Albert Royo. Diplocateko idazkari nagusi ohia

«Iritzi publiko informatuago bat osatzeko lan egin dugu»

155.ak itxitako instituzioetako bat da. Katalunia atzerrian bere osotasunean azaltzea zuen asmo. Berriro ireki nahi dute. «Oso garrantzitsua da Katalunia nazioarteko eragile gisa nabariaraztea».
MARTIN LOPETEGUI CALDERON

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 12
Kataluniako hiriburuetako udalek, diputazioek, Vall d'Araneko instituzioek, unibertsitateek, merkataritza ganberek, patronalek, aurrezki kutxek eta Bartzelona futbol taldeak osatzen zuten Diplocat partzuergoa, Katalunia atzerrian «saltzea» helburu zuena. 2012an sortu zuten, eta Kataluniako Gobernuak zuen bertan zeresan handiena. Partzuergoko idazkari nagusia izan zen Albert Royo lau urtez (Bartzelona, 1977). Baina erakundearen diplomazia lanak bertan behera utzi zituen Espainiako Gobernuak joan den urrian, Katalunian 155. artikulua ezarri zuenean. Royok EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan azaldu du Diplocaten zeregina.

Diplocat bertan behera gelditu zen Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri zuenean Katalunian. Zer galdu du Kataluniako prozesu subiranistak horren ondorioz?

Kataluniako herritarrek galdu dute, batez ere. Kataluniako errealitatea nazioartekotzeko gaitasun handienetakoa zuten instituzioetako bat zen Diplocat; eta ez soilik ikuspuntu politikotik, baita alderdi kulturaletik, ekonomikotik eta sozialetik ere. Tresna berritzailea zen atzerriarekin konfiantzazko loturak egiteko.

Zertan izan da lagungarria?

Diplomazia publikoan lan egiten zuen Diplocatek, eta diplomazia horren xedea da nazioarteko iritzi publikoaren gogoa irabaztea. Diplocatek lagundu zuen azaltzen zer den eta zer ez den Katalunia, aurreiritziak gainditzen, eta, esaterako, 2012aren aurretik oso ezezaguna zen errealitate baten berri ematen. Kataluniako errealitateari buruzko iritzi publiko informatuago bat osatzeko lan egin zuen. Eta, horretarako, herrialdeko eragile publiko eta pribatu nagusiak inplikatu zituen. Nazioarteko harremanak egiteko beste modu bat eman du Diplocatek.

Madrilek Kataluniatik 155.a kendu ondoren, ba al dago Diplocat berriz pizteko aukerarik?

Diplocat berriro irekitzea pentsatzen ari da Quim Torraren gobernu berria. Partzuergoaren osoko biluraren bilera bat egingo dute uztailaren 25ean, eta horren ondoren erabakiko dute zer egin.

Zeregin bera eduki beharko luke?

Nire ustez, bai. Kataluniako gizarte zibilak eta instituzioek atzerriarekin dituzten loturak sendotzen jarraitu beharko luke. Oso garrantzitsua da hori edozein herrialderentzat, areago herrialde horrek ez badu diplomazia sarerik eta egoera zail batean baldin badago.

Kataluniako egoera politikoa aldatu egin da itxieraz geroztik.

Alderdi politikoa bat gehiago da Diplocat-entzat. Osoko bilkuraren barruan adostuta geneukan azaldu beharrekoa zela Kataluniako herritar gehienek zergatik nahi zuten erreferendum bat egitea Espainiaren eta Kataluniaren arteko harreman berriaz. Esparru politikoa aldatzen bada, esango nuke osoko bilkurak adieraziko duela mezu politikoari ñabardurak egin behar zaizkiola.

Zer ekarpen egin du Diplocatek kontzientziazio mailan?

Katalunia nazioarteko eragile konprometitu gisa nabariaraztea oso-oso garrantzitsua da. Eta horrek dakar, automatikoki, eskualde administratibo soil bat baino gehiago gisa sumatua izatea.

Duela hiru urte zenioenez, Europako Batasunaren barruan egoteak bermatzen zuen Espainiak erabaki «drastikoegirik» ez hartzea. Baina hartu ditu.

Espero genuena zen Espainiako Gobernuak beste modu batean jokatzea bere kartak, modu sotilagoan, proposamenak modu positiboan egitea, Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanaz eztabaida bat irekitzeko. Eta hori ukatu egin zuen. Ezustean harrapatu ninduen. Espainiak garapen bat eduki du gauza askotan, baina, bere aniztasun nazionalari dagokionez, duela 40 urte bezala gaude; hau da, oso atzeratuta. Esango nuke lezio bat izan dela denontzat.

Elkarrizketaren bidea ireki dute Generalitateak eta Madrilek.

Baliatu beharreko aukera bat da. Jarrerak oso aldenduta daude, baina elkarrizketa bat dago, eta hori positiboa da.

Zu zeu ere ikerketapean zaude prozesu subiranistaren harira, eta Bartzelonako 13. instrukzio epailearen aurrean deklaratu berri duzu. Zergatik?

Erreferenduma egin zenean nazioarteko parlamentari talde bat gonbidatzeagatik. Maiz egiten genituen halakoak, eta inoiz ez zen ezer gertatu. Dakidanez, hori leporatzen digute, legez kanpokoa balitz bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna