Euroa, digitala izan ala ez izan

Trantsizio digitala bizkortzen ari dela, eta ager daitezkeen beste dibisa digitalek haren eragin ahalmena murriztu dezaketelako kezkatuta, EBZ azterketa bat egiten ari da.

Euro baten irudia, Europako Banku Zentraleko egoitzaren aurrean, Frankfurten. BERND KAMMERER / EFE.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Uneotan Europako Banku Zentralak esku artean dituen lanen artean dago euro digitala, hura jaulki ala ez aztertzea. Urri hasieran txosten bat plazaratu zuen diru digital bat sortzeko beharren eta moduen inguruan, eta ordutik zabalik dago gaiari buruzko sei hilabeteko kontsulta epea.

ZERTARAKO?

EBZk hainbat jokaleku aipatu ditu, zeintzuetan lagungarria litzatekeen euro digitala existitzea. Hasteko, uste du diru digital propioa oso baliagarria izan daitekeela Europako ekonomia digitalizatzeko, eta, era berean, garrantzitsua izan daitekeela munduan oso bizkor aldatzen ari direlako ordainketarako eta trukerako moduak.

Pandemiak lehen zetozen joerak bizkortu ditu arlo horretan ere, eta eskudiruaren erabilera txikitu egin da hainbat tokitan, ordainketa elektronikoen mesedetan. Horrekin, gerta daiteke eskudiruz egindako operazioetarako eta ordainketetarako azpiegiturak eta moduak gero eta gutxiago izatea, eta, aldi berean, ordainbide elektronikoak soilik arlo pribatutik garatutakoak eta kudeatutakoak izatea.

Horrek, besteak beste, higatu egin dezake banku zentralek diru politika egiteko duten gaitasuna. EBZren ustez, euro digitala beharrezkoa litzateke, hortaz, banku zentralaren egitekoak direnak —prezioen egonkortasuna, nagusiki— bete ahal izateko arlo digitalean ere. Kezka hor dago, kriptodiruen eta ekimen pribatuko beste diru digitalen arrakastak ez ote lukeen EBZren boterea kamustuko.

TXANPONAK ETA BILLETEAK

Ordainketak eta transakzio ia guztiak bide digitaletatik egingo liratekeen jokaleku horretan, gainera, gerta daiteke herritarren zaurgarritasuna oso handia izatea, eta ez soilik online jartzeko arazoak izan ditzakeen jendearentzat; zibererasoren batek edota hondamendi naturalen batek eten egin ditzake txartel bidezko ordainketak, lineako bankuak eta kutxa automatikoak, eta herritarrak eta enpresak transakzioak egiteko ahalmenik gabe utzi.

Euro digitalarekin, neurri batean saihestuko litzateke hori gertatzea, diru digital hori beti euro txanponen eta billeteen osagarri izango litzatekeelako. Izan ere, diru fisikoak dituen ezaugarri bereziak ere mantentzea garrantzitsua dela dio EBZk, eta aipatu ditu ezagutza teknologia txikiko erabiltzaileak, transakzioen pribatutasuna, eta eskudiruak azpiegitura teknikorik gabeko egoeretan duen erabilgarritasuna.

ZERGATIK?

Badago, dena den, beste arrazoi pisuzko bat EBZk euro digitala bultzatzeko: lehia. Diru digitalen inguruko egitasmoak gero eta gehiago dira. Hor daude, dagoeneko, banku zentralen eta erakunde zentralizatuen kontrolpetik at dauden kriptodiruak (bitcoin, ethereum...). Baita sustatzaile pribatuek abian jarri nahi dituztenak ere. Horietan ezagunena da, ziurrenez, Facebooken lbra diru digitala.

Hain zuzen, Mark Zuckerberg-en libra akuilua izan da munduko banku zentraletan interesa pizteko diru digitalen inguruan. Librak diruaren funtzionamendua bera aldatzeko gaitasuna duela diote analista batzuek. Eta mehatxua ikusita, banku zentralak eurak ere hasi dira diru digitalekin esperimentatzen. Suediako Riksbank, Suitzako Banku Nazionala... Txinako Herritarren Bankua, bi urte barru, gai izango omen da yuan digitala jaulkitzeko.

Arriskua hor legoke, beraz, euroguneko herritarrek eta konpainiek Europaz kanpotik kontrolatutako diru digitalen alde egiteko, euro digitalik ez badago edo berandu badator.

ZER DA?

Baina zer izango litzateke euro digitala? Legezko diru birtual bat litzateke, txanponen eta billeteen bertsio elektronikoa, eta Europako Banku Zentralak bermatua. Hortaz, bitcoin eta halakoak ez bezala, CBDC diru bat litzateke (Central Bank Digital Currency).

Hori bai, bitcoinen eta beste kriptodiruen oinarrian dagoen blockchain teknologia erabiliko da euro digitalaren jaulkipenak eta transferentziak egiteko.

Labur azalduta, erregistroekin iruzurra egitea ezinezko bihurtzen duen kontu liburu publiko moduko bat da blockchain-a. Informazio blokeekin kate bat osatzean datza, sare batean banatuta dauden nodo guztien oniritziarekin. Nodo horiek guztiek dute katearen kopia, eta, beraz, ezin da bloke batean informaziorik aldatu edo ezabatu katean atzetik datozen bloke guztiak aldatu gabe.

BANKUAK

Bankuen jardunean eragina izango luke euro digitalak. Hasteko, herritar partikularrek lehen aldiz aukera izango lukete zuzenean EBZn gordailuak izateko. Eta eskudirua bezala, euro digitala diru zorro digital batean banku sistematik at biltzeko aukera izango litzateke.

Txikizkako negozioan ari diren bankuek euren negozioan zenbaterainoko galera izan dezaketen aztertuko du EBZk, baita zenbaterainoko arriskua dagoen ere krisiren batean jendeak euro digital seguruago baterantz ihes egiteko. Hori eragozteko, herritar bakoitzak izan edo alda ditzakeen euro digitalen kopurua mugatzea da EBZ aztertzen ari den proposameneko bat.

EPEAK

Euro digitalaren inguruan azal daitezkeen arazo eta arrisku guztiak ondo aztertu behar ditu EBZk, eta denbora hartuko du lan horretarako. Sei hilabeteko kontsulta epeaz gain, gutxienez beste urte eta erdi bat beharko du ikerketa faserako. Eta, gero, hautatu den diseinuaren arabera, agian beste bi urte joango dira hura garatu ala ez erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.