Gizonek baino 7.700 euro gutxiagoko soldatak dituzte andreek urtean

LAB sindikatuak egin duen ikerketa baten arabera, emakumeek egiten dituzte lan partzialen %78. Sindikatuak salatu du enpresa askok ez dutela berdintasun planik
LABeko idazkaritza feministako kideak, atzo, Bilboko egoitzan.
LABeko idazkaritza feministako kideak, atzo, Bilboko egoitzan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 21
«Soldata arrakalan ez da aldaketarik egon azken hamar urteotan, eta arazoa egiturazkoa bihurtzen ari da». Arantxa Vazquez LABeko idazkaritza feministako kidea da, eta atzo kezka azaldu zuen emakumeek irabazten duten soldatan dagoen aldeagatik. «Egoera bideratzeko ez delako ezer egiten». Ikerketa egin du sindikatuak, eta, emandako datuei begiratuz gero, baieztapen hori agerian geratzen da. Hego Euskal Herriko emakumeek batez beste gizonek baino 7.700 euro gutxiago jasotzen dute urtean soldatetan, eta, ordain hori berdintzeko, emakumeen soldatek %33 handiagoa beharko lukete. Horregatik zioen Vazquezek egoera ez dela bideratzen ari, generoen arteko aldea handia delako oraindik.

Kontratu motei begiratuz gero, beste horrenbeste gertatzen da, Hego Euskal Herrian emakumeek baitituzte enplegu partzialen %78. Emakumeen artean ere handiagoa da behin-behinekotasun tasa: %28 andreen artean, eta %23 gizonen artean. «Hori guztia etxeko langileen egoera kontuan hartu gabe; haiek estatistiketan txertatuz gero, soldata arrakala askoz handiagoa izango litzateke», Vazquezen arabera.

Sindikatuko idazkaritza feministak Hego Euskal Herriko gutun bat bidali du 284 enpresatara soldata arrakalaren inguruko informazioa eskatzeko. Azterketa horretan, besteak beste, honako galdera hauek egin dizkie enpresariei: nola dagoen banatua langile multzoa, gizon eta emakumeen soldataren batez bestekoa, kontratu partzialetan emakumeek zer presentzia duten, behin-behineko kontratuak nori egiten zaizkion eta zuzendaritza karguetan dauden emakumeen batez bestekoa. 284 lantokietatik 43k bakarrik erantzun zioten LABen galdetegiari. «Erantzun dutenen artean, ordea, ez dute adierazi soldata arrakala zenbatekoa den».

Berdintasun plan gutxi

2007tik, berdintasun plana egin beharra daukate 250 langile baino gehiago dituzten enpresek, baina errealitateak bestelako datu batzuk utzi ditu agerian. «Industriaren kasua oso aipagarria da, gehiago kobratzen den sektorea izanda emakume gutxiago baitaude», Vazquezen arabera. 250 langile baino gehiago dituzten enpresa industrial gehienetan ez dago berdintasun planik, eta hala daukatenek ere «ez dute betetzen». Horren adibidetzat jarri du, esaterako, Volkswagen. Iruñeko Landaben industria gunean dagoen lantegiak berdintasun plana eduki arren, ez du betetzen, eta horregatik salaketa bat dauka lan ikuskaritzan.

Horren guztiaren eraginez, LABek salatu du soldata arrakalak bere horretan jarraitzeko arriskua duela. «Berdintasun planek indarrean egon diren 25 urteetan ez dute egoera irauli, eta ezin dugu esan aurrerapausorik egon denik», Elixabete Etxeberria bulegoko kidearen arabera. Baina, balorazio sakonagoak egiteko, lehenbizi datuak behar dira. «Gaur egun, ez dago halako ezer; areago, enpresen aldetik ere ez dago horretarako interesik». Sindikatuak berdintasun politiken kontrola handitzeko eskatu du .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna