PD M5Srekin negoziatzen ari da, udazkeneko bozak saihesteko

Matarella Italiako presidentea alderdi nagusien ordezkariekin elkartuko da gaur. PDk «haustura» gobernua egin nahi du M5Srekin. Salvinik hauteskundeak eskatu ditu berriz

Nicola Zingaretti PD alderdiko buruak beren proposamena aurkeztu zien atzo hedabideei, Erroman. ANGELO CARCONI / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Italian, ez da hauteskunde orokorrik egiten udazkenean; ez azken ehun urtean, behintzat. 1919koa da salbuespen bakarra, herrialdea monarkia zenekoa. Badu bere arrazoia: urtea amaitu aurretik egiten dute hurrengo aurrekontua —abenduaren 30ean onartu zuten iaz—. Aurten, ordea, tradizioa eten daiteke: egunotan gobernu berri baterako akordiorik ez badago, bozetara deituko du Sergio Mattarella presidenteak. Atzo elkartu zen bi ganberetako presidenteekin, eta, gaur, alderdi nagusiekin elkartzekoa da. Hizkuntza minorizatuetako alderdiek osatzen duten Per le Autonomie taldeak adierazi zuen PD Alderdi Demokrataren eta M5S Bost Izar Mugimenduaren gobernu bat babesten dutela. Senatuko talde mistoak esan zuen nahiago duela gobernu berria, hauteskundeetara deitzea baino.

Matteo Salvini Lega eskuin muturreko alderdiaren buruak helburu argia zuen Giuseppe Conte lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuenean, hilaren hasieran: hauteskundeak nahi zituen. Alde ditu inkestak, eta lehen ministro izan nahi du. Contek dimisioa eman zuen herenegun, eta bi aukera besterik ez daude orain: gobernu berria osatu, ala hauteskundeetara deitu. Itxura batean, Salvini bera da hauteskundeak nahi dituen bakarra, eta haren kontra ikusten du mundua: «Orain sortutako edozein gobernu Legaren aurka ariko da», adierazi zuen atzo.

Italiako zenbait hedabideren arabera, Mattarella presidenteak ez du atsegin Legaren eta M5Sren arteko giro zakarra, eta gobernu berri bat osatzea izango da haren helburua, legealdia agortu artean egin beharreko lanak egin ditzan; besteak beste, datorren urteko aurrekontua onartu.

PDren eta M5Sren koalizio gobernuak dirudi aukerarik errealistena. Nicola Zingaretti PDko idazkari nagusiak horretarako asmoa erakutsi du, eta bost puntuko dokumentu bat bidali dio Luigi Di Maio buru duen M5Sri. Leialtasuna EB Europako Batasunari; errotiko aldaketak migrazio politikan, «elkartasun, legezkotasun eta segurtasun printzipioetan oinarrituta»; jasangarritasunerako garapena; ekonomia eta gizarte programa berria, birbanaketan sakontzeko; eta demokrazia parte hartzailearen onarpen osoa. Gako horietatik abiatuta hasi nahi du PDk M5Srekin elkarrizketa.

«Gobernu berritzaile baliagarri bat» osatzeko prest dago Zingaretti. M5Sko kide batek La Repubblica egunkariari adierazi zionez, adostasunerako dokumentua «oso lausoa» iruditu zaie: «Mahukak zabalak dira, eta guztiek nahi dutena jar dezakete barruan». Ez da erantzun ofizialik egon, baina bost puntuen artean, azkena gatazkatsua izan daiteke. M5S sistemaren aurkako diskurtsoarekin sortu zen, eta demokrazia zuzena du printzipiotzat. Alderdiak gaur egingo ditu adierazpenak, Mattarellarekin elkartu ondoren.

Di Maiok indarra galdu du Salvinirekin zuen koalizio gobernua erortzean, baina haren alderdiak esan du «buruzagi politikoaren inguruan elkartuta» daudela; «monolito bat gara». Conte hauta dezakete lehen ministro berriz, iritzi publikoan egun Di Maiok baino pisu handiagoa duelakoan? Zingarettik ez du horretarako asmorik: «Haustura behar dugu, programan zein izenetan».

Gobernu berrirako elkarrizketa hasi berritan, PDk hartu du gidaritza, orain arte oposizioburu izan den alderdiak; Legak irabazi zituen iazko hauteskundeak, nahiz eta M5Sk boto gehiago jaso. Salvinik atzo gogorarazi zuen parlamentuko talderik handiena dela haiena, eta aukera guztiak aztertuko dituztela gaur Mattarellarekin elkartu aurretik. Halere, errepikatu du hauteskundeak aurreratzea dela aukerarik onena, eta egongo dela aurrekontua onartzeko denbora.

G7ra, krisi betean

Egun korapilatsuak izaten ari dira Italian, baina, gobernu krisia konpondu bitartean, Miarritzera (Lapurdi) bidali beharko dute norbait asteburuan, G7 goi bilerara. Erroma agendarik gabe joango da hara, eta oraindik ez du jakinarazi zein ordezkari bidaliko dituen. Giovanni Tria jarduneko Ekonomia ministroa Di Maiorekin elkartu da azken egunotan, Europaren egoeraz aritzeko.

Iaz, jarrera argirik gabe joan zen Italia G7ra, eta tirabira askoko harremana izan du ordutik gainontzeko kideekin. Errusia berriro taldean onartzearen alde agertu zen Conte, baita EBk zigorrak kentzearen alde ere. Migrazio gaietan, ez du harreman ona Frantziarekin, ezta Bruselarekin ere, ekonomia kontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.