Eskualde lehiakorrena egitea xede

Barack Obamak Etxe Zurian hartu du Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea.

Kuba, energia eta immigrazioari buruz hitz egin dute
Etxe Zuriaren aurrean Peña Nietoren aurka protesta egiteko bildutako manifestariak.
Etxe Zuriaren aurrean Peña Nietoren aurka protesta egiteko bildutako manifestariak. SHAWN THEW / EFE

Adrian Garcia -

2015eko urtarrilak 7
Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak lehen aldiz bisitatu du Barack Obama AEBetakoa Etxe Zurian. Bi herrialdeen elkarlana sustatzeko helburuarekin elkartu dira. Segurtasuna, justizia, immigrazioa, energia, merkataritza eta Kuba izan dituzte hizpide bi agintariek. Petrolioaren prezioaren beherakada aipatzean, Joe Biden AEBetako presidenteordeak iragarri du eskualdea munduaren energia erdigunea bihur daitekeela. Segurtasuna, immigrazioa eta Kuba izan dira gailurrean hitz egin dituzte beste bi gai nagusiak. 3.140 kilometro luzerako muga partekatzen dute bi herrialdeek, eta egunero milioi bat lagunek eta 300.000 kamioik baino gehiagok gurutzatzen dute.

Obamak Kubarekiko «politika eraikitzaileago bat» egitea defendatu du, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak normaltzeko. Peña Nietok, bestalde, Obama zoriondu du «erabaki ausart» horrengatik, eta ziurtatu du AEBen eta Kubaren arteko adiskidetasuna sustatuko duela.

Halere, AEBetako presidenteak esan du Ameriketako Goi Bileran demokraziaren, askatasun politikoen eta giza eskubideen defentsan «indarra» jarriko duela. Kubako ordezkariak eta Obama parte hartzekoak dira bilera horretan.

Peña Nietok azaldu duenez, narkotrafikoaren aurka «eraginkortasun handiagorekin» jardutea da Mexikoren lehentasuna, eta Washingtonen laguntza logistikoa eta elkarlana eskertu du Mexikoko presidenteak. 2007an sinatu zuten bi herrialdeek Merida Initiative akordioa, George W. Bush eta Felipe Calderon gobernuan zirela. Ordutik 2.000 milioi dolar —1.676 milioi euro— baino gehiago eman dizkio Washingtonek. Baina Human Rights Watchek salatu duenez, laguntza horren zati bat giza eskubideen errespetuari baldintzatuta egon beharko luke. Besteak beste, Ayotzinapako 43 ikasle desagerrarazi zituztenetik Peña Nieto presidentearen politikak protesten jomugan egon dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna