Abdul Ghani Baradar mulla izango da talibanen gobernuburua

Akhundzada izango da buruzagi erlijioso gorena, eta 25 ministerioz osatutako gobernu bat izango du bere menpe, integristek eurek zabaldu dutenez. Pekinek zabalik mantenduko du enbaxada

Emakumeak gobernuan sartzearen aldeko protesta bat, atzo, Kabulen. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Data zehatzik jarri ez bazioten ere, atzeratzen ari da talibanek gobernuaren osaera iragartzeko egitekoa duten agerraldia. Zenbait hedabide hasiak dira zabaltzen atzerapenaren arrazoia euren arteko botere lehia edota gainerako eragile politikoekin izan beharreko negoziazioen inguruko desadostasunak direla.

Bada jakin-mina handitzea beste asmorik ez dutela dioenik ere, baina hipotesi horri indarra kentzen dio talibanek zenbait kargudunen izenak hedabideetara filtratu izanak. Reuters berri agentziak atzo jakinarazi zuen Abdul Ghani Baradar mulla izango dela gobernuburua, eta haren albokoak izango direla Mohammad Yaqoob, Mohammed Omar talibanen sortzailearen semea, eta Sher Mohammad Abbas Stanikzai, talibanen Dohako bulego politikoko burua. Haibatullah Akhundzada izango da, berriz, integristen buruzagi erlijioso gorena.

Organigramaren ezaugarriak ere eman zituen berri agentziak. Gobernua 25 ministerioz osatuta egongo litzateke, eta ministro kontseiluak hamabi lagunez osatutako shura batekin kontrastatuko lituzke erabakiak islamismo sunitaren barruko erabakigune bat da shura, komunitateko ordezkariek osatua—. Horrez gain, batzorde handiago bat osatzea ere aurreikusten dute, Afganistango herritarren ordezkari gisa arituko dena, eta konstituzioaz eta gobernuaz erabakiak hartu beharko dituena.

Talibanek erantzun beharreko galdera nagusietako bat da ea gainerako indar politikoei lekurik egingo dieten gobernuan. Baradar bera negoziazioen buru jarri izanak piztu zuen horren itxaropena, talibanetatik harago babesa bilatzearen aldekoagoa izan zitekeelakoan, eta hamaika bilera egin ditu egunotan Kabulen indar horien ordezkariekin. Hala ere, elkarrizketa horiek talibanek euren alderik irekiena eta progresistena erakusteko egindako saiakera bat izan direla ohartarazi dute zenbait hedabidek, eta, bitartean, Kandaharren hartu dituztela gobernuaren inguruko erabaki behinenak, Akhundzadaren gidaritzapean.

Nazioarteko komunitateak eskatua die talibanei «gobernu inklusibo» bat osatzeko. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak berriz gogorarazi zuen atzo «gainerako indar politikoekin negoziatutako trantsizio gobernu inklusibo» bat osatzea izango dela talibanei aitortza egiteko baldintzetako bat.

Mendebaldearen onespena bezain garrantzitsua da talibanentzat Txinaren eta haren aliatuena, ordea, eta alde horretatik badirudi aurreratuago dabiltzala. Mohamad Naim talibanen Dohako bulegoko eledunak herenegun jakinarazi zuen Maulvi Abdul Salam Hanafi talibanen atzerri gaietarako bozeramaileak hizketaldi bat izan zuela telefonoz Wu Jianghao Txinako Atzerri ministrordearekin, eta azken horrek ziurtatu ziola zabalik mantenduko dutela Kabulgo enbaxada. Talibanekin harremana sendotuko dutela ere esan bide zion, Naimen arabera. Txinako Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen talibanek Atzerri ministroari ziurtatu ziotela Pekinen interesak defendatuko dituztela.

Panjxir, gudaleku

Talibanek borrokan jarraitzen dute militarki garaitu gabeko Afganistango probintzia bakarrean, Panjxirren. Ahmad Massudek zuzendutako eskualde horretan, Afganistango Erresistentzia Frontea milizia gotortuta dago, baina Zabihula Muyahid talibanen bozeramaileak jakinarazi zuen Shutul barrutia hartu zutela, eta ahalegin horretan haiei aurre egindako 30 lagun baino gehiago hil zituztela. Afganistango Erresistentzia Fronteko bozeramaile Fahim Dashtik gezurtatu egin zuen Shutul galdu izana, eta esan zuen milizianoek talibanen erasoa geratu zutela, hainbat taliban zaurituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.