Hogei urteko zigor eskaera Gasteizen andre bat hil zuen gizonarentzat

2016ko ekainean izan zen: gizonak Zadorra ibaira bota zituen emakumearen gorpuzkiak. 60 urte zituen biktimak. Gaur hasiko da epaiketa, Arabako Probintzia Auzitegian
Mobilizazio jendetsuak eragin zituen Margaren hilketak 2016ko ekainean.
Mobilizazio jendetsuak eragin zituen Margaren hilketak 2016ko ekainean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2019ko otsailak 12
Indarkeria matxistak bere gordina erakutsi zuen 2016ko ekainaren 21ean: lau emakume hil zituzten Euskal Herrian. Angelun (Lapurdi), gizon batek tiroka hil zituen emaztea eta bi alabak, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Gasteizen, berriz, Marga izeneko emakume baten bila esnatu ziren; gizonezko batek aitortua zuen kolpeka hil zuela andrea, eta gorpuzkiak Zadorra ibaira bota zituela. Gizon horren aurkako epaiketa hasiko da gaur Arabako Probintzia Auzitegian. Fiskalak hogei urteko kartzela zigorra eskatu du, azpikeriazko hilketa delitu bategatik. 60 urte zeuzkan Margak —haren abizenik ez da ezagutarazi—, eta bi seme-alaba utzi zituen; 100.000 euroko kalte-ordaina ere galdegin dute haientzat.

Hilaren 21ean aurkitu zituzten emakumearen arrastoak, baina, berez, ekainaren 15ean hil zuen Marga, akusatuak berak hainbatetan aitortu duenez. Fiskaltzak akusazio idatzian jaso duenez, gizonaren etxebizitzan gertatu zen hilketa, Gasteizko Alde Zaharrean. Elkar ezagutzen zuten gizonak eta emakumeak: adiskide harremana zuten. Egun hartan, eztabaidan hasi ziren, eta akusatuak kolpe bat eman zion andreari objektu batez, «hiltzeko asmoz», fiskalaren aburuz. Emakumeak salaketa jartzearekin mehatxatu zuen, eta gizonak lotu egin zuen, eta immobilizatu. Ondoren, biktimaren «babesgabetasuna» aprobetxatuta, akusatuak jipoitu egin zuen. Buruko traumatismo ireki baten ondorioz zendu zen Marga.

Baina, hil eta gero, emakumea desagerrarazi nahi izan zuen akusatuak. Ondorengo egunetan, andrearen gorpua zatikatu zuen, eta arrastoak Zadorra ibaira bota zituen, Abetxuku ingurutik. Hainbat joan-etorri egin zituela uste du fiskalak, eta, besteak beste, poltsak, maleta bat eta bizkar zorro bat erabili zituela; hilotza zatitzeko baliatu zituen tresnak ere bota zituen. Ekainaren 21ean aurkitu zituen Ertzaintzak Margaren gorpuzkiak. Bezperan, akusatuaren gertuko batek Poliziarengana jo zuen, eta ohartarazi zuen gizonak hilketa bat aitortu ziola. Atxilotu ostean ere jarrera bera izan zuen: egindakoa une oro onartu zuen.

Akusatuari egindako azterketa psikologikoek azaleratu dute gizonak nortasunaren nahasmendu bat duela, baita alkoholarekiko eta kalamuarekiko mendekotasuna ere. Dena den, fiskalaren ustez, horrek ez du esan nahi gizonak erantzukizun kriminalik ez duenik: hilketa gertatu zenean, akusatuak ez zeukan galduta errealitatearen nozioa, eta, beraz, gai zen bere ekintzak ulertzeko, akusazio idatziaren arabera.

Auzitegi arrunt batean

Akusatuak 43 urte zituen hilketaren unean; behin-behineko kartzelaldian dago ordutik. Gaur hasiko da haren aurkako epaiketa, herri epaimahaia osatuko duten bederatzi kideak hautatuz; bihar espero da gizonak deklaratzea. Epaiketak hilaren 20ra arte iraungo duela aurreikusi dute.

Margaren hilketak mobilizazio jendetsuak eragin zituen duela ia hiru urte, mugimendu feministak deituta. Hala ere, auzitegi arrunt batek eraman du instrukzioa, eta ez bortizkeria matxistan espezializatutako batek. Genero indarkeriaren legezko definiziora lotu ziren hori erabakitzeko, hau da, argudiatu zuten hiltzailearen eta biktimaren artean ez zegoela bikote harremanik.