Zientzia

Genetikoki eraldatutako bi haur jaio direla zabaldu dute Txinan

Esperimentua ez da ofiziala. Mundu akademikoak salatu du legez kanpokoa dela, eta etikoki gaitzesgarria. Umeak hiesarekiko immuneak izatea lortu dutela diote ikerlariek

Jokin Sagarzazu -

2018ko azaroak 27
Genetikoki eraldatutako lehenengo bi haurrak jaio direla jakinarazi dute He Jiankiu ikerlari txinatarrak eta bere taldeak. Azaldu dutenez, horren bidez pertsona horiek etorkizunean hiesa ez garatzea lortu dute: GIB birusari immuneak izatea. Albistea egia balitz, lehenengo aldia litzateke genoma editatzea ahalbidetzen duen CRIPSR-Cas9 teknika erabilita haur bat jaio dena. Orain arte enbrioietan erabili da, baina laborategi lanetan, eta herrialde batzuetan soilik, baldintza zorrotzekin. Zientzialariek zuhurtziaz hartu dute albistea, eta, oro har, adierazi dute egia balitz mundu akademikoaren babesik gabe egin dela esperimentua; ohartarazi dute, halaber, legez kanpokoa izan daitekeela; eta, bereziki, egindakoak sortzen dituen zalantza etikoak azpimarratu dituzte.

Txinako Sustech Soutern University of Science and Technologyko ikerlaria da He Jiankiu. Berak jakinarazitakoa ez da ofiziala: ez da ezein aldizkari zientifikotan argitaratu. Unibertsitateak berak ohar batean adierazi du ez duela ikerketaren berri; uste du ikerlariak «modu larrian» hautsi dituela «kode etiko eta akademikoak». Youtuben jarritako bideo baten bidez eman du ezagutzera berria He Jiankiuk; Hong Kongen dago egunotan, manipulazio genetikoari buruzko jardunaldi batzuetan. Jaio diren bi haurren irudirik ez du jarri: esan du neskak direla, bikiak, —Lulu eta Nana—, eta «bikaina» dela haien osasuna.

Ikerlariak azaldu duenez, intseminazio artifizialaren bidez sortu zuten enbrioia, eta, ernaltzearen ostean, CRISPR erreaktiboak injektatu zizkioten, CCR5 genea indargabetzeko: hain justu, gene hori erabiltzen du GIB birusak sistema immunologikoan sartzeko eta hiesa garatzeko —aitak gaixotasun hori izango luke—. Gero, amaren uteroan txertatu zuten enbrioia, eta fase horretan ere hainbat azterketa egin omen zituzten; ikerlariak ziurtatu duenez, enbrioiak ez zituen aurreikusitakoa baino mutazio genetiko gehiago garatu. Jaio ostean ere egin omen dituzte probak hori hala dela ziurtatzeko.

AP agentziari eginiko adierazpenetan, ikerlariak jakinarazi du esperimentu gehiago egin dituztela eta balitekeela bere taldeak genetikoki eraldatutako haur gehiago jaiotzea. Azaldu du jakitun dagoela polemika handia piztuko duela, baina argudiatu du bere xedea dela «familia osasuntsuak izateko aukera berdintasuna zabaltzea».

«Zentzua dauka egiteak?»

He Jiankiuk esperimentu hori Europan edo AEBetan egin izan balu, legez kanpokoa litzateke, baina Txinan legeak ez dira hain zorrotzak. Herrialde horretan egin zituzten lehen probak giza enbrioiekin, 2015ean, baina han ere debekatuta egongo litzateke horiek gero emakume batean txertatzea.

Legedia izanik ere edizio genetikoaren garapenak duen muga nagusienetako bat, mundu akademikoak ere ez luke begi onez ikusiko ikerlari txinatarrak egindakoa. «Ez ditu zientziaren estandarrak betetzen. Baina benetan hala balitz ere, zoramena litzateke», ohartarazi du Asier Fullaondo EHUko Genetika irakasleak. «Teknikoki egin daiteke, baina badu zentzurik? Ez du ezer konpontzen». Fullaondok ezbaian jarri du, gainera, ikerlari txinatarraren xedea terapeutikoa denik: «Berez gaixorik ez dagoen enbrioi baten geneak aldatu ditu, haurrek etorkizunean izan dezaketen gaixotasun bat saihesteko, baina ezin du hori ere ziurtatu».

Horixe bera azpimarratu du Nerea Osinalde Biokimika irakasleak. «Helburua izan beharko litzateke heredagarria den gaixotasun bat sendatzea umea jaio aurretik. Baina berak prebentzioa, hobekuntza bat bilatu nahi izan du. Eta duda da: zer da hobekuntza? Eraldaketa genetikoen bidez ezaugarri jakin batzuk dituzten haurrak sortzea?».

Aurrera begira, halaber, aldaketa horiek pertsona horiengan sor ditzaketen bestelako eraginez ohartarazi dute bi irakasleek. «Eta aldatu dugun gene horrek beste funtzio batzuk izango balitu ikusi ez ditugunak?», galdetu du Fullaondok. «Eta heredagarria balitz hori?», gaineratu du Osinaldek. Horrekin lotuta, gurasoen babesgabetasuna azpimarratu dute. «Zein berme ematen zaizkie?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna