Klima aldaketa. COP21 goi bilera Parisen

Merkataritza askearen giltzapean

Naomi Klein idazlearen arabera, klimaren mehatxu nagusia da multinazionalek sustatutako sistema ekonomikoa

Naomi Klein idazlea, atzo, ZAC guneko eztabaidan, Parisen. ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Paris
2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Klima aldaketaren errua ez da karbono dioxidoarena. Lurraatzera bueltarik ez duen bidegurutzean amiltzeko zorian egotearen erantzuleak asko dira, baina bakar batean laburbil daitezke: multinazionalek inposatutako sistema kapitalista. Ia 4.000 lagunen aurrean azaldu zuen atzo Naomi Klein kazetari eta idazleak bere tesia, Parisko ZAC Klimarentzako Ekintza Gunean. Ekintzaile ezaguna da kanadarra; sistemaren gehiegikeriak salatu ditu hainbat liburutan.

«Soilik eroek» sinets dezakete COP21ek mundua salbatuko duela, Kleinen ustetan. «Hasi baino lehenago egin du huts. Zergatik aurreko hogei alditan egin dute huts? Politikariek hitz egin bitartean, gas kutsakorren emariak igo egin dira». Ez da agintariak negoziatzeko gaitasunik ez dutelako. Izan ere, beste itun askoz ere konplexuagoak eginak dituzte. Kleinek gogora ekarri ditu azken urteetan sinatu dituzten merkataritza akordioak. «Multinazionalen interesei dagokienean azkar jartzen dira ados».

Itun horiek dira, hain zuzen ere, ingurumenaren aldeko borrokan etsai gogorrenak. Herrialdeen arteko tratatu ekonomikoak ugaldu ahala egin baitu okerrera ingurumenak. Kanadako adibidea jarri du. «Une txarrean hasi gara ingumena zaintzen». 1990eko hamarkadan onartu zuten klima aldaketa existitzen zela. Garai horretan hasi ziren lehen merkataritza itunak sinatzen. «Erregulazio eza ekarri dute, korporazioei eta aberatsei zergak kentzea», adierazi du Kleinek.

Modu horretan defendatu dituzte haien interesak korporazio handiek, erregai fosilen enpresek, batez ere. Bere herrialdeko adibidea eman du idazleak. Energia Berdearen Plana aurrera atera zuen Ottawak, energia berriztagarriak sustatu eta autogintzaren krisiari aurre egiteko. Baldintza bat zuen lege horrek: langile guztiek Ottawa probintziakoak izan behar zuten. Bada, eguzki bidezko energia ekoizten zuten beste herrialdeek, Txinak eta Indiak, kasurako, MME Munduko Merkataritzaren Erakundean salatu zuten Ottawa. «Atzera bota behar izan zuten legea».

Danimarkan bai

Danimarkak ere antzeko plan bat du onartua. 1980ko hamarkadan onartu zuten legea, itunak ugaldu aurretik. «Jendeak serioski hartu duenean ingurumena, gobernuek gizarte mugimenduen bultzadaz zerbait egiten hasi direnean, merkatuen aitzakia tresna gisa erabilita atzera bota dituzte».

Kleinen hitzetan, sistema ekonomikoa eta ingurumena «gerran» daude. «Hobe esanda, gure ekonomia gerran dago Lurreko bizitza ulertzeko hainbat modurekin».

Merkataritza itun horiek kontzeptu berri bat sortu dute. «Distantziak ez du inporta. kontzeptu hori indartzean egin dute emisioek gora». Hain zuzen ere, garraiobideen emariak COP21eko itunetik kanpo utzi dituzte.

Europak eta AEBek sinatzeko duten TTIP ere aipatu du. «Klimaren aldaketaren aurkako neurriek eragingo ez dutela hitzartu dute».

Mendebaldeko ezker mugimenduak ohartarazi nahi izan ditu Kleinek, ingurumenaren auzia kontuan hartzen ez dutelako. «Ni ere berantiarra naiz mugimendu honetan, gauza garrantzitsuagoak bazeudela uste nuen».

Edonola ere, mezu baikorra utzi du Kleinek. «Korporazioek barre egingo digute, baina irabazi egingo dugu azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.