LABek eta Adegik akordioa egin dute Gipuzkoako arte grafikoetan

Datorren aste osorako greba deialdia bertan behera utzi du sindikatuak. Batzarren esku dago adostutakoa onartzea. ELAk ez du bat egin, «gehiagorako tartea» zegoela iritzita

Hodei Iruretagoiena - Iker Aranburu
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Langileen esku dago Gipuzkoako arte grafikoetako gatazkak jarraitzea. Ondorengo egunotan egitekoak dituzten batzarretan erabaki beharko dute langileek LABek Adegirekin adostutako hitzarmena onartzen duten, ala, ELAren moduan, akordioa arbuiatzen duten, motz geratzen dela uste dutelako. Azken hauteskundeetan, ordezkaritzaren gehiengoa jaso zuen LABek —langileen %52 ordezkatzen ditu—, baina ELA ez zitzaion oso urruti geratu, ordezkaritzaren %46 bereganatu baitzuen. Gainontzeko %2 UGTrentzat izan zen.

Urte hasieratik negoziatzen aritu eta zortzi greba egun egin ondoren, LABek atzo goizean jakinarazi zuen patronalarekin hitzarmena berritzeko akordioaren aurrekoa lortu zuela. Bost eguneko greba deialdia egina zuen sindikatu abertzaleak datorren asterako, baina bertan behera utzi zuen, langileek beren iritzia jakinarazi arte. Langileek onetsiz gero, azaroaren 11n sinatuko dute akordioa.

1.300-1.400 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako arte grafikoen sektorea. Tamaina txikiko 140-150 enpresa daude, gutxi gorabehera.

LABek hitzartutakoa

Soldata igoerak eta bestelako eskubide batzuk ere jaso dituzte Adegiren eta LABen arteko aurreakordioan. Soldata KPIaren gainetik igoko diete, urtez urte, 2021ean KPIa baino 0,75 puntu gehiagora iritsi arte. Hitzarmeneko bi kategoria baxuenak (1.16 eta 1.21) batu, eta haiei 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea ere lortu dute. «Prekaritatearen aurkako borrokan oso urrats garrantzitsua iruditzen zaigu», ziurtatu du LABek, agiri baten bidez.

Bestelako eskubide batzuk ere jasotzen ditu itunak: aldi baterako laneko enpresen bidez ari direnei ere antzinatasunerako zenbatuko diete denbora hori; lizentziak hartzeko baldintza hobeak izango dituzte; eta guraso bakarreko familiek %50 ordu gehiago izango dituzte medikuarengana joateko.

Halaber, enpresetan euskara sustatzeko eta normalizatzeko mahai bat sortuko dute. Sindikatuek eta patronalak batzorde bat eratuko dute sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat egiteko.

Beste garaipen bat ere nabarmendu du LABek: blindaje klausula bat sinatu du Adegik, Gipuzkoako hitzarmena Espainiako hitzarmenetik babesteko. «Adegik sinatzen duena lehen aldia da», azaldu dute: «Duela gutxi, baztertu egin zuten papergintzaren hitzarmenean». Sindikatuko kideen iritziz, «urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboa estatalizatzearen aurkako borrokan». Gainera, azaldu dute aurrerapen horiek «langileen borrokari esker» izan direla posible.

ELAk, berriz, uste du goiz dela borroka hori bera uzteko. Haren iritziz, LABek borroka «presaka» utzi du, eta «jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatu du». Harrigarritzat jo duLABen jarrera, uste baitu «gehiagorako tartea» bazutela protestekin jarraituz gero.

Blindajea, auzitan

ELAk esan du LABek onartutakoa Adegiren azken proposamena dela, eta «balorazioa negatiboa» egiten duela haren inguruan. «Patronalak jarraitzen du aldi baterako laneko enpresen eta lizentzien lege egokitzapenak bere proposamen gisa saltzen». Sindikatuaren iritziz, 1.47 profilak gutxienekoa izan behar luke, eta soldata igoerak ez dira nahikoa: «ELAk eta LABek azken bileran proposatu genuen KPIaren gainetik 2,75eko igoera, eta urrun daude oraindik hortik». Gainera, ELAk azaldu du errelebo kontratuen gaiari ez diotela heldu.

LABek onartutako proposamenarekin, ELAk auzitan jarri du Gipuzkoako arte grafikoetako lan hitzarmenaren blindaje klausularen eraginkortasuna.

Gipuzkoako arte grafikoetako sektoreak hiru urte daramatza lan hitzarmena berritu gabe, baina egoera okerragoa da inguruko lurraldeetan. Esaterako, Bizkaiko arte grafikoetan 2011tik daude lan hitzarmenik gabe, eta Nafarroan , berriz, 2012tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.