Bake prozesuaren bururatzea

Filipinetan Bangsamoroko Eskualde Autonomoa sortzeko prozesua bukatuko da gaurko erreferendumarekin. Gatazka armatu luze bat amaitzeko xedea izan dute galdeketek

Bake prozesuaren bururatzea.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Joan den urtarrilaren 21ean Filipinetako Bangsamoro lurraldeko biztanle gehienek Bangsamoroko Eskualde Autonomoa sortzea erabaki zuten erreferendum bidez. Emaitza hagitz argia izan zen: 1,5 milioi alde (%88 inguru), eta 200.000 baino gutxiago aurka. Hala, egitura berriak ordezkatuko du Mindanao Musulmaneko Eskualde Autonomoa (ARMM), Benigno Aquino Filipinetako aitzineko presidenteak «huts egindako esperimentu» erran ziona. Erreferendum horren bigarren zatia gaur eginen dute: ARMMtik kanpo utzi zituzten dozenaka udalerrik bozkatuko dute eskualde autonomo berrian sartu nahi duten ala ez. Prozesu guztiak helburutzat du Filipinetan bortz hamarkada baino gehiago iraun duen gatazka armatua bukatzea. Denbora horretan, 160.000 pertsona inguru hil dituzte, eta bi milioik baino gehiagok alde egin behar izan dute sorterritik.

«BOLak [Bangsamoroko Lege Organikoak] konpontzen ditu ARMM legeak zituen oinarrizko hutsune batzuk, bereziki gobernu nazionalari eta eskualdekoari dagozkien botereen sailkapenarena», azaldu dio BERRIAri Benedicto Bacanik, Autonomia eta Gobernantza Institutuko zuzendariak. Bacanik nabarmendu duenez, zergen arloan zehaztu den eskumenak garrantzi berezia izanen du autonomia berriaren garapenean. «Eskualdeko parlamentuak ezarri ahalko ditu. Oraingo sisteman kongresu nazionalari zegokion eskualdearen aurrekontua onartzea».

Bangsamoro solasa malaysierazko bangsa (herria) eta gaztelaniazko moro (mairu) hitzen elkarketa bat da. Espainiak XVI. mendean Filipinak kolonizatu zituenean, hegoaldeko uharteetan bizi ziren biztanleei mairu izendapena eman zien, Iberiar penintsulako eta Afrika iparraldeko musulmanen erlijio berbera zutelako. Gaur egun, Espainian mairu solasak kutsu iraingarria du, baina Filipinetan identitate kolektibo bat adierazten du, herrialdeko musulmanak etnia askotarikoak badira ere, anitzek herri bakar bat direla sentitzen baitute.

Izan ere, Filipinetan kristau kalotikoak dira biztanle gehienak (%81), eta bigarren erlijio nagusia islama da (%5-%10 artean). Musulmanak soilik Bangsamoron dira gehiengoa, eta gatazka anitz izan dituzte Manilarekin.

Erreferendumera eraman duen bake akordioa Aquino presidenteak eta MILF Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak sinatu zuten 2012an. MILF 1970eko hamarkadan sortu zen, eta 1990eko hamarkadatik gobernuari aurre egin dion talde armatu nagusia izan da. Aquinoren agintaldia 2016an bukatu zen, eta bake prozesua Rodrigo Duterteren agintaldian ari da bururatzen.

Duterteren rola

Nazioartean ezaguna da Duterte, arlo batzuetan aplikatu dituen muturreko politikengatik, eta adierazpen gordin eta iraingarri anitzengatik. Bangsamoroko prozesuan, ordea, hagitz rol inportantea jokatu du. «Duterte mindanaoarra da, eta gatazkaren dinamikak ulertzen ditu», azaldu du Bacanik. «Lider politiko eta iraultzaile anitzen laguna da, eta eragin izugarria izan du kongresuan BOLak aitzinera egin zezan». Bangsamororen zati gehiena Mindanao irlaren mendebaldean dago, eta Duterte Davao hirikoa da, uharteko hiri nagusikoa —alkatea zen—.

Bangsamoro Filipinetako lurralderik pobreena da, alfabetizazio tasarik txikienak eta zerbitzurik kaskarrenak dituena. Indarkeria politikoaren arazoa ere konpondu gabe du, bake prozesu bat bururatzen ari bada ere, bertzelako helburuak dituzten talde armatu gehiago baitaude. 2017an Estatu Islamikoaren jarraitzaile diren taldeek Marawi hiria inbaditu zuten, eta Poliziak eta armadak bortz hilabete behar izan zituzten egoera kontrolatzeko —1.000 pertsona baino gehiago hil ziren—. Erreferendumaren testuinguruan ere egin dituzte erasoak; handiena, urtarrilaren 27an, Sulu irlan —bi suizidak 22 lagun hil zituzten katedral batean—.

«Legea ongi betetzen bada, eraginkortasunez aurre egin ahalko zaie estremismo biolentoa eragiten duten arazo sozioekonomikoei eta politikoei», uste du Bacanik. «Baliabide gehiagorekin eta autogobernu handiagoarekin, musulman moderatuen posizioa azkartu liteke esparrupolitiko berrian». MILFek garrantzi handia izanen du. «Bertze taldeekin elkarlanean jardun beharko luke biolentzia estremistaren aurkako kanpaina eraginkortasunez zuzentzeko». Bake akordioa betez, MILFek aginduko du trantsiziorako gobernuan, eta 2022an hauteskundeak eginen dituzte.

Bangsamorok duen bertze arazoetako bat «gerrako jauntxoak» dira, botere handia duten tokian tokiko liderrak. Bacanik azaldu duenez, lege berriarekin parlamentuaren erdia ez da barrutika aukeratuko, sistema proportzionalaren bidez, baizik. «Horrekin espero da alderdietan eta printzipioetan oinarritzen den politika bat garatzea, tradizionalki gerrako jauntxoek dominatu baitute eskualdeko politika».

Erabakitzeko esparruak

Erreferendumean, erabakitzeko esparru bat baino gehiago izan dituzte. Batetik, ARMMko lurraldeek autonomia berria sortu ala ez bozkatu zuten; hor, Sulu probintzian ezezkoak irabazi zuen, baina ARMM osoan baiezkoak argi irabazi zuenez, Sulu Bangsamoroko Eskualde Autonomoko parte izanen da. Bertze erabakitzeko esparruak izan dira historikoki Bangsamoro izan bai baina ARMMren parte ez ziren barrutiak. Errate baterako, urtarrilaren 21ean Basilan irlako Isabela Cityk eskualde berrian ez sartzea erabaki zuen, baina Cotabato Cityk baiezkoa erantzun zuen —Bacanik zuzentzen duen Autonomia eta Gobernantza Institutuaren egoitza han dago—.

Gaur, Hego Lanao eta Ipar Cotabato probintzietako dozenaka udalerrik erabakiko dute, baina horrez gain, bi probintzietako gainerako udalerriek ere bozkatuko dute bertzeei baimena eman ala ez erabakitzeko. Bacanik ohartarazi du «posible» dela Filipinetako Auzitegi Gorenak ebazpenen bat ematea lurraldetasun aferen inguruan, baina, bertzela, zehaztuta geldituko dira bakea bermatzeko helburua duen eskualde autonomoaren mugak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.