Trapero: «Ahal genuen guztia egin genuen galdeketa egin ez zedin»

Atzo hasi zen Kataluniako mossoek 2017ko urriaren 1ean izandako jokabidea zigortzeko epaiketa. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu mossoen buru ohiarentzat

Josep Lluis Trapero, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaletik irteten, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen, Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako mossoek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izan zuten jokabidea zigortzeko epaiketa. Akusatuak hauek dira: Josep Lluis Trapero mossoen buru ohia, Pere Soler zuzendari ohia eta Cesar Puig Kataluniako Barne Ministerioko idazkari nagusi ohia. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatu du horientzat, matxinada delituagatik. Laugarren akusatua Teresa Laplana da, mossoetako intendente ohia, eta harentzat, berriz, lau urteko kartzela zigorra eta 11ko inhabilitazioa eskatzen du, sedizioagatik.

Miguel Angel Carballo Goreneko fiskala izan zen Traperori galderak egiteko arduraduna, besteak beste Altsasuko gazteen auzian eta Kataluniako CDRen aferan parte hartzeagatik ezaguna den fiskala. Goizetik arratsaldera luzatu zen saioa, eta, bertan, mossoek 2017ko irailaren 20an eta urriaren 1ean izandako jokabidea defendatu zuen Traperok: «Ahal genuen guztia egin genuen erreferenduma egin ez zedin; agindu guztiak bete genituen». Eskoletan bildu zen jendearen erresistentziak, ordea, ez zien lana erraztu: «Eskoletara sartzeko banan-banan kendu behar genuen pertsona bakoitza; ez genuen espero jendeak halako indarrarekin defendatuko zituenik hautetsontziak».

Guardia Zibilarekin batera egun hartarako operazioa osatzean zenbait ika-mika izan zituela aitortu zuen Traperok, nagusiki Diego Lopez de los Cobos koronelarekin: «Eztabaida gogor bat izan genuen. 2,3 milioi pertsona kalean izanda edozer gerta zitekeen, eta nire lehentasuna zen istripurik edo ezbeharrik ez gertatzea; erantzun zidan hori ez zela aitzakia erreferenduma egiteko».

Traperok bere izendapenari buruz esan zuenez, 2017ko apirilean mossoen buruzagitza hartu izanak —U-1eko erreferenduma baino hilabete gutxi lehenago— ez zuen loturarik izan prozesu subiranistarekin. Traperoren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente zenak ez zuen bere izendapenaren berri, eta Albert Batlle mossoen zuzendari ohiak proposatu zuen kargurako. Puigdemontekin zuen harreman pertsonalaz galdetuta, «ez ona, ez txarra» zela esan zuen, eta horrek ere ez zuela zerikusirik izan izendapenean.

Batllek urriaren 1eko galdeketa baino bi hilabete lehenago utzi zuen mossoetako zuzendari postua, ez zetorrelako bat gobernuak galdeketarekiko hartutako jarrerarekin. Haren ordezkoa, Pere Soler, epaitua izaten ari da, Traperorekin batera.

Irailaren 20a

2017ko irailaren 20ko protestetan izan zuten jokabideaz ere jardun zuen Traperok. Milaka manifestari Kataluniako hainbat tokitan elkartu ziren Guardia Zibilak egin zituen miaketak salatzeko. Kontatu zuenez, Guardia Zibilak laguntza eskatu zien mossoei, baina, Traperok berak jakinarazi zienez, ez zuten efektibo nahikorik eskariak betetzeko: «Aurreikuspenik gabe ezin genituen osatu 40 metroko bost polizia lerro; saiatu ginen tokietan, jendea parean jarri zen, eta horrek arazo larriak sor zitzakeen milaka pertsonako kontzentrazio batean».

Egun hartan Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearekin izandako deiei buruz, esan zuen ohikoa dela mossoek harremana izatea manifestazioetako liderrekin: «Emaitza oso onak eman izan dizkigu». Sanchezekin eztabaidaren bat izan zuela ere aitortu zuen mossoen buru ohiak, «erakunde bat ordezkatzen duen pertsona bat ez baita inor Poliziari esateko nola jokatu behar duen».

Zenbait galderaren bidez, Carballo fiskalak iradoki zuen Traperok lotura zuela independentismoarekin. Mossoen buru ohiak argi utzi zuen ez zuela ezagutzen inongo proiektu independentistarik, eta kargua onartu zuenean ez zuela kontuan hartu Kataluniako egoera politikoa. Kataluniako Gobernuak independentziarako aldebakarreko bidean hartutako erabaki asko «astakeria bat» zirela ere esan zuen.

Matxinada ala sedizioa?

Buruzagi independentisten kontrako epaiketan, hamabi akusatutik bederatzi sedizioagatik zigortu zituen Gorenak, eta, logika berari jarraituz, atzo hasi zen epaiketako akusatuek ere delitu horri egin beharko liokete aurre, eta ez matxinadari. Olga Tubau Traperoren abokatuak azaroan eskatu zion fiskaltzari akusazioa aldatzeko —epaiketa behar bezala prestatu ahal izateko—, Gorenak emandako epaiaren jakitun. Halere, Carballo fiskalak azaldu zuenez, amaierara arte matxinada egotziko die Solerri, Traperori eta Puigi. Oraindik bada aukera bat, ordea; epaiketaren amaieran, froga guztiak aztertu ondoren, posible da fiskaltzak akusazioa aldatzea, eta horretarako aldez aurretiko jarrera erakutsi du epaiketan.

Printzipioz martxora arte iraungo du epaiketak. Bitarte horretan, fiskaltzak eta defentsak eskatutako 104 lekukok deklaratuko dute, tartean Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, zeina kartzelan baitago; ikusteko dago Madrilera eramango duten ala bideokonferentzia bidez emango duen lekukotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.