Biden, eta nola hasi agintaldia

AEBetako Senatuaren kontrolerako erabakigarriak izango diren bozak egingo dituzte gaur Georgia estatuan. Pelosi hirugarrenez aukeratu dute Ordezkarien Ganberako presidente

Joe Biden AEBetako presidente hautatua Georgia estatuko Atlanta hiriburuan, iragan hilabetean, senatarigai demokraten aldeko kanpaina egiten. A. POINTER / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Egunotan, Joe Biden ziurrenik oroitu egin da Barack Obamaren bi agintaldiez (2008tik 2016ra), eta, zehazki, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguak dituen mugez. Biden, garai hartan presidenteorde zena, egun estatuburu hautatua da, eta litekeena da hark ere jasan behar izatea, aurten hasita eta gutxienez bi urtez, Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren kontrola ez izatearen errealitate gatazkatsu eta frustragarria. Alderdi Demokratak behe ganberaren kontrolari eutsi dio, baina goi ganberan errepublikanoak dira faborito gehiengoari eusteko, gaur Georgia estatuan egingo dituzten hauteskundeetan.

AEBetako Senatuak Europakoek baino prestigio eta pisu handiagoa du etxeko politikan —legeak pasatzeko eta hautagaiak onartzeko, esaterako—, eta, hortaz, alderdientzako altxor preziatua izaten da legealdietarako; baita presio egiteko modu eraginkorra ere, herrialdeko presidenteari agintaldia zaildu edo erraztu diezaiokeelako. Bidenek badu horretan esperientzia, presidenteorde izan zen zortzi urteetan demokratek soilik 2008tik 2010era izan baitzuten bi ganberen kontrola, eta 2014tik 2016ra galdu baitzuten biena; tartean, Senatuaren kontrola izan zuten, 2010etik 2014ra, baina ez, ordea, Ordezkarien Ganberarena.

Egun, egoera kontrakoa da: behe ganbera presidente hautatuaren alderdiaren esku dago, eta goi ganbera, errepublikanoen kontrolpean. Litekeena da egoerak bere horretan jarraitzea gutxienez 2022ko bozetara arte, errepublikanoek dena aldeko baitute Senatuari eusteko, inkestek agerian utzi dutenez; 100dik 50 senatari dituzte, eta, Georgian jokoan dauden bi eserlekuetatik bakarra eskuratuz gero, Bideni agintaldiaren lehen partea zailtzeko adina indar izango dute.

Iragan azaroko hauteskundetan, 1992az geroztik lehenengoz, demokraten hautagaiak jaso zuen boto gehien presidentea aukeratzeko bozketan, baina, salbuespen hori kenduta, Georgia azken hamarkadetan errepublikanoen alde egiten duen estatu bat bilakatu da. Trumpen porrotaz eta iruzur salaketez gain, aurtengo topaketa berezia bilakatu da bozketa berriz egin behar izan dutelako—azaroan hautagai bakar bat ere ez zen botoen erdira baino gehiagora iritsi—, eta bi eserlekuak errepublikanoen esku daudelako: David Perdue eta Kelly Loeffler. Aurrean Jon Ossoff eta Raphael Warnock izango dituzte, hurrenez hurren.

Koronabirusaren testuinguruan, eta negu betean daudela kontuan harturik, oinarriak mobilizatzeko gaitasunean egongo da gakoa bi alderdientzat. Iragan asterako, 2,6 milioi herritarrek dagoeneko eman zuten botoa, iragan azaroko topaketako kopuruaren antzera; demokratentzat albiste ona izan liteke, baina helduagoek eta, hortaz, errepublikanoen oinarriaren parte handi batek oraingoan posta bidezko botoa eman izanak ez du argitu zein izango diren emaitzak.

Bidenentzat, ezinbestekoa da bi postu horiek irabaztea: kasu horretan, alderdiek 50na senatari izango lituzkete, baina, berdinketen kasuan AEBetako presidenteordeari dagokio azken botoa ematea; hau da, Kamala Harrisi.

Testuingurua edozein dela ere, AEBetako presidente hautatuaren alderdiak zelaia markatu nahi izan du Georgiako hauteskundeen bezperan, herenegun aukeratu baitzuten Nancy Pelosi, hirugarrenez, Ordezkarien Ganberako presidente. AEBetako estatuburu eta estatuburuorde karguen ostean, herrialdeko kargurik garrantzitsuenen artean hirugarrena da.

Konpromisarioen botoa

Georgiakoaren ostean, AEBetako hauteskunde prozesuak beste topaketa bat izango du bihar, Kongresua elkartu egingo baita hautatzaileen batzarreko konpromisarioen botoak zenbatu eta berresteko. Hori egitean, orduan bai, Bidenen eta Harrisen garaipenak ofizialak izango dira, eta biek ala biek egingo dute euren kargu berriaren zina hilaren 20an egitekoak diren ekitaldian.

Biharko tramitea, ordea, ez da eztabaidarik gabea izango. Ted Cruz eta Josh Hawley senatariak buru dituen errepublikano talde batek ez ditu azaroko presidentetzarako hauteskundeen emaitzak onartu, «iruzurra» egon delakoan, eta ikusteko dago biharko saioan nola erreakzionatuko duten.

Izan ere, Kongresuaren kanpoan, Trumpen jarraitzaileak biltzekoak dira protesta egiteko eta, hein batean bada ere, ordezkari politikoei presio egiteko. Presa sentsazioa nabaria da haien artean, biharkoa hori egiteko azken aukera izango baita; prozesuaren hurrengo eta azken pausoa herrialdeko presidente eta presidenteorde karguen zina egiteko ekitaldia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.