Hong Kongeko bozetara aurkezteko, Txinari fideltasuna azaldu beharko zaio

Gobernuak lege proiektu bat aurkeztuko du martxoan. Politikariek zin egin beharko dute. Helburua da «Hong Kong abertzaleek gidatzen dutela» ziurtatzea

Emakume bat «demokraziaren aldeko» politikarien alde protestan, aurten. JEROME FAVRE / EFE.
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Aurrerantzean, Txinari leialak izan beharko zaizkio Hong Kongeko hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiak. Edo, gutxienez, hala zin egin beharko dute. Ez badute hala egiten, kanporatu egingo dituzte, eta bost urteko inhabilitazioari egingo diote aurre. Hala dago zehaztuta Hong Kongeko Gobernuak datorren hilean aurkeztuko duen lege proiektuan. Helburua da «ziurtatzea Hong Kong abertzaleek gidatzen» dutela.

Erabaki hori babestu du gobernuko batzorde exekutiboak, eta hala jakinarazi du Erick Tsang Hong Kongeko Gai Konstituzionaletarako ministroak: «Hautagaiak abertzalea dela baldin badio, baina Txinako Errepublika buru duen gure sistema eta haren ezaugarriak errespetatzen ez baditu, ez da onargarria. Abertzalea bazara, Txinako Alderdi Komunistak herrialdea gidatzea onartu behar duzu», adierazi zuen atzo.

Txinak ez du asmorik Hong Kongen ahots disidente gehiago onartzeko. Iaz segurtasun nazionalerako lege bat ezarri zuen; Pekinek neurriak hartu zituen behar bezain leialak ez ziren agintariak kanporatzeko, eta oposizioko buruak atxilotu zituzten, legez kanpoko batzarrak egitea eta atzerriko herrialdeekin bat egitea egotzita.

Lege horrek, besteak beste, sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea zigortzea du helburu, baina eztabaida gehien eragin zuen puntua da horri esker Txinako segurtasun indarrek hainbat eskumen dituztela Hong Kongen, eta askatasun handiagoz jokatu ahal dutela.

Pekinen kritikoek eta nazioarteko hainbat herrialdek Txinari egotzi diote herrialde bat, bi sistema printzipioa amaitu nahi izatea. Pekinek duela 23 urte hartu zuen Hong Kongen kontrola —aurrez Erresuma Batuaren kolonia zen hiria—, baina 50 urtez hango biztanleen eskubideak, askatasunak eta sistema errespetatuko zituela hitzeman zuen.

Atzera begirako legea

Martxoan aurkeztuko duten legea atzera begirakoa izango da, eta, beraz, 2019tik karguan dauden politikariei ere eragingo die; orduko hauteskundeetan, «demokraziaren aldekoak» gehiengoa izan ziren, nabarmen. Zina apurtzen duen edo apurtu duen edonor kargutik kendu ahal izango dute, eta politikari horrek epaiketa bati egin beharko dio aurre geroago. Tsangek inhabilitazioa ezartzeko erabili ahalko dituzten arrazoien artean aipatu ditu Hong Kongen independentziaren alde egitea, edo Txinak Hong Kongekiko duen subiranotasuna ez onartzea.

Leialak diren edo ez epaitzeko, kontuan hartuko da hautagaiek iraganean izandako jokabidea ere. Hori dela eta, litekeena da 2019ko hauteskundeetan karguak eskuratu zituzten asko inhabilitatzea, haietako hainbat atxilotuak izan baitziren iazko istiluetan. Hori hala izango dela baieztatu du Tsangek: «Dena den, pertsona baten iraganeko ekintzak epaituko ditugun ala ez, hori bakoitzaren kasuaren araberakoa izango da». Gehitu du zin egitearena «serio hartzen dutenek» ez dutela arazorik izango.

Lege proiektua Hong Kongez eta Macaoz arduratzen den Txinako Gobernuaren ordezkariak aurkeztu zuen, Xia Baolongek. Xiaren arabera, Hong Kongeko hauteskundeak «hobetzeko» lanean ari dira, eta gehitu zuen instituzioek ezin dutela onartu protestak eragiten dituzten «antisistemak» politikan sartzea.

Oposiziorik ez

Istilu olatua 2019an hasi zen Hong Kongen. Protestak zirela medio, gobernu autonomoak bertan behera utzi behar izan zuen onartu asmo zuten Estradizio Legea. Pekinek, baina, iaz, Segurtasun Legea baliatu zuen hori bera indarrean sartzeko, Poliziak eskumena izateko atxilotzen dituztenak Txinara estraditatzeko.

Politikari dagokionez, gaur egun ez dago oposizioko talderik parlamentuan, demokratek han egoteari uko egin baitzioten iaz: eskualdeko gobernuak kargutik kendu zituen «demokraziaren aldeko» lau parlamentari, segurtasun nazionalerako arrisku bat izatea egotzita, eta beste hamabost ordezkarik kargua utzi zuten protesta modura. Orduan esan zutenez, Hong Kongek «jada ezin dio munduari esan herrialde bat, bi sistema printzipioa indarrean denik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.