Koronabirusa munduan

Itxialdia arindu du Londresek

Bost mailako alerta egoera jarri du indarrean Erresuma Batuak. Ingalaterran, ekainaren hasieran zabalduko dituzte eskolak, eta uztailean jatetxe eta ostatuak

Langile bat kalea desinfektatzen, Londresen. WILL OLIVER / EFE.
Jone Bastida Alzuru, Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Covid Alerta Sistema jarri du indarrean Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Bost mailako alerta sistema bat da; lehen maila apalena litzateke, eta bosgarrena, larriena. Orain, Ingalaterra hirugarrenera igarotzeko prest dagoela iritzi dute agintariek, hau da, egunerokoari jarritako murrizketak arintzen hasteko pronto dagoela. Horrela, igandean iragarri eta atzo aurkeztutako planaren arabera, maiatzaren 13tik aurrera lehen fasean sartu eta konfinamendua laxatzen hasiko dira. Horko neurriak, baina, soilik Ingalaterran ezarriko dira, eta ez Galesen, Eskozian eta Ipar Irlandan.

Bihartik, besteak beste, kalera irten eta jende gehiagorekin elkartzeko aukera izango dute herritarrek, betiere bi metroko segurtasun tartea errespetatzen badute. Horrez gain, kirola egitera ere batera atera ahal izango dira etxe berean bizi direnak, egunean nahi beste aldiz eta denbora mugarik gabe. Espazio itxietan, berriz, maskarak erabiltzeko gomendatzen dute, eta, ahal bada, garraio publikoa ez erabiltzeko.

Lantokiei dagokienez, etxetik lan egiten segitzeko aholkatu du gobernuak, baina, hori ezinezkoa den kasuetan, lantokietara itzuli ahal izango dira; eraikuntzan eta industrian, kasurako. Laboristek kritikatu egin zuten neurri hori, salatuz ez zaiela langileei segurtasun neurriei buruzko informaziorik eman, ezta enpresei horiek prestatzeko tarterik eskaini ere. Hain zuzen, Keir Starmer Alderdi Laboristako buruak gaitzetsizuen langileak babesteko planik egin gabe «jardunera bultzatzea».

Johnsonek zehaztu zuen ez dela gobernuaren asmoa jendeari lantokietara itzultzeko eskatzea, eta beste alternatibarik ezean egin beharko dutela urrats hori, baina lehentasuntzat jarri dutela eraikuntza, manufaktura eta ehungintza alorrak abian jartzea.

Mugak murrizteko lehen fasea litzateke hori Ingalaterrarentzat. Gobernuak argitaratutako planak argitzen duenez, kutsatzeek behera egiten jarraitzen badute, ekainaren hasieran oinarrizkoak ez diren merkataritza guneak zabaltzen hasiko lirateke, eta lehen hezkuntzako haurrak eskolara itzuli ahal izango dira, modu mailakatuan. Horrez gainera, kirol eta ekintza kulturalak baimenduko dira, ateak itxita eta babes neurriak hartuta. Hotelak, zinemak, ile apaindegiak, jatetxeak etagurtza guneak, aldiz, ez dira irekiko uztaila baino lehen. Dena ondo bidean, hilaren 4an ekingo diote horiek zabaltzeari.

Dena den, Johnsonek atzoohartarazi zuen prozesuak atzera-aurrerak izan ditzakeela: «Datuak okerreko norabidetik badoaz edo alerta maila igotzen bada, ez dugu zalantzarik egingo balaztatu eta neurrietan atzera egiteko, estatu mailan, eskualdekoan edo tokikoan».

Ingalaterran baino ez

Ingalaterra da oraingoz alerta sisteman hirugarren mailara igaroko dena. Izan ere, Galesek, Eskoziak eta Ipar Irlandak badute itxialdiko neurriak kudeatzeko eskumena, eta uko egin diote Londresen lelo berriarekin bat egiteari: Egon erne, saihestu birusa, salbatu bizitzak.

Herrialde horiek Geratu etxean leloari eutsiko diote hemendik aurrera ere, eta ez dira hasiko konfinamendua arintzen; ez behintzat Ingalaterraren erritmo berean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak azaldu zuen pandemiaren «garai kritikoan» daudela. Hori dela eta, eskoziarrei euren bizitokietan geratzeko deia egin zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.