besteak beste, ibaietara eta itsasoetara iristean eragiten duten kalteagatik, eta horiek debekatzeko agindua jaso du Madrilek lege proiektuan: 2021eko uztailaren 3tik aurrera Hego Euskal Herrian ezingo dira saldu plastikozko mahai tresnak, lastotxoak, kotoi zotzak —osasun eremuan izan ezik—, puxikei eusteko makilak, poliestireno hedatuarekin eginiko ontziak eta mikroplastikoak dituzten produktu kosmetikoak, adibidez.

Horrez gain, zigor handiagoak ezarriko zaizkie erabilera bakarreko plastikozko ontziei, zerga bidez: kilogramoko 0,45 euro ordaindu beharko dute ekoizleek. Eramateko janari eta edari ontziei eragingo die neurri horrek: 2023tik aurrera, ezingo dira doan eman, eta 2030erako %70 gutxitu nahi ditu gobernuak.

URA, DOAN TABERNETAN

Desagerrarazi beharreko ontzi horien artean daude plastikozko botilak: herritarrek horiek itzultzea nahi du du gobernuak, eta helburu gisa jarri du %90 bereizita jasotzea 2029rako, nahiz eta ez duen zehaztu nola bilduko lituzkeen botilak. Era berean, iturriko ura kontsumitzea sustatu nahi du. Administrazio publikoek iturriak jarri beharko dituzte beren egoitzetan, edo behin baino gehiagotan erabil daitezkeen ontzietan eskaini beharko dute ura. Tabernetan, berriz, doan eman beharko dute iturriko ura; neurri hori 2021 hasieran egon daiteke indarrean, ministroaren arabera.

GAIKA BILTZEKO FLUXUAK

Orain arte gaika biltzen den zaborraz gain, bestelako hondakin batzuk ere bereizita biltzera behartu nahi du Madrilek: arropa, etxeko hondakin arriskutsuak, sukaldean erabilitako olioa... Era berean, zabor organikoa bereizita biltzeko modua jarri beharko dute udalek, 2022tik aurrera 5.000 biztanletik gorako herrietan, eta 2024tik aurrera 5.000 biztanle baino gutxiagokoetan.

ZABORREN «TURISMOA»

Ekonomia zirkularrerako bidean, «politika fiskal egokia» ezarri behar dela adierazi du Riberak. Izan ere, estrategian gogora ekarri dute zerga gutxitan hartzen dela kontuan ingurumenaren aldagaia, eta horrek eragiten duela zaborren «turismo» deiturikoa: hondakinak erkidego batetik bestera garraiatzea, zabortegira botatzeko prezio merkeenen bila; testuak ohartarazi du halako jardunek gas emisio handiak dakartzatela eta «legez kanpoko praktikak» ahalbidetzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.