Libiako boterea berriz bitan zatitzea eragin du parlamentuko bozketak

Ordezkarien Ganberak Fathi Baxaga Barne ministro ohia aukeratu du behin-behineko gobernuburu kargurako. Bozketa horren aurretik, Dbeibahren kontrako «hilketa saiakera bat» egin dute, Tripolin

Fathi Baxagha —eskuinean—, 2020an, Italiako Atzerri ministro Luigi Di Maiorekin bildu zenean. MASSIMO PERCOSSI / EFE.
ander perez zala
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Krisi politikoa larriagotu egin da Libian, Ordezkarien Ganberak egindako bozketaren ondoren. Abdul Hamid Dbeibah behin-behineko lehen ministroak bezperan adierazi zuen arren ez zuela bere ordezkorik onartuko, diputatuek aurrera jarraitu dute beren bide orriarekin, eta, atzo, Fathi Baxagha hautatu zuten gobernuburu kargurako. Parlamentuaren erabakiak azken urtean egonkortasun politikoari begira egindako lana zapuztu lezake, botere politikoa berriz ere bitan zatituta geratu baita.

Baxagharen aho batezko izendapenak botere borroka bat eragingo du datozen egunotan, diputatuek gobernua osatzeko agindu baitiote, baita hamar egun barru horri buruzko konfiantza mozio bati aurre egiteko ere. Hau da, ezer aldatu ezean, aste eta erdi barru bi gobernu izango dituzte Libian: GNU Batasun Nazionaleko Gobernua, eta Baxaghak eratu behar duen GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernua.

Ordezkarien Ganberak hautaturiko politikaria Barne ministro izan zen 2018tik 2020ra, eta Dbeibahrekin batera lehiatu zen GNUko lehen ministro izateko bozketan, iragan urteko martxoan. Politikan izan aurretik, Libiako armadan egon zen, eta gudu hegazkinen pilotuen irakaslea izan zen.

Polemikaz beteriko eguna izan zen atzokoa, Aguila Saleh parlamentuko presidenteak bozketaren aurretik jakinarazi baitzuen beste lehiakideak, aholkulari izandako Khalid al-Baibasek, hautagaitza erretiratu zuela; horren harira egin zuten diputatu guztiek Baxagharen alde. Horren ostean, baina, Al-Baibasek esan du ez zuela halakorik agindu, eta Salehri egotzi dio gezurra esatea.

Bozketaren aurretik, gainera, Dbeibahren kontrako eraso bat egin zuten Tripolin, hura zeraman auto bati tiro eginda; The Libya Observer-en arabera, «hilketa saiakera bat» izan zen, eta ez zuten inor zauritu. Fiskaltzak ikerketa bat ireki du jada, erasotzaileak nortzuk diren argitzeko.

Libiako behin-behineko lehen ministroak behin eta berriz esan du GNUren baliozkotasunak bere horretan jarraitzen duela, eta agintean segituko dutela «egiazko bozak» egin arte. Data ere jarri du horretarako: datozen ekainerako nahi ditu, hilabete horretan amaitzen baita NBE Nazio Batuen Erakundeak sustaturiko prozesuko ordezkariek haren gobernuari emandako agintea.

Ordezkarien Ganbera ez da iritzi berekoa, defendatzen baitu iragan abenduaren 24an amaitu zela haren zilegitasuna, egun horretan baitziren egitekoak presidentetzarako eta parlamenturako bozak. Baina, desadostasun politikoak eta segurtasun arrazoiak argudio hartuta, lehenik topaketa hori hilabete atzeratu, eta gero data finkorik gabe utzi zuten.

Horretaz aritu zen herenegun NBEren bozeramaile Farhan Haq, Libiako politikariei ohartarazi baitzien herrialdea «nahaspilara eta desadostasunera itzuliko» dela erakundeak «bikoiztuz gero». Izan ere, Haqen iritziz, ez da aurrerapausorik izan «urteotako etsaitasuna» gainditzeko helburuan: «Aurrera egiteko modua gobernu elkartuago bat izatea eta banku sistema batuago bat izatea da. Bozek balio behar dute herrialdeko batasuna indartzeko».

Hamar urte pasatxo dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. Dbeibahren gobernua NBEk sustaturiko prozesu baten ondoren aukeratu zuten, joan den urteko martxoan, eta herrialdearen mendebaldean dago kokatua, Tripoli hiriburuan; Ordezkarien Ganbera, berriz, %18ko parte hartzea izan zuen 2014ko hauteskundeen ondoren osatu zuten, eta ekialdean dago kokatua, Tobruken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.