Mayk Macronen eskuetan utzi du bere etorkizun politikoa

Erresuma Batuko lehen ministroa Frantziako presidentearekin batzartu da, 'brexit'-az eztabaidatzeko. Hura konbentzitzea da EBren eta Barnierren iritzia aldatzeko azken karta
Bi agintariak Frantzia hegoaldeko Breganconeko gotorlekuan batzartu ziren atzo.
Bi agintariak Frantzia hegoaldeko Breganconeko gotorlekuan batzartu ziren atzo. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abuztuak 4
Brexit-aren negoziazioak hasi zirenetik, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak uneoro izan du kargua kolokan. Etengabeko sentsazioa da, karguan jarraitzeak lotura zuzena baitu negoziazioen arrakastarekin. Idatzi gabeko lege bat da Erresuma Batuan. Bidea, ordea, amaitzen ari zaio Mayri, eta egutegiak estutu egiten du: bi aldeek urrirako adostu behar dute dibortzioaren akordioa, eta pixkanaka gailentzen hasi da horrelakorik gabeko brexit-aren aukera. Hori eragozteko, eta EB Europako Batasuneko beste 27 estatu kideen eta Michel Barnier negoziatzailearen jarrerak leundu nahian, azken erasoaldi diplomatikoa abiatu dute Londresetik: asteotan, Europako hainbat hiriburutan izan dira May bera eta Dominic Raab, brexit-erako ministroa, beren proposamenaren onurak saldu nahian. Gidoia, ordea, ez da batere aldatu, agintari guztiek konpromisoa agertu baitute Bruselaren jarrerarekin. Beraz, Mayk Emmanuel Macron Frantziako presidentearen esku utzi du bere etorkizun politikoa. Indar eta eragin gutxiko azken karta da.

Bi agintariak atzo arratsaldean batzartu ziren Frantzia hegoaldean, Bregan├žoneko gotorleku ikaragarrian. Biak oporretan dauden arren, tarte bat hartu zuten gaiaz eztabaidatzeko, Mayk hala eskatuta. Izan ere, atzokoa hitzordu giltzarria zen Erresuma Batuko lehen ministroarentzat: Frantziako presidenteak izan du Londresen proposamenen aurkako jarrerarik gogorrena orain arte egindako Europar Kontseiluetan, eta hori aldatzea edo pixka bat leuntzea keinu positiboa litzateke gainontzeko estatuen eta Barnierren iritzia aldatzeko.

Mayk uztailaren 12an plazaratu zuen bere Liburu Zuria, baina Barnierrek, egun gutxian aztertu ostean, berehala eman zion ezezkoa; egunotan gauza bera berretsi du, arriskutsua delakoan EBko merkatu bakarraren etorkizunerako. Besteak beste, Londresek erabateko kontrola nahi du pertsonen mugimendu askearen gainean, baina askatasun osoz jarraituz ondasunen merkataritzan, EBrekin aduana komun bat sortuta. Bruselan ez dira aukera horren aldekoak, merkatu bakarraren beste hiru askatasunak ez dituelako onartzen: ondasunena, zerbitzuena eta kapitalena. Eta Macron bat dator iritzi horrekin, harentzat ezinbestekoa baita EBko merkatu bakarra bere osotasunean errespetatzea. Eta, askotan, Barnierrek baino diskurtso gogorragoa izan du brexit-aren inguruan.

Mayren porrota agerikoa da, baina Chequersen bere ministroekin adostu zuen planari eusten dio oraindik, bi ministro garrantzitsuren dimisioa eragin zuen arren —Boris Johnson Atzerrikoa, eta David Davis brexit-erakoa—. Ia bi urtean lehenengoz, bere lantaldearen babesa duen proposamen bat egin zuen, baina adostasunak egun gutxi iraun zuen.

Udazken gogorra

Alderdi Kontserbadoreko euroeszeptikoek arreta handiz jarraitu dituzte Erresuma Batuko lehen ministroaren pauso guztiak, euren eskariak beteko ote zituen argitzeko. Argi geratu da ez dela hala izan, eta, gaur-gaurkoz, une egokienaren zain daude alderdikidea boteretik botatzeko.

Beraz, Bruselak giroa eta negoziazioak erraztu ezean, Mayri gutxi geratzen zaio Erresuma Batuko lehen ministro karguan, eta udazkenean lidergorako borroka gogorra izango da Alderdi Kontserbadorean. Hori, edo 2022an egitekoak diren hauteskunde orokorrak aurreratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna