EBk eta AEBek %30 gutxituko dituzte metano isuriak 2030erako

Konpromisoa aste honen amaieran jakinaraziko dute ofizialki. Helburua da herrialde gehiagok ere bat egitea akordioarekin. Metanoa da berotze handiena eragiten duen gasa

Stepovako ikatz meategia, Ukrainan. Adituek ohartarazi dute erregai fosilen ustiaketan isurtzen dela metano gas gehien. MARKIIAN LYSEIKO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Aste honen amaieran iragarriko dute AEBek eta EB Europako Batasunak akordioa ofizialki. Baina hainbat komunikabidek aurreratu dute jada adostasunaren puntu nagusia izango dena: biek ala biek metano gasen isuriak %30 murriztuko dituztela 2030erako. Karbono dioxidoak baino berotze ahalmen handiagoa du metanoak, baina, hark ez bezala, hamar urte inguruko bizitza du, eta CO2 bihurtzen da gero. Hala, metano isuriak gutxitzeak bultzada bat emango lieke klima larrialdia murrizteko ahaleginei, erregai fosilen erabilera, ikatzarena batez ere, gutxituz doan bitartean —ikatza da erregai fosilik kutsagarriena, eta azken urteetan gora egin du haren ustiaketak—.

Oraingoz Washingtonek eta Bruselak soilik sinatu dute hitzarmena, baina espero dute hura ofizial egin ondoren herrialde gehiago batzea: besteak beste, Txina, India eta Brasil. Erabakiak ondorioak izan ditzake metano gas gehien isurtzen duten alorretan, hau da, energiaren sektorean, nekazaritzarenean eta hondakinen kudeaketan. «Kontuan izanik metanoak bizitza laburra duela atmosferan, neurriak orain hartzeak berotzea moteltzeko balioko luke», nabarmentzen du testuak. Bi aldeek beste dokumentu bat ere izenpetu dute, non beste hainbat herrialderi dei egiten dieten akordiora batzeko. Helburua litzateke iazko kopuruak aintzat hartuta eta hamar urteko epean isuriak heren bat gutxitzea.

Bi dokumentuak ostiral honetan argitaratuko dituzte, ziurrenik, egun horretan biltzekoak baitira CO2 gehien isurtzen duten herrialdeak, azaroan Glasgown (Eskozia) egitekoa duten goi bilerari babesa emateko. Izan ere, estatuburuen eta gobernuburuen gaineko presioa gero eta handiagoa da azaroa gerturatu ahala. Zientzialarien azken txostenek argi utzi dute klima larrialdia okerrera doala, eta neurriak berehala hartu ezean ondorioak muturrekoagoak izango direla. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren arabera, orain arte eragin diren aldaketen ondorioak datozen mende eta milurtekoetan nabarituko dira: itsasoen azidotasuna handituz joango da, eta mendietako glaziarrek izotza galduko dute aurrerantzean ere.

Azken urteetan, nabarmen gehitu dira metano isuriak, ez bakarrik abeltzaintza industrialaren ondorioz, baita gasa ustiatzeko baliatutako haustura hidraulikoaren eta neurri egokirik gabe ustiatutako petrolioaren eraginez ere. Adituen arabera, erraza litzateke neurriok hobetzea, eta industriari ez lioke eragingo kostu handirik. AEBek eta Europako Batasunak iragarria dute metano gasak murrizteko legediak onartuko dituztela urtea amaitzerako.

Metanoak CO2ak baino 80 aldiz gaitasun handiagoa du beroa pilatzeko. Horiek hala, IPCCren azken txostenaren arabera, hurrengo hamarkadan metano isuriak %40-%45 murriztuta, 2040rako aurreikusitako tenperatura igoera 0,3 gradu gutxiagokoa litzateke, eta hori garaipen handia litzateke mende amaierarako gehienez 1,5 graduko igoera bete ahal izateko. Adituek zehaztu dute atmosferara isurtzen den metano gasaren %40 inguru naturalki isurtzen den arren, gainontzeko %60a gizakiak sortua dela, batez ere erregai fosilen ustiaketa eta garraiotik eratorritakoa.

Beroaldi gehiago

BBC kateak egindako ikerketa baten arabera, 1980tik nabarmen ugaritu dira 50 gradutik gorako egunak, eta toki gehiagotan neurtu dira bero boladak. Batez beste, 1980 eta 2009 bitartean, urtean 14 egunetan gainditu ziren tenperatura horiek; 2010 eta 2019 bitartean, berriz, 26 egunetan. Muga 45 gradutan jarriz gero, ordea, halako 30 egun izan ziren lehen hamarkadan, eta 41 bigarrenean. Adituen arabera, gorakada horren erantzule bakarra gizakia da.

Bero zakar horiek ohikoak dira Ekialde Hurbilean, baina, azken urteetan, gero eta maizago gertatzen dira bestelako eskualdeetan ere. Horren adibide dira aurtengo udan Italian neurtutako 48,8 graduak eta Kanadako 49,6ak. Hori dela eta, zientzialariek ohartarazi dute bero kolpeak maizago ez ezik, toki gehiagotan ere izango direla erregai fosilen erabilera eten ezean. «Azkar mugitu beharra dugu. Zenbat eta lehenago eten isuriak, hobeto biziko gara», nabarmendu du Sihan Lik, Oxfordeko Unibertsitateko klima ikertzaileak.

Duela sei urte pasa sinatutako Parisko Akordioan adostu zuten zenbait neurri hartzea mende amaierarako tenperatura bi gradu baino gehiago igo ez zedin, eta ahalegin berezia egitea igoera ez zedin izan 1,5 gradu baino handiagoa. Azken txostenaren arabera, ordea, aurreikusitako bi testuinguruetatik bakar bat ere ez da beteko, baldin eta berehalako neurriak hartu eta karbono dioxido isuriak kolpetik murrizten ez badira. Zientzialariek uste dute egungo joerei eusten bazaie 1,5 graduko igoera 2040rako helduko dela beranduenez ere.

IPCCren azken txostenak jasotzen duenez, baina, berotzea ez doa erritmo berean txoko guztietan. Hala, 1980 eta 2009 bitartean tenperatura batez beste gradu erdi igo bada ere, zenbait eskualdetan, Afrika hegoaldean eta Brasilen kasu, gradu bat egin dute gora, eta bi graduraino Artikoko eta Ekialde Hurbileko zenbait gunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.