Italiak beste buruhauste bat du: hurrengo estatuburua hautatzea

Ordezkari politikoek hilaren 24an hasiko dute herrialdeko presidentea aukeratzeko prozesua. Draghi eta Berlusconi dira kargu horretarako hautagai posibleetako batzuk

Mario Draghi Italiako lehen ministroa, iragan abenduan, Diputatuen Ganberako saio batean. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

Urte berriak beste buruhauste bat dakar berekin Italiako politikarentzat. Bazirudien Mario Draghi batasun nazionaleko gobernuaren buruzagi aukeratu izanak egonkortasuna bermatua zuela datorren urteko hauteskundeetara arte, baina asteotan agerian geratu da alderdi politikoei erronka bilakatu zaiela ohiko prozedura bat: estatuburua hautatzea. Desadostasunak baitira nagusi, eta Draghi bera baita kargu horretarako faboritoetako bat.

Italiako presidentea ez dute boto emaileek aukeratzen, baizik eta alderdien diputatuek, senatariek eta eskualdeetako ordezkariek. Mila politikari pasatxo dira, eta, Diputatuen Ganberako presidente Roberto Ficok atzo jakinarazi zuenez, hilaren 24an hasiko dute estatuburua hautatzeko prozesua.

Aurtengo bozetarako, oraingoz behintzat, ziurtasunik eza da nagusi. Draghik eragiten du adostasunik handiena, baina presidente kargurako aukeratzeak hutsune bat utziko luke lehen ministro postuan, eta horrek alderdien arteko negoziazioak abiatzea eragingo luke berriz ere, haren ordezko bat aukeratzeko —oso zaila dirudi— edo boz aurreratuetara deitzeko.

Draghi gobernuburu hautatzearen arrazoietako batzuk EB Europako Batasunaren suspertze funtsen kudeaketa eta erreformen sustatzea izan ziren, eta horregatik jaso zuen Europako Banku Zentraleko presidente ohiak alderdi politiko ia guztien babesa —FdI Italiako Anaiak ultraeskuindarrak kontra bozkatu zuen—. Orain, baina, presidente kargura aldatuko balitz —horretarako prest dagoela esana du—, desegonkortasuna eragingo luke gobernuan, eta EBko inbertsioen martxa zalantzan jarri.

Ziurgabetasun hori ikusirik, alderdi ultraeskuindarrak Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren hautagaitzari oihartzuna ematen ari dira, hura estatuburu karguan izateak eta datorren urteko bozetan Legaren eta FdIren arteko koalizio posible baten garaipenak erakunde garrantzitsu guztien kontrola bermatuko bailioke sektore ideologiko horri. Arazoa zera dute: Berlusconi aukeratzeko beste alderdi batzuen babesa ere beharko dutela, eta inork ez duela gobernuburu izandakoaren alde egin nahi; atzo, gainera, haren kontrako manifestazio bat egin zuten.

Draghiz eta Berlusconiz gain badira beste hautagai posible batzuk ere, baina ez dute alderdien arteko adostasuna bermatzerik. Marta Cartabia Justizia ministro eta Auzitegi Konstituzionaleko buru ohia da adibideetako bat: lehen emakumea izango litzateke presidente karguan, baina gobernuko postu horretarako proposatu zuen 5 Izar Mugimenduak orain ez luke haren alde egingo, agintaldian sustatu duen justiziaren erreformarengatik.

Europako Batzordeko Ekonomia komisario eta Italiako lehen ministro ohi Paolo Gentiloni ere aipatu dute aukera gisa, baita Sergio Mattarella bera beste agintaldi baterako konbentzitzea ere, nahiz eta hark ez duen karguan jarraitzeko asmorik —M5S haren alde agertu zen atzo—.

Egungo presidentearen iritziz, hau egin behar du karguan haren ondorengoak: «Bere gain hartu behar du interes orokorraren erantzukizun esklusiboa; eta zaindu erakundeen egitekoak, eskumenak eta abantailak».

Krisietan, erabakigarri

Italiako presidenteak eskumen mugatuak ditu, eta batez ere zeremoniazkoak dira agintaldian zehar. Halere, krisi politiko eta hauteskunde garaietan profil erabakigarria izaten da, hari baitagokio gobernuburuak eta ministroak izendatzea —Mattarellak lau gobernu izan ditu bere agintaldian—; gainera, parlamentuko bi ganberak desegin ditzake, eta legeak eta dekretuak blokeatu, horiek eta konstituzioa bateragarriak ez balira.

Estatuburuak zazpi urteko legealdia izaten du —Giorgio Napolitanoren (2006-2015) eta Antonio Segniren (1962-1964) salbuespenak kenduta—, eta batasuna irudikatu behar du, alderdi politikoen eta ideologien gainetik. Hala, Mattarellaren ondorengoa Bigarren Mundu Gerra amaituz geroztik hautatuko duten hamahirugarren presidentea izango da.

Hura aukeratzeko prozesua nahi beste luzatu ahalko dute ordezkari politikoek. Hilaren 24tik hasita, egunean behin bozkatuko dute, eta, lehen hiru saioetan, hautagaiek bi herenen babesa beharko dute hautatuak izateko; hortik aurrerakoetan, berriz, gutxienez gehiengo osoarena. Egungo agintariaren kargualdia otsailaren 3an amaituko da, eta egoerarik egokiena izango da haren ordezkoa data horretarako adostea.

Alderdien arteko negoziazioek eta bozketa sorta horrek aita santua aukeratzeko egiten duten zeremonia oroitarazten dute, botoa sekretua baita eta bozketak egun asko iraun bailezake; kasurako, 1972an Giovanni Leone demokristaua aukeratu zutenekoa —aurrez lehen ministro izan zen—, 23 saiakera egin baitzituzten ordezkarien gehiengo osoaren babesa bildu zuen arte.

Ordezkari politikoek italiar herritartasuna duen eta 50 urtetik gorakoa den edonoren aldeko botoa eman dezakete. Horrek, noski, proposamen bitxiak egiteko aukera eman die iragan bozketetan: Francesco Totti futbol jokalari izandakoa eta Sophia Loren aktorea, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.