Pedro Sanchezek 35 milioiren inbertsioak soilik baimendu dizkio Nafarroari

Tokiko azpiegituretan eta banda zabalaren hedapenean erabiliko du dirua Iruñeko gobernuak. Aranburuk uste du akordio bidez inbertsioak 113 milioiraino zabal daitezkeela

Pedro Sanchez eta Uxue Barkos, iragan urriaren 31n, Moncloan. E. NARANJO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Azenarioa alde batetik, makilakada beste alde batetik. Urriaren 31n, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Foruzaingoari trafiko eskumenak eskuz aldatzeko konpromisoa adierazi zion Uxue Barkos Nafarroako lehendakariari, Moncloan. Herenegun gauean, berriz, Madrilgo gobernuak 35,5 milioi euroren inbertsio iraunkorrak soilik baimendu zizkion Nafarroari; nahikoa, iritzi publikoaren aurrean alderdi sozialistak diru hori blokeatzen ez duela irudikatzeko, baina laukoak zein gobernuak nahi dituzten 113 milioi euroetatik urruti. Atzo eguerdian eman zuen albiste horren berri Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak, eta azpimarratu zuen «beste bidetik» joko dutela, akordio politiko baten bidez 113 milioira iristeko asmoz.

Hilabeteotan lortzea posible izan ez dena hurrengo asteetan erdiestea nekeza badirudi ere, Aranburuk onartu zuen bazetorrenaren susmoak zituztela. Lehenik eta behin, kontseilariak berak irail amaieran iragarri zuen Madrilek oniritzia emango zuela, «baina 113 milioiak osorik ez». Bestalde, Madrilen Barkos Sanchezekin bildu baino minutu batzuk lehenago, Moncloako prentsa kabineteak 75 milioiren inbertsioen gaineko akordioaren berri eman zuen prentsa ohar bidez, eta Barkosek zein Iruñeko gobernuak irmo ukatu zuten gerora.

Horregatik, zantzu horiek ikusirik, 113 milioiren inbertsioetatik «lehenestea» erabaki zuen, eta, astearte gauean Madrilen oniritzia izan zuenerako, prest zuten zertan inbertitu baimendutako 35,5 milioiak: 25,7 milioi tokiko azpiegituretarako izango dira, eta gainerako 9,8 milioi euroak banda zabala hedatzeko erabiliko ditu gobernuak. Atzo, gobernu kontseiluak ezohiko maileguen lege proiektua onartu zuen.

Itzulinguru ugari eman ditu auziak. Urte hasieratik ahalegindu dira laukoa eta gobernua iazko diru soberakin handiak inbertsioetarako erabiltzen. Izan ere, ekarpenaren akordioaren ondorioz, iaz 215 milioiko superabita izan zuen foru erkidegoak, baina urte hasieratik Cristobal Montoro orduko Ogasun ministroak ohartarazi zuen guztia zorraren amortizaziora bideratu behar zela.

Alta, Espainian izandako gobernu aldaketak eta uztailean onartutako estatuko aurrekontu orokorrek beste aukera bat eman zuten. Aurrekontu horietan, 116. xedapenak administrazio publikoei ahalbidetzen zien iazko superabiteko kopuru bat inbertsio iraunkorrerako erabiltzea, baina horretarako baldintza jakin batzuk bete behar ziren.

Jaurlaritzak 54 milioi

Alta, Hego Euskal Herriko bi gobernuek ez dute baldintza horiek erabat bete, eta horregatik Madrilen oniritziaren menpe izan dira. Jaurlaritzaren kasuan, bi urtetan ez du beteko gastu araua, eta, horregatik, urrian, ministerioak aurten beste 54,4 milioi euro inbertsio iraunkorrerako erabiltzeko baimena eman zion. Nafarroaren kasuan, berriz, iaz ez zuen gastu arau hori bete.

Aranburuk atzo onartu zuen aurrekontuetako 116. xedapenaren baldintzak zorrotzak direla, eta bide horrek gehiago lortzeko tarterik ez duela ematen. Alta, negoziazio politikorako aukera «irekirik» dagoela deritzo: «Bi gobernuen arteko harremanak onak dira, eta gauzak okertu daitezkeen susmorik ez dut inondik inora, baina batek daki», aipatu zuen. Alta, irailean, Mikel Aranburuk berak kritikatu zuen udatik ahalegindu zela gobernu sozialistarekin harremanetan jartzen baina ez ziotela erantzunik eman. Horregatik, «presio neurri gisa» laukoak parlamentuan 113 milioiren inbertsioen legea onartu zuen.

Sanchezen gobernuaren erabakiak laukoaren kritika eragin du. «PSOEren alde bakarreko erabakiak ez gaitu pozten, nahiz eta positiboa den Nafarroan banda zabaleko plana ezartzea edo udalek inbertsioak egiteko segurtasun juridiko izatea», aipatu zuen Geroa Baiko Koldo Martinezek. Haren hitzetan, gobernuak lanean jarraitu behar du akordioa erdiesteko Madrilekin. «PSOEren gobernuari eskatzen diogu inbertsio horiei oniritzia emateko».

Ezkerrako Jose Miguel Nuin urrats bat harago joan zen. Nafarroako Gobernuari proposatu zion 113 milioi euro horiek gauzatzea, nahiz eta PSOEren gobernuak soilik 35 milioi baimendu. Argi utzi zuen ez duela foru legearen indargabetzea onartuko.

Ildo beretik jo zuen Orain Bai taldeak, eta eskatu zion Nafarroako Gobernuari «borondate irmoa» azal dezala 113 milioiren inbertsioak osorik erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.