Hipoteken zergaren eskandaluari neurria ematen ari zaio Gorena

Espainiako Auzitegi Gorenaren bilkura doktrina ezartzen ari da hipoteken eskrituren zergaren auzian. Egun batekin nahikoa ez, eta gaurko egunera luzatu da ohiz kanpoko osoko bilkura

Espainiako Auztegi Goreneko aurrealdean protesta bat egiten, atzo. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
xabier martin
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako justizia ataka larrian jarri duen erabaki eskandalagarriak bilkura amaigabe batera eraman du Auzitegi Gorena. Atzoko jardunean erakunde horren osoko bilkurak —28 epaile, 24 gizon eta lau emakume— ez zuen hartu erabaki handia; hipoteken eskrituren gaineko zerga aurrerantzean bankuek ordaindu behar duten ala ez, alegia. Baina zirt edo zart egingo du gaur bertan.

Urriaren 19an Luis Maria Diez-Picazo administrazioarekiko auzien salako presidenteak jakinarazi zuen bezperako epai baten ondorioak etenda gelditzen zirela, haren «eragin ekonomikoengatik eta sozialengatik» eta zekarren aldaketa erradikalarengatik. Epai horrek dio, ordura arteko Gorenaren jurisprudentziaren kontra, bankuek ordaindu behar dutela hipoteken eskriturengatik pagatu beharreko ekintza juridiko dokumentatuen zerga, eta ez bezeroek. Urria amaitu aurretik beste bi epai iritsi ziren Espainiako Auzitegi Gorenaren 3. aretoak erabakitakoaren ildoan. Hau da, zergaren ardura bankuen bizkar jarri zuten bi haiek ere.

Espainiako Auzitegi Gorenak ezarriko duen doktrina Nafarroan izango du eragin handiena Hego Euskal Herriari dagokionez, beste lurraldeetan etxebizitza nagusiek ez baitute zerga hori pagatzen; bigarren etxebizitzek bai, ordea. Lehen etxearen ardura hipotekarioa %0,5ean ezarria dauka Nafarroako Ogasunak, eta urtero hamar bat milioi euro biltzen ditu kontzeptu horri esker. Bezeroarentzat 600 eta 1.500 euro artekoa izaten da pagatu beharrekoa. 5.623 hipoteka egin zituzten bankuek Nafarroan 2017an.

Beraz, hipoteken eskrituren zerga bezeroek ala bankuek pagatu behar duten erabaki behar du auzitegiak, baina 31 epaileren osoko bilkurak —hiruk erabaki dute ez parte hartzea— hainbat aukeraren artean hautatu beharko du zerga bankuen bizkar jarriz gero, atzerako eraginaren gakoak egin baitezake aldea finantza entitateentzat.

Atzerako eragina

Horiek horrela, hipoteken eskrituren zerga bezeroek pagatu behar badute, Gorenak oso zaila izango du erabaki hori azaltzea, azken asteetan kontrako irizpidea erakutsi duten hiru ebazpenak kontuan hartuz. Inoiz baino susmagarriago bihurtuko da Diez-Picazo administrazioarekiko auzien salako presidentearen erabakiak. Hots, zilegitasun galera urrutiago iritsiko da. Europako justiziaren Damoklesen ezpata hor dago, gainera. Hipotekaren zerga bezeroek pagatu beharra dela erabakiz gero, oso litekeena da auzia EBko Justizia Auzitegi Gorenara iristea, eta hark lotsak atera dizkio orain baino lehen Espainiari, esaterako zoru klausulen auzi sonatuan.

Bestalde, urriko hiru ebazpenekin lerrokaturik, Gorenak bankuen bizkar jartzen badu zerga, bankak pagatu beharko du aurrerantzean. Inor gutxik jartzen du zalantzan horrek hipoteken baldintzei eragingo diela. Baina kasu horretan, atzerako eraginak finkatuko du bankuei egingo zaien kalte ekonomikoaren neurria.

Izan ere, Gorenak erabaki dezake soilik 2018ko urritik aurrera sinatutako hipotekei eragiten diela doktrina berriak. Bankuen kalteari harresi bat jartzea litzateke, atzerako eraginik gabeko ebazpena. Hipotekak 2018ko urria baino lehen egin dituztenek ezingo lukete zergaren ordaina eskatu. Bankuentzat urtero 640 milioi euroko galera litzateke, Moody's agentziaren arabera.

Bankuen interesen aurka badoa, auzitegiaren beste aukera da atzerako eragina 2014ko urrira artekoa dela erabakitzea; hau da, ardura tributariora mugatzea. Kasu horretan ia 2.300 milioi euroko zuloa kalkulatzen du Moody'sek bankuentzat; Ghesta sindikatuak, 3.630 milioi. Azken lau urteetan 1,5 milioi hipoteka egin dituzte Espainiako finantza entitateek. Bezeroek erkidegoei eskatu beharko liekete modu okerrean eurek pagatutako zerga, eta haiek, ondoren, bankuei eskatuko liekete itzulitako dirua, seguruenera.

Abusuzko klausula?

Auzitegiaren azken aukera bezeroen sari nagusia da. Zerga bankuek pagatzeaz gain, atzerako eragina mugarik gabea dela ebaztea litzateke. Baina, horretarako, auzitegiak abusuzko klausulatzat jo beharko luke bankuak zerga bezeroaren esku uztea. Abusuzko klausulen kasuetan ez dago muga tributariorik, lau urteko atzerako eragina, alegia.

Moody'sen arabera, bankuek 16.500 milioi euro galduko lituzkete zergaren itzulketa masiboan, baina 2004. urtera arte kalkulatu dute itzulketa, eta hipoteken zerga 1995. urtetik pagatzen da. Zaila ematen du Espainiako Auzitegi Gorenak halakorik erabakitzea. Kontuan hartu behar da bilkura antolatu dutela bankuen interesen aurka doan epai baten doktrina argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.