Fujimori epaitzen hasi dira, indigenen antzutze behartuengatik

«Pobrezia murrizteko» helburuz 350.000 emakumeri tronpak lotzea agindu izana leporatu dio Peruko Fiskaltzak. Hiru Osasun ministro ohi eta hiru goi kargudun ere ari dira epaitzen

Antzutze behartuen biktimek eginiko protesta, Liman. PAOLO AGILAR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Nire haurrari txertoa jartzera joan nintzenean, erizain bat gerturatu zitzaidan, eta esan zidan tronpak lotuko zizkidala, haur gehiago ez izateko». Enriqueta Huancahuayrenak dira hitzak. 1997an, 19 urte zituela, antzutzera behartu zuten. Mamerita Mestanza adin berarekin hil zen, urtebete geroago, operazio beraren ondorioz. Analfabetoa eta kitxua hiztun elebakarra zen, eta gazteleraz idatzitako baimen bat sinatzeko eskatu zioten.

Aurrekoak ez dira kasu bakanak. Peruko Fiskaltzaren esanetan, Alberto Fujimori presidente ohiaren gobernuak 350.000 emakume eta 25.000 gizon indigena behartu zituen antzutzera bere bigarren agintaldian —1995. eta 2000. urteen artean—, landa eremuetan eta komunitate indigenetan jaiotze tasak behera egin zezan.

Hala, aste honetan hasi da presidente ohiaren eta beste sei goi kargudun ohiren aurkako epaiketa. Fujimorirekin batera, «bizitzaren, gorputzaren eta osasunaren aurkako delituengatik» akusatuta daude Marino Costa Bauer, Eduardo Yong eta Alejandro Aginaga Osasun ministro ohiak, Osasun zuzendari izandako Ulises Aguilar eta Cajamarca eremuko Osasun arloko bi funtzionario ere.

Zehazki, auzi horretan, 1.300 indigena baino gehiagori lesio larriak eragin izanaz akusatu dituzte; bost kasutan, heriotza eragiteraino. Denak ere «giza eskubideen urraketa larrien testuinguruan» eginiko delituak. Halere, fiskalaren esanetan,praktika hark gutxienez hemezortzi hildako utzi zituen, denak emakumeak.

Froga gisa, Costa Bauer ministro ohiak sinatutako dokumentu bat aurkeztu du Pablo Espinoza fiskalak epailearen aurrean. Haren arabera, 1997. urtean 150.000 tronpa lotura egiteko asmoa adierazi zuen gobernuak, eta urte hartako abuzturako eginak zeuden horien %43.

Hainbat emakume elkartek salatu dutenez, horiei mehatxu eta presioak egin zizkieten; besteak beste, esanez operatu ezean haien seme-alabei osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea galaraziko zitzaiela, abortu bat eragingo zitzaiela edo haur jaioberriak erregistratzeari uko egingo ziotela. Horri presio psikologikoa ere gehitu behar zaio: arduragabekeria edota beren egoera ekonomiko txarra aurpegiratuta. Era berean, operatzeagatik elikagaiez betetako otarreak eta bestelako «pizgarri ekonomikoak» eskaintzen zizkieten.

Orain arte, 2.073 emakume ausartu dira salaketa jartzera, besteak beste Antzutze Behartuek Kalte Egindakoen Elkartearen laguntzaz. Eta denek argudiatu dute eurei zer egiten ari ziren jakinarazi gabe edo eurek horretarako baimenik eman gabe antzutuzituztela.

Pobreenen aurka

Gobernuak bultzatutako planaren helburua «pobrezia murriztea» zen, fiskalaren esanetan: «Estatuak pobre guztiak antzutzeko asmoa adierazi zuen, ez baitago beste sektore sozialetako kalteturik». Asmo horren adibidetzat jo du hildako guztiak antzeko soslaia izatea: landa eremuetako bizilagunak, pobreak eta kitxua hiztunak.

Plana aurrera eramateko, biktimek bezala, osasun langileek ere mehatxuak jaso zituzten, eta gainditu beharreko operazio kuota bat ezarri zitzaien. Espinozak salatu du horren eraginez halako kirurgia mota batek eskatzen duen «gutxieneko prestaketa eta zorroztasun falta» gailendu zela.

Hala, Kontrazepzio Kirurgiko Boluntarioan —hura zen izen ofiziala— gerta zitezkeen zailtasunen aurka babesteko, Peruko Gobernuak «marko juridiko propio bat» garatu zuela uste du Espinozak. Izan ere, Fujimoren gobernuak, Peruko Parlamentuan zuen gehiengoa baliatuta, antzutzea legeztatzeko araudia moldatu zuen, eta hura familia planen barruan kokatu.

Hogei urte geroago

Fujimorik 1995ean eman zuenUgalketa Osasunerako eta Familia Planifikaziorako Programaren berri, «pobrezia murrizteko helburuz», eta, hasieran, AEBen diru laguntzak jaso zituen hura aurrera eramateko.

Antzutze planaren alde iluna argitara atera zenean, Peruko Gobernuak lekuan lekuko osasun zerbitzuen gain utzi zuen zama guztia, baina, albisteak nazioartera salto egitearekin batera, besteak beste, Washingtonek emaniko laguntzak galdu zituen.

Ordutik hogei urte baino gehiago igaro dira, eta biktimen elkarteak behin eta berriz saiatu dira kasua auzitara eramaten. Presidente ohiaren aldeko hainbat fiskalek, baina, kasua ikertzeari uko egin zioten behin eta berriz.

Behin kasua ikertzearen alde eginda ere, zailtasunak ez ziren amaitu. Urtarrilean, bertan behera utzi zuten auzi saioa, eta zigor eskaera zehazteko eguna atzeratu, hirugarren aldiz. Kasu hartan, epaileak argudiatu zuen itzultzaileak ez zuela ezagutzen biktimen gehiengoak hitz egiten duen kitxuaren aldaera.

Oraingoan ere berriz atzeratzeko eskatu du Costa Bauerren defentsak, argudiatuta ministro ohia Txilen dagoela, operatzeko zain. Epaileak, baina, ez zuen onartu eskaera, dataren jakitun zegoela esanez.

Costa Bauer ez da epaiketari zuzenean erreparatzen ari ez zaion akusatu bakarra. Fujimori ere falta da. Izan ere, presidente ohiak dio Peruko auzitegiek ezin dutela delitu honengatik epaitu, ez zelako aipatzen Txileri egindako estradizio eskaeran .

Egun, Fujimori 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, Barrios Altosko eta La Cantutako sarraskiengatik. Bi eremu horietan, denera, 25 lagun hil zituen Peruko armadak sortutako Colina talde paramilitarrak; tartean, haurrak. Fujimoriri indultua eman zioten 2017an, arrazoi «humanitarioengatik», baina epaitegiek atzera bota zuten erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.