67.000 panel fotovoltaiko jarriko dituzte Arasurreko eguzki ortuan

Ekimen publikoz eta pribatuz, 24 milioi euro inbertituko dituzte Arabako parke fotovoltaiko handiena egiteko. Urtean 40.000 MW sortuko ditu 55 hektareako instalazio horrek

Ekian parke fotovoltaikoaren aurkezpena, atzo, Gasteizko Europa jauregian. IREKIA.
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Urtearen amaierarako, 67.000 eguzki panel jarriko dituzte Arasur industrialdean, Erriberabeitiko udalerrian, Araban. Ekian izena eman diote eguzki energia fotovoltaikoaren parkeari, eta ekimen publiko eta pribatuen lankidetzaz eraikiko dute, 24 milioi euroko inbertsioa eginda. Urtean 15.000 familiak egiten duten kontsumo elektrikoa asetzeko adina energia produzituko du 55 hektareako eguzki ortuak, 40.000 MW urtean gutxi gorabehera. Arabako parke fotovoltaikorik handiena izango da, 24 MWeko potentziarekin, baina ez Euskal Herriko handiena; izan ere, Tuteran (Nafarroa), Rios Renovables taldea bi parke da eraikitzekoa, eta bien artean 62 MWeko potentzia izango dute.

Arasurreko proiektua sustatu duten instituzioek eta enpresariek aurkeztu zuten atzo Ekian parke fotovoltaikoa, Gasteizen. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «herri proiektu» izendatu zuen Ekian, lankidetza publiko-pribatuz egingo delako, eta nabarmendu zuen Estrategia Energetikoa 2030 txostenaren helburuei erantzuten diela: «Hornikuntza handitzen du iturri berriztagarrien bitartez, eta hasiera ematen dio eguzki energiaren garapenari».

«Mentalitate aldaketa»

Urkulluk trantsizio energetikoaren aldeko «herri itun baten premia» aipatu zuen, eta instituzioen, enpresen, eragile ekonomiko eta sozialen, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatu zuen. Edozelan ere, erronka energetiko globalik garrantzitsuena «mentalitate aldaketa» dela azaldu zuen lehendakariak

Ekian proiektuak bi sustatzaile ditu: EEE Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN. Bien artean, sozietate instrumental bat sortu dute, interes ekonomikoko elkarte bat, zeinak hogeita hamar urte iraungo baitu.

Eguzki panelen parkearen sustatzaileez gain, hainbat sektoretako enpresek egin dute bat proiektuarekin: industriako, zerbitzuetako eta administrazioko enpresek; besteak beste, Aernnovak, Iberdrolak, Irizarrek, Petronorrek eta Senerrek. Atzo, proiektuaren aurkezpenean izan ziren enpresa babesleak, baina aurrerantzean ere enpresa gehiagok bat egin ahal izango dute Ekian parke fotovoltaikoarekin.

Eusko Jaurlaritzak «proiektu aitzindaritzat» jo du Ekian, lehen aldiz sustatuko delako eguzki panelen parke bat enpresa ugariren lankidetzaren bidez, enpresa horiek parkean instalatutako potentziaren zati baten jabe izanik.

Arasurreko parke fotovoltaikoak «euskal ekonomiaren ekosistema» indartuko duelakoan dago Jaurlaritzako burua. «Aukerak zabaltzen ditu hazten ari den sektore batean, eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko balio du».

Ekonomiaren hazkunde jasangarriaren aldeko apustua egin zuen Urkulluk, eta gaineratu gobernuak badituela baliabideak industria, ekonomia produktiboa eta nazioartekotzea babesteko. «Baliabideak ditugu inbertsio publikoaren hazkundea bermatzeko eta berrikuntzako proiektuak bultzatzeko, betiere Europan aitzindaritzan mantentzeko». Ekian proiektuak energia berriztagarrien sektorea indartzeko eta haren gaitasunak hobetzeko balioko du, lehendakariaren ustez.

Ur gaineko handiena

Ekianen parte hartuko duen euskal enpresa batek, hain zuzen ere, atzo iragarri zuen itsas gaineko munduko parke eolikorik handienaren eraikuntzan parte hartuko duela: Sener bizkaitarrak, hain justu.

Cobra taldea ari da egiten flotagailudun parke eolikoa Eskoziako uretan, kostaldeko Aberdeen hiritik hamabost kilometro itsas barrura. Ur gaineko haize erroten parkeak 50 MWeko potentzia izango du, eta 2 MWeko turbina bat eta 9,525 MWeko beste bost izango ditu. Espero dute haize errotak martxan egotea 2020. urterako, eta, hegalak mugitzen hasitakoan, munduko ur gaineko parke eolikorik handiena izango da. Miguel Domingo Senerreko Energia Berriztagarrien zuzendariaren esanetan, Cobrarekin egindako lankidetzan pilatutako jakintzari esker murriztu egingo dute itsas gaineko parkeen kostua etorkizunerako. Domingoren iritziz, parke flotagailuak aukera onena dira haizea egon arren sakonera handiegia dagoen itsas eremuetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.