Navarra Sumak PSNri hatza sartu dio berriz

Beste taldeek atzera bota dute eskuineko koalizioaren lege proposamena, amatasun laguntzen atxikipenak itzultzeari buruzkoa. PSNk arrazoitu du aintzat hartu dutela Auzitegi Nagusiaren epaia

Navarra Sumako Marta Alvarez atzo, parlamentuan. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Alferrik. Aurreko legealdian PSNk hartu zuen jokabidearen jakitun, legealdi hasiera honetan haren kontraesanak etengabe bilatzen dihardu Navarra Sumak. Duela pare bat aste, ikurren lege berria egiteko proposamena atera bazuen, atzo eskuineko koalizioak ildo beretik egindako beste bi proposamen eztabaidatu ziren Nafarroako Parlamentuan: bata, euskararen foru dekretua atzera botatzeko; bestea, amatasun laguntzen atxikipenak 2015etik hona itzultzeko. Bi kasuetan, PSNri hatza sartu nahi izan dio berriz, Maria Txibiteren gobernu barruan bazkideen arteko arrakalak bilatzeko asmoz. Duela bi aste ez bezala, PSNk gainerako taldeekin bat egin zuen atzo, eta atzera bota zituzten bi proposamenak. Ramon Alzorriz eledun sozialistak jarrera aldatzeko eskatu zion Navarra Sumari: «Legealdi hasiera honek agerian utzi du zuen immobilismoaren ondorioz bakar-bakarrik geratu zaretela; aldiz, gure pragmatismoak presidentetzan jarri gaitu».

Amatasun baimenen atxikipenaren eztabaida iaztik dator. 2018ko urrian, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Gizarte Segurantzak ordaindutako amatasun laguntzari ezin zitzaiola errenta zergarik ezarri. Gorenaren arabera, Espainiako erregimeneko legedian ez zegoen ondo adierazita laguntza horiek errenta zergatik salbuetsita egon behar luketela; ondorioz, atxikipenok itzultzean atzerako eragina ezartzeko aukerari atea ireki zion.

Hegoaldean, bi norabide

Hego Euskal Herrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek erabaki zuten epaia aintzat hartzea eta foru arauak aldatzea,eta 2014tik amatasun laguntza jaso zutenei atxikipenak itzultzea. Aldiz, Nafarroako Gobernuak beste bide bat hartu zuten: zerga autonomiaren ondorioz, epaia betetzea ez zegokiola iritzita, atxikipenak ez itzultzea erabaki zuen. Halaber, urtarriletik aurrera amatasun zein aitatasun baimenei %25era arteko zerga kenkaria aplikatu diote, neurri hori «progresiboagoa» delako.

UPNk, PPk eta PSNk gogor egin zuten erabaki horrren kontra. Gorenaren epaiaren ondotik, zerga atxikipenak itzultzeko lege proposamena aurkeztu zuten Parlamentuan, eta Barkosen gobernua sostengatzen zuen laukoak bertan behera utzi zuen. Alderdiok hauspotuta, neurriaren aurka zegoen ama talde bat antolatu egin zen, eta auzitara jotzea erabaki zuen, «Espainiarekin alderatuta, diskriminatuta» zeudela eta berdintasuna ukatu zitzaiela argudiatuz. Maiatzeko kanpainara begira ere, Navarra Sumak zein PSNk atxikipenak itzuliko dituztela promes egin zuten.

Geroztik, gauza ugari aldatu dira, ordea. Politikoki, jada ez da Uxue Barkos lehendakari, Txibite baizik. Uztailaren 4an, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra negoziazio betean zeudela berriro ere zerga atxikipenak itzultzeko beste lege proposamen bat erregistratu zuen parlamentuan Navarra Sumak. Aldaketatxiki batekin: 2014tik hona izan ordez, 2015etik honako atxikipenak itzultzea proposatzen zuen.

Judizialki, berriz, aurreko astean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko epaitegiak atzera bota zuen guraso taldeak aurkeztutako erreklamazioa, eta ebatzi zuen Gorenaren epaia ez duela zertan Nafarroan aplikatu. Auzitegi Nagusiaren arabera, bi arau diferente dira, eta Nafarroako legean ondo adierazita dago amatasun laguntzen atxikipena ez dagoela errenta zergatik salbuetsita.

Navarra Suma, aurrera

Atzo, Navarra Sumak argudiatu zuen euren lege proposamena ez zegoela epai horrekin kontraesanean. Marta Alvarez parlamentariaren esanetan, gobernuak nahi izanez gero, atxikipenak itzul ditzake, ez baitu segurtasun juridikoa urratzen, eta, «interes orokorreko auzia» denez, atzerako eragina ezar dezake. Giltza PSNk zuela jakinik, sozialistei ohartarazi zien «Barkosek ez dielako utzi» eman zutela ezezkoa: «Espainiako gainerako gurasoenegoera berean geratzen ez badira Nafarroakoak, amore emango duzue, eta pertsona horiei gezurra esango diezue aurpegira».

PSNko Ramon Alzorrizek, aldiz, gogorarazi zion Alvarezi epaiak «ezinezko» egiten duela atxikipenak itzultzea. «Zuek, bai, herritarrei iruzur egiten ari zarete». Alzorrizen arabera, Navarra Sumak PSNrekin konfrontazioa lortu nahi du, eta arazoari irtenbidea ematea ez zaio inporta. Urtebete honetan guztian Barkosen gobernuak hartutako irtenbidearen aurka egin duenez, PSNk orain «beste bide bat» nahiago duela aurreratu du. Iradoki zuen araudi aldaketa bat proposatuko duela, gehiago zehaztu gabe.

Geroa Bairen ustez, aurreko gobernuaren posizioa babestu du epaiak, «herritarrei iruzur egin gabe». Blanca Regulezen arabera, Navarra Sumaren planteamendua «sinplista» izateaz gain, zerga autonomiaren aurkakoa da.

Antzera mintzatu zen EH Bilduko Adolfo Araiz. Haren ustez, epaiak talde bakoitza «bere tokian» utzi du, eta atxikipena itzultzearen alde egin duen guraso talde horri iruzur egitea aurpegiratu zion Navarra Sumari. «Zuek bultzatu dituzue auzitara». Haren irudiko, atzean eztabaida ideologiko bat dago, atxikipenak itzuliz gero errentarik handieneko familiek «abantaila handiagoa» lortzen dutelako.Hala ere, PSNri orain arte izan duen jarrera gogorarazi zion. «Ongi etorri errealitatera! Epaiak berretsi du zuek ez zenioten hori. Agerian utzi zaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.