Borroka Kutxa indartuko du LABek

Borroka Kutxako laguntza jasotzeko gutxieneko greba egunak seitik hirura jaitsiko ditu sindikatuak. Afiliatu gabe dauden beharginek ere jaso ahal izango dute ordaina, afiliazioa atzerako eraginez ordaintzeko aukerarekin

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 22
Azken hilabeteetan sindikatuen jardunari buruz hitz egitean, askotan aldarrikatu dute erresistentzia kutxaren beharra. Eztabaida horren erdian, atzo LABek, ohar baten bidez, adierazi zuen bere Borroka Kutxa indartuko duela. Sindikatuaren Batzar Nazionalak 2010ean sortu zuen baliabide hori, eta adierazi dute egin dituzten aldaketek helburu nagusi bat daukatela: «Prekaritatea gehien pairatzen duten eta horren sindikalizatuta ez dauden sektoreei borroka tresnak eskaintzea». Prekarizazio maila handia duten sektore horien artean sailkatu ditu sindikatuak emakumeen presentzia handia duten alorrak. Horiengana iritsi nahi dute, laguntza hobeak eskainiz.

Horretarako, laguntza jasotzeko aukerak erraztu dituzte, eta kutxatik kobratzeko eskubidea izateko gutxieneko greba egunak seitik hirura jaitsi ditu sindikatuak. Eta ez hori bakarrik, greba egun bakoitzeko ordainduko dena 22 eurotik 25era igoko dute, gainera.

LABen Borroka Kutxaren laguntza handitu egingo du horrela sindikatuak, kasuistika berriak aintzat hartuz. Kutxaren ezaugarriak aldatzeko garaian, «langileekiko diskriminazio positiboari» heldu zaio. Era horretan, lanaldi partziala duen langile batek lanaldi osokoen kopuru bera jasoko luke greba egun bakoitzeko, eta jaso ahal den gehienezko diru kopurua ere finkatu dute: 1.500 euro. Erresistentzia kutxatik jasoko den diru kopuruak ez luke inoiz langilearen ohiko soldata gaindituko.

Neurri horiekin «gehien behar duten horiek babestea» lortu nahi du sindikatuak. Izan ere, LABek azaldu du Borroka Kutxak «patronalaren taktika ezberdinei aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen» duela. Edozein moduz, argi utzi du kutxa ez dela helburu bat bere horretan, borrokarako tresna bat baizik. «Lan erreformak eta negoziazio kolektiboaren erreformak patronalari emandako botereari aurre egiteko greba eraginkorren eta ekintza sendoen beharra ezinbestekoa izango da aurrerantzean». Horregatik, egoera horiei guztiei aurre egiteko baliabide gisa defendatu du kutxa.

Baina Borroka Kutxako baliabide ekonomikoak ez dira bakarrik greban dauden langileentzako; babes maila handiagoa eskaini nahi du sindikatuak. Ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isunei eta zigorrei aurre egiteko kutxako baliabideak erabiliko ditu sindikatuak azken aldaketa horiei esker, betiere 10.000 euro arteko laguntza bermatuz. «Horri esker, mozal legea eta halako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatuko».

Afiliaziorik gabe

Borroka Kutxatik laguntza jaso ahal izateko aukerak ere handitu egin ditu sindikatuak. Aurrerantzean, kaleratze ideologikoak daudenean, behargin horrek laguntza ekonomikoa jaso ahal izango du. Epaiketa egiten den egunera arte jasoko luke laguntza hori, «greban jasoko lukeen baldintza berberetan». Baina, horretaz aparte, LABen afiliatu gabe dauden grebalariek ere dirua jasotzeko aukera edukiko dute, betiere laguntza hori jasotzeko eskatzen den sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzerako eraginez ordaintzeko aukera emanez. Horrekin laguntza jaso dezaketen langileen soslaia aldatu egin du sindikatuak.

Azken boladako mobilizazio luzeetan erresistentzia kutxa ezinbesteko baliabide bat izan da. ELAk berak, esaterako, publikoki adierazi izan du bitarteko hori gabe ezin dela denboran iraungo duen protesta eta grebarik egin. Halako kasu baten adibide argi bat izan daiteke Bizkaiko zahar etxeetako langileen borroka. 370 eguneko greba egin zuten beharginek, eta, azkenean, euren aldarrikapenak biltzen zituen ituna sinatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna