'Rousseau'-k baiezkoa eman du

M5Sren oinarriek onartu egin dute PDrekin Italia gobernatzeko programa. Bi indar politikoek konpromisoa hartu dute Salviniren migrazioari buruzko dekretuak moldatzeko

Luigi Di Maio M5Sren buruzagia pozarren agertu zen atzo, mugimenduaren oinarrien baiezkoa jaso zuelako. ALESSANDRO DI MEO / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratikoak (PD) pauso erabakigarri bat eman zuten atzo, elkarrekin gobernatze aldera. Osatu nahi duten koalizioaren programa adostuta, bi indar politikoek publiko egin zuten 26 puntuko dokumentu hori, eta M5Sko militanteen esku utzi zuten aurrera jarraitzeko erabakia: Rousseau barne plataforma digitalaren bidez, mugimenduaren oinarriek babesa eman zioten bi indar politikoek adosturiko bide orriari —botoen %79,3ko babesa jaso zuen—, eta, hortaz, hauteskunde aurreratuak eragoztekotan dira Italian. Orain, Giuseppe Conte lehen ministrogaiak Sergio Mattarella Italiako presidenteari azaldu beharko dio gobernu akordioa eta zeintzuk izango diren haren ministroak; hori da azken pausoa: Mattarellaren baiezkoa jasotzea. Gaur izango dute hitzordua.

M5Sk eta PDk astebete eskas izan dute legealdiko programa adosteko, eta, oraindik zehaztasun handiak falta diren arren—lau orrialdeko dokumentu bat aurkeztu dute—, egunok baliatu dituzte gobernu koalizio berriaren norabidea finkatzeko. Luigi Di Maio M5Sren buruzagia pozik agertu zen atzo, barne kontsultaren emaitzaren berri ematean: «Plebiszitu bozketa bat izan da. Harro egon behar dugu 80.000 italiarrek euren iritzia eman dutelako munduan bakana den plataforma batean. Krisi politiko bat konpondu dugu abuztu bete-betean. M5S indar politikorik handiena izango da [gobernuan]».

Dokumentua aztertuta, aldaketak nabaritu dira Di Maioren mugimendu politikoak hainbat auziren inguruan duen jarreran, Legarekin iaz adosturiko programarekin konparatuz gero; izan ere, PDk lortu du M5Sk gai batzuen inguruan duen iritzia aldatzea, edo, gutxienez, leuntzea.

Migrazioa da horren adibide: programaren arabera, Di Maio buru duen indar politikoak konpromisoa hartu du Matteo Salvini jarduneko Barne ministro ohi ultraeskuindarrak sustaturiko dekretuak moldatzeko. Hau da, gobernuz kanpoko erakundeen aurkako jazarpena amaitzekotan dela iradoki zuten.

Horretarako, baina, gobernu koalizioa osatuko duten bi indar politikoek ezinbestekotzat dute auziari «irtenbide europar indartsu bat» ematea; zehazki, programak dio «segurtasun arloko diziplina eguneratu beharko» dela, «errepublikako presidenteak esandakoari jarraituta». Contek ere antzeko mezu bat helarazi zuen iragan astean, bi indar politikoek jakinarazi zutenean elkarrekin gobernatzen saiatuko zirela.

M5Sk, halere, lortu du bere proposamen ezagunetako batzuk gobernu akordioan txertatzea: besteak beste, Ordezkarien Ganberako diputatu kopurua murriztea eta gutxiengo soldata bat finkatzea. Aipamenik ez dio egin, ordea, Legarekin iaz adostu zuen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarentzako (PFEZ) flat tax delako tarifa finkoari; familiei %15 eta %20 arteko tipoa ezartzea negoziatu zuten, eta enpresei %15ekoa. Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) igoera blokeatzea ere adostu dute bi indar politikoek.

Kanpora begira, Europako Batasunarekiko (EB) jarrera ere leundu dio PDk M5Sri. Kritika bakarra ageri da dokumentuan, Italiako aurrekontuei begira —udazkenean negoziatuko eta bozkatuko dituzte—: «Kohesio soziala indartzeko, [Europako] batzorde berriarekin inbertsioak eta malgutasunaren mugak biziberritu beharko dira. Hori lor daiteke beharrezkoak diren aldaketak eginda: aurrekontuei buruzko Europako legediaren irmotasuna aldatuz. Arauak behar dira hazkunde ekonomikorako, ez soilik egonkortasunerako».

Iaz, esaterako, bi hilabeteko lehia akordio batekin amaitu zuten Europako Batzordeak eta Italiako Gobernuak, abendu hasieran. Lehen aurrekontu proiektuak barne produktu gordinaren (BPG) %2,4ko defizita aurreikusten zuen, baina azken proposamenean %2,04koa proposatu zuen Erromak; Bruselak, bada, onartu egin zuen, gastu batzuk atzeratu egin zituztelako.

Italiako hamaikagarren gobernu krisia Salviniren erabaki baten ondorioz sortu zen. Iragan hilaren 9an, Legaren buruzagiak zentsura mozioa aurkeztu zuen Conteren aurka, eta hark dimisioa ematea erabaki zuen. Ordura arte, Lega koalizioan ari zen gobernatzen MS5rekin, baina, inkestek aurreikusten dizkioten emaitza onak aintzat hartuta, Salvinik koalizioa haustea erabaki zuen, bozetara joateko; mugimendu politiko hori ez zaio nahi bezala atera, ordea, M5S eta PD ados jarri baitira gobernatzeko.

Behin-behineko egutegiaren arabera, Contek proposaturiko ministroek bihar egingo dute karguaren zina, eta, etzi, koalizioaren lehen ministrogaiak Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren babesa jaso beharko du kargua bigarrenez hartzeko. M5Sk 217 diputatu ditu ganberan, eta PDk, berriz, 112 —630 dira guztira—; hortaz, ez litzateke arazorik egon behar Conteri baiezkoa emateko.

Senatuan, berriz, koaliziokideek ez dute gehiengo osorik, eta beste alderdi baten babesa beharko dute: 319 senataritik, M5Sk 107 ditu, eta PDk, 51. Askeak eta Berdinak ezkerreko alderdiak lehen ministrogaia babesteko asmoa erakutsi du egunotan, eta ikusteko dago jarrera horri eutsiko dioten etzi ere.

Ministroen izen-abizenak

Contek ez zuen atzo haren lantaldearen berri eman, baina Italiako hedabideek lehen izen-abizenen berri eman zuten. Horien artean legoke Di Maio, Atzerri ministro karguan; ez, ordea, Nicola Zingaretti PDren idazkari nagusia, uko egin baitio gobernuan sartzeari.

M5Sren eta Legaren arteko gobernuan ez bezala, oraingoan ez da lehen ministrorde kargurik izango gobernu berrian; bi indar politikoen arteko adostasuna lortzeko baldintzetako bat izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.