4.300 euroko isuna eskolan jarraitzeagatik

Ziburuko ikastolara jo du epaitegiko idazkariak, isuna «lehenbailehen» ordain dezatela eskatuz.

Auzapezaren «mendekua» dela dio Seaskak
Irakasleak haurrekin jolasean, Kaskarotenea ikastolan. Herriko etxeak aurki kenduko dizkio argindarra eta ura.
Irakasleak haurrekin jolasean, Kaskarotenea ikastolan. Herriko etxeak aurki kenduko dizkio argindarra eta ura. S. SENCRISTO

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 21
43 egun igaro dira. Kasik hilabete eta erdi Paueko auzitegiak agindu zuenetik Ziburuko Kaskarotenea ikastolak (Lapurdi) Marinela auzoko eskola publikotik alde egin behar zuela. Baina ez hori bakarrik. Deliberoa bete ezean, egun bakoitzeko ehun euro ordaintzera derrigortuko zituela ohartarazi zuen. Eta ez da bestela izan: ostiralean, herriko etxeak bidalirik, Ziburuko ikastolara jo zuen epaitegiko idazkariak. Ikasleek hor jarraitzen zutela ikusi, eta Seaskako lehendakari Paxkal Indoren etxera joan zen gerora, ordainagiri eta guzti, 4.300 euroko isuna «berehala» paga dezatela galdegitera.

Irailaren 9an eman zuen Ziburuko ikastolaren kontrako deliberoa Frederique Davous epaileak. Isun ekonomikoa ordaintzeko prest daudela ziurtatu du Indok: «Pagatu behar baldin bada, pagatuko dugu, legeak kondenatu gaitu, eta errespetatu egingo dugu». Halere, lehenik «zigorraren baldintzak» argitu nahi dituztela esan du Seaskako lehendakariak.

Indoren aburuz, ez litzateke zilegi isuna pagatu eta ondoren eremutik kanporatuak izatea. «Ordaintzen badugu, lekuan egoteko eskubidea dugu», iritzi dio. Epaitegiko idazkariaren bisita, gainera, Guy Poulou Ziburuko auzapezaren jarrerarekin lotu du. «Mindua» dela deritzo, hark egindako proposamena —Olhetako bidean den gune batera mugitzera proposatu die— ukatu duelako ikastolak eta azaroaren 8rako manifestaziora deitu dutelako. Harago jo du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak: «Mendeku bat da. Auzapeza itsu-itsu ari da, eta edozer egiteko prest dago ikastola herritik kanporatzeko». Seaskaren irudiko, uneon Zokoako aisialdi gunera joatea da irtenbide bakarra, baina auzapeza ez dator bat.

Epaitegiko idazkariaren eskariak, baina, manifestazioko mezua indartu baino ez dutela egiten dio Indok: «Ez da soilik Kaskarotenearen aldeko aldarria izanen, ikastola guztien aldekoa baizik. Ikastolak ezin dira ukitu». Herriko etxeak azaroan kenduko dizkio argindarra eta ura ikastolari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna