Harresi berde bat Saharari

Harresi Berde Handiak Sahel eskualdea zeharkatuko duen landaredi hesi bat eraiki asmo du, Afrika mendebaldetik ekialdera, klima larrialdiaren kalteei aurre egiteko.

Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Basamortu. Hutsune bat du hitzak. Izan zenak eta jada ez denak utzitako lorratza: hil zen basoaren oroimena. Hutsune hori berriz ere zuhaitz eta landareekin bete nahian ari dira Afrika iparraldean, Saharako desertuaren hedatzea geldiarazteko. Lur idorra berdatzeko proiektua hasi zuten Sahel eskualdean, 2007. urtean: Harresi Berde Handia. Asmo handiko egitasmoa da. 2030. urterako, kontinentea mendebaldetik ekialdera zeharkatuko duen landaredi hesi bat eraikitzea da helburua: 7.700 kilometro luze eta hamabost kilometro zabal izango da. Erronka betez gero, Lurreko egitura bizi handiena bilakatuko litzateke —Koral Harresi Handia baino hiru aldiz handiagoa—, eta 250 milioi tona karbono dioxido xurgatuko lituzke urtero; hau da, Espainiako Estatuak 2019an, pandemiaren aurretik, atmosferara isuritakoa bezainbeste.

Proiektuak oztopo ugari izan ditu, eta atzerapen handiak ere bai. Zailtasunek hasierako planteamendua eraldatzera behartu dute, baina sustatzaileek ez dute etsi, eta nazioarteko zenbait eragilek apustua areagotu dute, finantzaketa handiagoa jarrita.

Senegaldik Djibutira hedatzen da egitasmoa, tartean Mauritania, Mali, Burkina Faso, Niger, Nigeria, Txad, Sudan, Eritrea eta Etiopia ardatz hartuta. Handik iparraldera eta hegoaldera dauden beste estatu batzuk ere badira proiektuaren parte. Guztira, kontinenteko hogei herrialde baino gehiago ari dira elkarlanean.

Afrikako Batasunak abiarazi zuen egitasmoa, ikusita Saharako basamortua hegoalderantz hazten ari dela urtez urte. Azken mendean, urteko 7.600 kilometro karratu baino gehiago hazi da, batez beste. Hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eremuen batura baino gune zabalagoa hartu du urtez urte. Baina Sahelen are azkarrago ari da lurra idortzen, lehorteak gero eta muturrekoagoak baitira eskualde osoan. Nekazaritzarako lurren %80 degradatuak daude. Horrek ondorio larriak ditu hango herritarren bizi baldintzetan. Elikagai eskasiak beren lurrak uztera behartu ditu landa eremuetako herritar ugari, eta borrokak areagotu egin dira artzaintzatik bizi diren komunitateen eta herri nekazarien artean. Sahel munduko inguru pobreenetako bat da, eta ezegonkorrenetakoa. Gatazka militarrek eta muturreko islamisten erasoek astindua. Elikagai faltak are gehiago handitu du tentsioa.

Harresi Berde Handiaren orain arteko emaitzak ez daude esperotakoaren pare. 2030erako milioi bat kilometro koadro berreskuratzeko erronka ezarri zioten bultzatzaileek beren buruari, eta, UNCCD Basamortutzea Borrokatzeko Nazio Batuen Hitzarmenak 2020an argitaratu zuen txostenaren arabera, azalera horren %4 berreskuratzea lortu zuten ordura arte. Garapen motelak kritika ugari eragin zituen proiektua denbora eta diru xahutze hutsa zela uste zutenen artean.

Helburuak betetzeko oztopo izan dira gatazkak eta finantzaketa falta, baina baita egitasmoaren hasierako ikuspegia ere, sustatzaileek aitortu dutenez. Proiektua martxan jarri zutenean, zuhaitzak landatzea zen planaren oinarria, eta naturari lana egiten uztea. Asmoa zen, landaredia ugaritzearekin batera, hezetasun handiagoa pilatzea, tenperaturak freskatzea eta lurraren higatzea gelditzea. Baina lehen urteetan landatutako zuhaitzen %80 hil egin ziren, oso biztanleria gutxiko edo batere gabeko eremuetan landatu zirelako nagusiki, eta, beraz, inguruan ez zegoelako zuhaitzak zainduko zituen inor.

Okerrei erreparatuta, Saheleko estatuek ikuspegia aldatu dute. Besterik gabe zuhaitzak landatu beharrean, harresiaren proiektuaren erdigunean jarri dute tokian tokiko garapen ekonomiko eta soziala. Orain, helburua da, lurra berreskuratzearekin batera, herritarren bizi baldintza materialak hobetzeko balioko duten proiektu ekonomiko jasangarriak bultzatzea, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez; esaterako, hareazko dunak laboretarako terraza bihurtuta. Hala, proiektua ez dute harresi homogeneo baten gisan irudikatzen, elkarrekin jositako txatal multzo baten pare baizik.

Zailtasunak zailtasun, eta klima larrialdia erronka saihetsezina izaki munduarentzat, harresiaren proiektua garatzeko apustua berretsi dute nazioarteko zenbait eragilek. Iazko urtarrilean, proiektuari bultzada garrantzitsua eman zioten, Frantziak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Bankuak Parisen antolatu zuten goi bileran. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 12.600 milioi euroko babesa iragarri zuen, hurrengo bost urteetarako. Kopuru hori 17.200 milioira handitu da egun, eta horrek proiektuaren kostu osoaren %60 inguru finantzatuko luke,NBEren kalkuluen arabera.

Egitasmoaren gaineko ikuspegi berriak produktibitatea du ardatz, eta lurraren erabilera antolatzea du xede, erabilera horri etekina ateratzeko. Horrek esan nahi du ezinbestekoa dela aztertzea eremu bakoitzean zer zuhaitz mota landatzea komeni den, eta zein espeziek ekarriko dien onura gehien tokian tokiko komunitateei.

Komunitateak, eragile

Herri nekazarien eta abeltzainen inplikazioa bultzatzeko, proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dute ezinbestekoa dela komunitateak eta horien buruzagiak aintzat hartzea lurraren erabilerari buruz erabakitzeko garaian. Azken finean, egitasmoa gauzatu dadin, funtsezkoa da Harresi Berde Handiaren eremuetan bizi diren dozenaka milioi lagun engaiatzea, arriskuak arrisku. Komunitateek lehorteei eta bero boladei aurre egin behar diete, eta gero eta ohikoagoak eta bortitzagoak dira. Horrez gain, oztopo dira lur jabetzaren gaineko ziurgabetasun falta, salmentarako merkatu txikia eta finantzaketa falta.

Sahelen, herritarren bi heren bizi dira nekazaritzatik edota abeltzaintzatik, eta lurraren gaineko presioa gero eta handiagoa da. Landu daitekeen eremua murrizten ari da, eta, aldi berean, biztanleria hazten ari da, azkar, gainera. Populazioa orain halako bi izatea espero dute 2050erako. Joera horien ondorioz, elikagai eskasia dute herrialde gehienetan.

Elikagai krisiak izan du eraginik muturreko talde islamisten indartzean ere, eta hainbat herrialdetan piztu dira milizia horien eta estatuko indarren arteko borroka armatuak. Eskualdeko estatuek espero dute Harresi Berde Handiaren arrakastak Sahelen egonkortasun politikoari ere ekarpen garrantzitsua egitea. Egungo egoerak agerian utzi du segurtasun arazoak ingurumenaren eta natur baliabideen ikuspuntutik ere landu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.