Venezuelak aske utzi ditu preso zeuden oposizioko 25 diputatu

Nicolas Maduroren gobernuak barkamena eman die espetxean zeuden 110 presori. Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidenteak «iruzurtzat» jo du erabakia

Gilber Caro oposizioko diputatua hedabideen aurrean agerraldia egiten, espetxetik atera berritan, atzo, Caracasen. RAYNER PENA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak indultua eman zien atzo kartzelatutako 110 presori; besteak beste, oposizioko hainbat diputatu, legegile, sindikalista, kazetari eta gizarte eragileri. Modu horretan, bi aldeak «adiskidetzeko» ahalegintzat aurkeztu du kide horien askapena. Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio eta Komunikazioko ministroak telebista publikoaren bidez eman du erabakiaren berri. «Venezuelan bakea eta adiskidetzea lortzeko lan egingo dugu, baita demokrazia sendotzeko ere». Indultu horien bitartez, Venezuelako arazoak herrialdean bertan konpondu ahalko direla esan du.

Espetxetik atera diren 110 presoen artean, oposizioko 25 diputatu eta lau ordezko daude. Horien artean daude, besteak beste, Juan Pablo Guanipa Asanblea Nazionaleko lehen presidenteordea; Henry Ramos Allup, 2016an parlamentuko burua izan zena; eta Freddy Guevara, Juan Guaidoren VP Herri Borondatea alderdiko aurpegirik ezagunenetako bat. 2017an, Txilek Venezuelan zuen enbaxadan asilo politikoa jaso zuen Guevarak. Gobernuak, bestalde, «barkamena» eman die baita erbestean edo klandestinitatean zeuden oposizioko kideei ere, hala nola, Roberto Marrero, Guaido oposizioburuaren kabineteko buruari.

Diputatuez harago, Nicmer Evans politologoari ere indultua eman diote. Venezuelako ofizialismotik urrundu zen, eta Hugo Chavez presidente ohia hil ondoren, oposizioko zerrendetan sartu zen. Uztailaren 13an, Kontrainteligentzia Militarreko Zuzendaritza Nagusiak atxilotu zuen, eta ordutik espetxean egon da.

Indultatuen zerrendatik kanpo geratu dira, besteak beste, Venezuelako oposizioan oihartzun handia duten zenbait politikari, Leopoldo Lopez —Espainiako enbaxadan dago, Caracasen— eta Henrique Capriles, Justizia Lehenengo alderdiko burua eta 2017tik hamabost urteko inhabilitazio zigorra betetzen ari dena.

Gobernuak oposizioko kideei barkamena emateko erabakia, hain justu, abenduaren 6an egingo dituzten hauteskunde parlamentarioetarako hautagaien zerrendak aurkezteko deialdia itxi baino egun gutxi batzuk lehenago hartu du. Halere, Venezuelako oposizioko gehiengoak urte amaierako bozak «auzitan» jarri ditu. Uste dute ez direla hauteskunde «askeak» eta «garbiak» izango. Gainera, gobernuak hartutako erabakia ez dute begi onez ikusi espetxean egon diren askok. Izan ere, oposizioko kideek ez dituzte aitortu egozten zitzaizkien delituak, ezta Madurok presidentetzan duen «zilegitasuna» ere.

Rodriguezek, bestalde, aditzera eman du espetxetik atera diren oposizioko kideek datorren abendurako aurreikusten dituzten hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dutela. «Denok dugu Parlamentu Nazionalerako hautagai izateko edo ez izateko eskubidea; beraz, ez dago inolako baldintzarik bidea oztopatzeko», nabarmendu du.

Erreakzioak

Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak«iruzurtzat» jo du gobernuak hartu duen erabakia, eta oposizioa «zatitzea» nahi duela leporatu dio Madurori. «Erregimenak gatibu hartuta zeuzkan, eta jazarpena pairatu duten hainbat preso politiko aske utzi ditu. Erregimen diktatorial baten eta Asanblea Nazionalaren aurkako erasoaren erakusgarri da», salatu du bere Twitter kontuan. Guaidoren ustez, haiek aske utzi izanaren arrazoia gobernuak egin dituen mugimenduak «legitimatzea» izan da. Horrez gain, abenduko hauteskundeak «engainutzat» jo ditu. «Engainatu nahi gaituzte, baina ez gara eroriko», azpimarratu du. Gauzak horrela, ziurrenik, oposizioko alderdi nagusiek —VP Herri Borondatea, Justizia Lehenengo, Ekintza Demokratikoa eta Garai Berri Bat— abenduko hauteskundeak «boikotatzeko» deia egingo dute, Guaido buru dela.

Vepexx Erbestean dauden Politikari Venezuelar Jazarrien Erakundearen arabera, bestalde, «higuingarria» eta «gaitzesgarria» izan da oposizioaren aldeanpolitikariak Maduroren «diktadurarekin» bat egitea, hauteskundeetan parte hartzeko. Miamin (AEB) egoitza duen erakundeko presidente Jose Antonio Colinak nazioarteko komunitateari dei egin dio abenduko hauteskundeak aintzat ez hartzeko, eta bozetan parte hartzen dutenak zigortzeko. «Maduro etsita dago nazioarteak ez diolako aitortza ematen, eta ekintza iruzurtiak egiten ditu», dio Colinak.

Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak, berriz, babestu egin du gobernuaren erabakia. Alderdiaren ustez, sektore nazional guztiekin elkarrizketa «eraikitzaile» eta «emankorra» izateko jarrera erakutsi du Maduroren gobernuak, baita «bakea lortzeko eta herriaren aldeko defentsa» egiteko asmoa ere.

Albisteak nazioartean ere izan du oihartzuna. Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak «berri ontzat» jo du oposizioko hainbat kideren askapena. Haren arabera, gobernuak hartutako erabakia urrats garrantzitsua izan da abenduan aurreikusita dauden hauteskunde «aske, inklusibo eta gardenak» egin ahal izateko. Bide beretik jo du Michelle Bachelet NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak ere. «Erabaki horrek herrialdean eremu demokratikoa irekitzeko bidea emango du, baita giza eskubideen egoera hobetzeko ere». Arantxa Gonzalez Espainiako Atzerri ministroak ere «begi onez» hartu du Maduroren erabakia, eta hauteskundeak egitearen beharra nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.