Trumpek areago joan nahi du Txinaren kontrako lehian

AEBetako presidenteak muga zergak jarri nahi dizkie 200.000 milioi dolarren inportazioei. Txinak ezin du neurri horretako tarifarik zergapetu, 130.000 milioi inportatzen baititu

Donald Trump AEBetako presidentea, irail hasierako irudi batean. SHAWN THEW / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Hausteko zorian daude AEBen eta Txinaren arteko negoziazioak bien arteko merkataritza gerra amaitzeko. Donald Trump onartzekotan da Txinaren inportazioen aurkako beste neurri sorta bat, kasu honetan 200.000 milioi dolarren inportazioei (170.000 milioi euro inguru) %10 eta %25 arteko tarifa bat jartzeko. Zigor horiek atzo bertan onar zitzakeela aurreratu zuen The Wall Street Journal-ek, baina iragarpen ofizialik ez zegoen berri hau idaztean. Ikusteko dago Trumpen mugimendua bene-benetakoa den. Hau da, azaroaren 6ko hauteskundeei begirakoa soilik ote den, ala tarifak benetan ezartzeko asmoa duen, jakinda halako erabaki batek epe ez oso luzean kalte egin diezaiokeela AEBetako ekonomiari.

Izan ere, oraingoz biktima gutxi eragin dituen gerra bat dirudi Washingtonen eta Pekinen artekoa, ez baitie bi herrialdeen zenbaki makroekonomikoei askorik eragin. Hots, ez dute BPGaren hazkundea apaldu, ez dituzte milaka kaleratze eragin, edo inflazioa modu nabarmen batean igoarazi. Baina jada eragin diete produktuak eta osagaiak beste herrialdetik inportatzen dituztenei, eta goiz edo berandu haiek jasandako kaltea ekoizpen eta salmenta kateetan zehar hedatuko da. Trumpek paparra atera du, eta esan du «ia antzematerik ez dagoen» mina eragin duela gerra komertzialak, baina sektore askotako patronalek ohartarazi gabe kalteak ate joka dabiltzala.

Tarifen bitartez, AEBetako presidenteak espero du pixka bat orekatuko duela bi herrialdeen arteko harreman komertziala. Azken datuek diote AEBetako enpresek 130.000 milioi dolarren salmentak egiten dituztela Txinan; enpresa txinatarrek, berriz, 505.000 milioirenak egiten dituzte Pazifikoaren beste aldean.

Desoreka benetakoa den arren, kopuru zehatzak tentuz hartu behar dira. Izan ere, Txinako inportazio gisa hartzen diren produktu teknologiko asko —telefonoak, esaterako—, Asia Ekialdeko beste herrialde batzuetan —edo AEBetan bertan— egindakoak izan daitezke, baina Txinan muntatzen direnez, herrialde hari egozten zaizkio.

Merkataritza gerrari esker, Trumpek uste du lagundu egin ahal izango diela Txinaren lehiaren aurrean larri dabiltzan AEBetako enpresa batzuei, eta Asiara joan diren ekoizpen batzuk berreskura ditzaketela. Posible da sektore batzuetan hala gertatzea, baina kaltetuak ez dira faltako AEBetan bertan. Batetik, ekoizpen kateak oso nazioartekotuak dituzten enpresek garestiago ordaindu beharko dituzte osagai asko —Applek, Microsoftek, eta beste enpresa teknologikoek, esaterako—. Txinatik amaitutako produktuak —jantziak, jostailuak...— inportatzen dituztenen kostuak ere handituko dira, eta horrek prezioak handitzea ekarri beharko luke, goiz edo berandu.

Inflazioa kontuan zuela, Trumpen lehen tarifek industriek egiten dituzten inportazioak izan dituzte jomuga. Altzairuarekin, aluminioarekin eta beste produktu batzuekin hasi zen ekainean, eta erdieroaleekin, plastikoekin, produktu kimikoekin eta beste 276 gairekin jarraitu zuen abuztuan —50.000 milioi—.

Pekinek neurri bereko kolpeekin erantzun die, orain arte, Washingtonen zigorrei. Abuztuan, esaterako, 333 produktu estatubatuarren inportazioa garestitu zuen —ikatza, petrolioa, altzairua, autobusak, osasun ekipamenduak... Baina Txinaren arazoa hauxe da: Trumpek mehatxua bete eta 200.000 milioi dolarren inportazioak zergapetzen baditu, Txinak ezingo ditu kopuru horretako inportazio estatubatuarrak zergapetu, ez baitira existitzen.

Beste bide batzuk

Produkturik ezin badu zergapetu, eta ez badie Trumpen neurriei amore eman nahi, Txinak beste neurri batzuk aztertu beharko ditu gerrarekin jarraitzeko. Aipatu diren aukeren artean daude traba gehiago jartzea Txinan dauden konpainia estatubatuarrei, AEBetako enpresa teknologikoek derrigorrezko dituzten metal arraroen esportazioa debekatzea,eta yuan dirua ahultzen uztea, bere esportazioak merkatzeko. Neurri horiek kontraesanean daude Pekinen azkenaldiko promesekin, hala nola yuanaren balioan ez esku hartzea, eta atzerriko konpainiei gaur egun jartzen dizkien baldintza gogorrak samurtzearekin. Azken horri garrantzi handia ematen dioteAEBek zein Europako Batasunak.

Norgehiagoka komertziala areagotzeak burtsen jaitsiera eragin zuen, Txinan eta AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.