Palestina

Herri bat etxegabetzeko tresna

Jerusalemen, kaleratuak izateko arriskuan daude 200 familia palestinar. Salatu dute Israelen kolonizazio politiken parte dela, hiria arabiarrez husteko neurri bat.

Israelgo indarrak Al-Salhiyeh sendiaren etxearen parean, makinek hura eraisten duten bitartean, joan den urtarrilaren 19an, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Etxea lehertuko zuela ziurtatu zien Mahmud al-Salhiyeh palestinarrak Israelgo indarrei, teilatutik, gas bonbonez inguratuta. «Ez dut hemendik alde egingo. Hemendik hilobira soilik. Horrela ez baitago bizitzarik, ez dago duintasunik», oihukatu zien. Eta lortu zuen bere familiaren etxegabetzea geldiaraztea. Baina, bi egun geroago, Israelgo indarrak sartu ziren Al-Salhiyeh familiaren etxean, goizaldean, neguko ekaitz betean. Atea bota, etxeko sei kide atxilotu, Al-Salhiyeh jipoitu eta eguna argitzerako etxea eraisten hasiak ziren. Duela bi aste gertatu zen, urtarrilaren 19an, Jerusalem ekialdeko Sheikh Jarrah auzoan.

Al-Salhiyeh sendia bezala, beste hainbat familia palestinar daude etxegabetze arriskuan Jerusalem ekialdean. Al-Haq giza eskubideen aldeko elkarte palestinarraren arabera, 62 palestinar etxegabetu zituzten 2017tik 2020ra bitartean Xeikh Jarrah eta Silwan auzoetan, eta hiriburuko alde zaharrean. 2020. urtetik, berriz, hamahiru familia palestinar etxegabetzeko agindu dute Israelgo auzitegiek. Orotara, 200etik gora familia palestinar daude kaleratze arriskuan Jerusalem ekialdean. Al-Haqek salatu du etxegabetzeak Israelen kolonizazio politiken eta apartheid erregimenaren parte direla.

«Jerusalemen errealitate demografikoa eta izaera kulturala eraldatzea dute helburu, Israelen eta juduen nagusitasuna bermatzeko», adierazi dio BERRIAri Aseel Al-Bajeh Al-Haq-eko ikerlari eta abokatu taldeko buruak. Estrategia horren barruan sartu ditu Israelen legez kanpoko koloniak, milaka palestinarri Jerusalemen bizitzeko baimena ukatu izana, hiriaren planifikazio eta zonifikazio «diskriminatzailea», behartutako kaleratzeak, etxeak eraistea eta kolonoen indarkeria, besteak beste. «Guztiak dira palestinarrak Jerusalemdik kanporatzeko politikak».

Jerusalemgo Udalak behartu du Al-Salhiyeh familia kaleratzea. Familiaren etxea legez kanpo eraikia zela argudiatu du; lur saila eskuratu zuen 2017an, auzitegietan, umeentzako eskola bat eraikitzeko. Palestinako Aginte Nazionalak, baina, «gerra krimena» egotzi dio Israeli. Al-Bajehek ziurtatu du nazioarteko zuzenbidearen kontrako ekintza dela, Al-Salhiyeh familiakoak, Jerusalem ekialdean bizi diren beste asko bezala, errefuxiatuak direlako. 1948. urtean, Israelen erasotik ihesean, etxea utzi eta ihes egin zuten hiriburura, Nakba deitzen zaion exodoan. «Gainera, etxea Jerusalem ekialdean dago, Israelek legez kanpo okupatutako lurretan. Okupatutako eremuan Israelgo legedia ezartzea nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzea da».

Horri gehitu behar zaio Israelek palestinarrak diskriminatzen dituen legeak ezarri dituela. «Legeek aukera ematen diote Israeli palestinarren ondasunak konfiskatzeko, kolono juduen mesedetan, eta palestinarrak behartzen ditu lekuz aldatzera». Legezko diskriminazio hori da «apartheid erregimenaren oinarria», Al-Bajehen esanetan. Bazterketa argi ikus daiteke Auzi Juridiko eta Administratiboen Legea eta Jabetza Absentearen Legea aztertuta. Lehenak Israelgo juduei eskubidea aitortzen die 1948. urtea baino lehen jabetzan zituzten lurrak berreskuratzeko; bigarrenak, berriz, horretarako aukera ukatzen die errefuxiatu palestinarrei. Hain justu, kolono elkarteak legedi horretan oinarritzen dira palestinarren hainbat etxeren lur sailak beraienak direla aldarrikatzeko.

Al-Bajehek salatu du Jerusalem ekialdearen «plangintza eta zonifikazioa ere palestinarren kalterako egina» dagoela. «Jerusalem ekialdean biztanleriaren gehiengoa palestinarra den arren, eta Israelek legez kanpo anexionatu bazuen ere, zonifikazio legearen bidez, lurraren %35 gorde du legez kanpoko koloniak eraikitzeko, eta lurren %52, berriz, eremu berde edo planifikaziorik gabeko eremu gisa sailkatu du. Ondorioz, hor ezin da ezer ere eraiki. Soilik lurraren %13 erabil dezakete palestinarrek eraikuntzarako».

2021eko eztanda

Xeikh Jarrah auzoan etxegabetze arriskuan dauden familien egoerak protesta jendetsuak piztu zituen Palestinan iazko apirilean. «Batasun Intifada izenez egin ziren ezagun, palestinarrek elkarrekin erantzun baitzioten Israelek 73 urtez ezarri dituen sakabanaketa politikei. Kolonizazioaren eta apartheid erregimenaren aurka altxatu ziren ahots bakarrarekin». Legelariak azaldu duenez, lurralde zatituaren gainetik, elkarrekin mobilizatu ziren Gaza setiatuan bizi diren palestinarrak, Israelek okupatutako Zisjordaniakoak eta estatu juduaren mugen barruan bizi direnak. «Egun, palestinarren batasun hori bizirik ikusten dugu, Israelen kolonizazio politikei aurre egiten Palestina historiko osoan: Xeikh Jarrahn, Beitan, Al-Naqaben...». Azken finean, Xeikh Jarrahn gertatzen ari dena «Israelen kolonizazio eta apartheid erregimenaren mikrokosmos bat» da, Al-Bajehen esanetan.

Israelek gogor jazarri zituen protesta horiek, eta estatuko indarren bortxari kolono juduena gehitu zitzaion. Jerusalemen piztu ziren istiluak Gazara hedatu ziren. Israelek 11 egunez bonbardatu zuen eskualdea.

Al-Salhiyeh familia etxegabetu berritan, Jerusalem ekialdean koloniak eraikitzeari uzteko eskatu zioten Europako hainbat estatuk Israeli —Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Espainiak, besteak beste—, kolonia horiek «bi estatuen konponbiderako oztopo bat gehiago» direlako. Baina Al-Bajehek ohartarazi du eskari horiek ez direla eraginkorrak izango nazioarteak bere legezko konpromisoak betetzen ez dituen artean. «Neurri zehatzak hartu behar ditu Israelen nazioarteko zuzenbidearen urratze larriak amaitzeko. Hori ez egiteak bide ematen dio Israeli krimenak zigorgabetasun osoz egiten jarraitzeko». Besteak beste, eskatu du estatuek onar dezatela Israelek apartheid erregimen bat ezarri diela palestinarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.