Ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde sendoa espero du Adegik

Gipuzkoako enpresek eskaera zorroa betea dute. Junkerak ohartarazi du pertsonak falta direla

Irune Lasa.
Donostia
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Albiste onak emanez egin du hedabideentzako bere lehen agerraldia Eduardo Junkera Adegiko presidente berriak. Gipuzkoako patronalak herrialdeko enpresei irailean egindako inkestaren emaitzak «benetan onak» izan direla eta, pozik zegoen atzo Junkera. Badu horretarako arrazoirik Adegiko presidenteak, adierazle batzuetan inkesta egiten hasi zirenetik ikusi gabeko emaitzak ikusibaitira herrialdeko enpresetan.

Adibidez, Jose Miguel Aierza Adegi zuzendari nagusiak azaldu zuenez, eskarien zorroaren inguruko emaitza inoiz neurtutakorikhandiena da. «Hamarretik bederatzi enpresek eskari maila normala edo handia dute, eta ia beste hainbestek eskari zorroa mantenduko edo handituko dute». Galdetutako enpresen artean eskari maila txikia dutela esan duten enpresen kopurua, berriz, inoizko txikiena da; %11,5.

Sektoreka, eskariaren igoerarik handiena enpresa esportatzaileek antzeman dute; eta, are gehiago, industria alorreko esportatzaileek. Aierzak etorkizunera begira garrantzi berezia eman zien eskari zorroaren adierazleei: «Gaurko eskariak biharko aberastasuna eta enplegua dira».

Etorkizunari begirako baikortasun horretan, euren merkatuak bere horretan jarraituko dutela edo are gehiago suspertuko direla espero duten enpresen kopurua ere esanguratsua da. Merkatua susperraldian dutela uste dute enpresen erdia baino gehiagok (%54,4), eta kopuru hori orain arte neurtutako bigarren handiena da.

Fakturazioak gora

Etorkizuneko aurreikuspenak soilik ez, Gipuzkoako enpresenorainaldiko emaitzak ere nabarmentzekoak dira. Uztailetik irailera artean fakturazioak %3,2 egin du gora, eta enpresen %91k lortu dute salmentak mantentzea edo handitzea. Eskariarekin bezala, fakturazioan hazkuntza handiagoa izan dute enpresa esportatzaileek.

Salmentak jaitsi dituzten enpresak, berriz, %9 soilik izan dira, inkestan inoiz neurtutako kopururik txikiena.

Gipuzkoako enpresa askok galtzak bete lan dituztela erakusten duen beste adierazle bat ekoizpen ahalmenarena da. 1999. urteko urtarrileko mailara itzuli da produkzio gaitasunaren erabileraren aldagaia: irailean %85ekoa zen. Jose Miguel Aierzak azaldu zuen horren garrantzia: «Adierazle hori %80tik aurrera kokatzen denean, ekonomia bere ahalmen osora gerturatzen ari dela esan ohi da».

Datu horri begira eta «Gipuzkoako barne produktu gordina eta esportazioak maximo historikoetan daudela, Gipuzkoako ekonomiak hazkunde iraunkor eta egonkorra izango du hurrengo hilabeteetan», esan zuen Eduardo Junkerak. Ez hori bakarrik, Adegiko presidentearen arabera, «enplegu sorrerak sendo jarraitzen du, eta kontratazio mugagabearen hazkunde erritmoa errekorreko mailetara iritsi da». Gipuzkoak urtea BPGaren %2,7ko hazkundearekin eta gutxi gorabehera 7.000 lanpostu garbi sortuta itxiko duela uste du Adegik.

Horrekin batera, patronalak kontratazio mugagabean izandako hazkundea nabarmendu zuten. Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak eman zuen datua: «Aurten iraupen mugagabeko 25.000 kontratu inguru sinatu dira Gipuzkoan, eta, adibidez, irailean hasiera-hasieratik mugagabeak izan diren 2.200 kontratu sinatu dira; esan nahi baita, ez diotela aldi baterako izateari utzi, eta mugagabe bihurtu».

Talentua

Gipuzkoako enpresen kezka nagusia langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da, enpresen %43entzat. Enpresen hirutik batek esan du inkestan kontratazioren bat egiteari uko egin diola pertsona egokirik aurkitu ez duelako.

Datu horri begira, Eduardo Junkerak argi eta garbi esan zuen: «Ekonomia hazten ari da, baina badakigu hurrengo urtetik aurrera lan merkatura gehituko diren pertsonen kopurua txikiagoa izango dela erretiroa hartuko dutenena baino. Eta hori administrazio publikoak funtzionario taldeak berritzen ari den abagunean dator. Jendea falta da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.