Albistea entzun

Departamendu eta eskualde bozak. Korsika

Yvan Colonnaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» dira

Korsikako preso nazionalistak datorren hilabetetik aurrera izango du baldintzapean aske geratzea eskatzeko aukera. BERRIA haren abokatu Stella Canavarekin mintzatu da egoeraren berri izateko.

Stella Canava abokatua Bastiako (Korsika) bere kabinetean, herenegun.
Stella Canava abokatua Bastiako (Korsika) bere kabinetean, herenegun. ANDER PEREZ ZALA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala - Berriemaile berezia

2021eko ekainak 18

Claude Erignac Korsikako prefetaren heriotzaren aferako protagonistarik ezagunena bilakatu zen Yvan Colonnarentzat, aurtengoa urte garrantzitsua da, hemezortzi urte preso igaro ostean baldintzapean aske geratzea eskatzeko aukera izango baitu, datorren hilabetetik aurrera —bizi osoko kartzelaldira zigortu zuten—. Stella Canava haren abokatuak, ordea, ez du batere argi ikusten baiezkoa emango diotenik, orain arte bezeroaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» izan baitira: «Duten presioa hain da handia...».

Canavak Bastia hirigunean (Korsika) duen kabinetean hartu du BERRIA, Paoli bulebarrean, Colonnaren egoeraz eta orain arte harturiko erabakiez aritzeko. Abokatuak estilo dekadenteko eraikin baten azken pisuan du egoitza, sabaia altuz eta ate handiz josia; handik lantzen du Korsikako preso nazionalistaren kasua, egun helburu jakin bat duena: DPS bereziki zainduriko presoen estatusa ken diezaiotela.

«DPS estatusa izateak, noski, Korsikara, [ipar-ekialdeko] Borgoko espetxera hurbiltzea eragozten dio. Argudiatzen dute kartzela ez dagoela horrelakoak hartzeko moduan, segurtasun gutxiagokoa delako. Urte asko daramatza etxetik eta familiatik urrun, eta egoera hori zaila da, batez ere azken urteotan, osasun krisiaren ondorioz; bisitak geroz eta urriagoak izan dira», azaldu du Canavak bere bezeroaz.

Abokatua ez da baikor datorren hilabeteari begira: baldintzapean aske geratzea eskatzeko aukera hizpide izango dute, baina Erignacen heriotzagatik ere zigortu zituzten Pierre Alessandriri eta Alain Ferrandiri gertaturikoak ez du aurrekari itxaropentsurik finkatu. Urte hasieran, haiei ere ukatu zieten DPS estatusa kentzea, eta, hortaz, lau urte diren arren baldintzapean aske geratzeko aukera izan dezaketela, biek ala biek espetxean jarraitzen dute, Paris inguruan. Canava ahoan bilorik gabe mintzo da: «Egoera blokeatuta dago».

DPSa kentzeko prozesua batzorde baten iritziarekin hasten da —urtero egiten dute—, horri baitagokio zehaztea presoa «gizartearentzat arriskutsua» izan daitekeen; baiezkoa edo ezezkoa izanda ere, kasu honetan behin betiko erabakia Jean Castex Frantziako lehen ministroak hartzen du. Berez, Justizia ministroari legokioke hori egitea, Eric Dupond-Morettiri; baina, Colonnaren kasuak hainbatetan erakutsi duenez, prozesuak asko du ezohikotik.

Parisen, bai eta ez

Dupond-Moretti abokatua da ofizioz, eta bere bezeroen artean izan zuen Colonna bera; arrazoi horrengatik, DPS estatusaz erabakitzeko eskumena galdu zuen preso horren kasuan. Kontuan hartzekoa da ere egungo Frantziako Justizia ministroa, Korsikako hedabideek azaldu zutenez, Alessandri eta Ferrandi Korsikara gerturatzearen aldekoa dela, baina Emmanuel Macron Frantziako presidenteak blokeatu egin du aukera hori.

Canavak ez daki ezer horretaz; aldiz, kritiko agertu da Dupond-Morettiren jarrerarekin: «Abokatu zenean gauza batzuk esan zituen, eta Justizia ministro denetik, beste batzuk. Aurrekoan zera esan zuen, 'ez dago terrorista onik edo txarrik, terroristak daude'. Hori da arazoa, gobernuak ez duela kontuan hartzen gatazkaren izaera politikoa».

Frantziako ministroen jarreraz haratago, DPSaz iritzia ematen duen batzordeak ez du balorazio positiborik helarazi Colonnaz; hori justifikatzeko, atxilotua izan aurretik ezkutatua igaro zuen epea erabili baitu argudiotzat. Korsikako preso nazionalistaren kasuak asko baitu ezohikotik: 1999tik 2003ra, Frantziako Poliziak lau urte behar izan zituen hura aurkitu eta atxilo hartzeko.

Frantzian bilatu zuten, Europara edo beste kontinente batera ihes egin zuenaren aukera ikertu zuten, baina Colonna ez zen inoiz Mediterraneoko uhartetik atera. Etxean bertan hain denbora luzez Polizia saihestu izanak epika puntu bat sorrarazi zion mugimendu nazionalistan, eta, ziurrenik, haren figura goratu.

«Batzordeak dio DPSa mantendu beharra dagoela, Korsikako mugimendu terrorista delakoaren parte dela argudiatuta; eta Korsikan izango lukeen harrera onagatik, jasoko lukeen babesagatik. Ez dakit sinetsita dauden ihes egingo balu berriz ezkutatzeko baliabideak izango lituzkeela... Kartzelan jarrera ona izan du beti, eta hori handik aitortu dute».

Nazionalistak, bidelagun

Colonnaren egoera testuinguru politikoan ere kokatu beharra dago. Korsikako mugimendu nazionalista uharteko boterean da 2015eko hauteskundeez geroztik, eta bere aldarrikapen historikoek oihartzun handia izan dute urteotan, tartean presoen amnistia lortzea edo gutxienez irlara hurbiltzea.

Gainerako eskariekin gertatu bezala, Parisek ezezkoa eman die horiei ere, nahiz eta une batzuetan bazirudien DPS estatusak kendu eta irlara gerturatzeko egiazko aukerak zeudela.

Nazionalisten, eta batez ere Gilles Simeoni iragan agintaldian Korsikako presidente izandakoaren eta Jean-Guy Talamoni Asanbleako presidente izandakoaren memorian iltzatuta geratu dira Macronek 2018ko otsailean Ajaccion esandakoak, Erignacen hilketaren 20. urteurrenean: «Konplazentziarik, ahanzturarik eta amnistiarik gabeko justizia bat». Hitz horiek, diskurtsoa oro har, «umiliazio bat» izan ziren Korsikarentzat, uharteko presidentearen eta gehiengoaren arabera.

Colonnaren kasuan, aldaketarik izan ez den arren, nazionalistak agintean egoteak «gehiago entzunaraziak izateko balio du», presoaren abokatuak esker oneko tonu batekin adierazi duenez. Politikari autonomisten eta independentisten konpromisoa ez dago zalantzan, haren arabera: «Elkarrizketarako irekita daude, beti daude hor».

Canavak aurtengo «otsail-martxoan» ikusi du azkenekoz bere bezeroa: «Ongi dago. Kirol laguntzailea da, aktibitateez arduratzen da, eta ez da kexatzen. Osasun krisiagatik, noski, hori ere aldarazi zaio. Arlesko espetxean [Okzitania] erregimen oso hertsia dute, oso zurruna, eta hori da zailena. Familia hain gutxitan ikustea ere bai; Korsikan balego, autoa hartzea litzateke, baina han egonda... Gastu asko dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gizon bat gasolina zerbitzugune batean, autoa betetzen, Peshawarren (Pakistan), artxiboko irudi batean. ©Bilawal Arbab / EFE

Gizonek emakumeek baino %16 gehiago kutsatzen dute

Maddi Iztueta Olano

Kontsumo ohituren eta berotegi gasen isurien lotura aztertu du Annika Carlsson Kanyama ikerlariak. Gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela dio ikerketak.

Tong Ying-kit, iazko uztailean, auto barruan, Segurtasun Legearekin auzipetu zuten epaileengana bidean. ©JEROME FAVRE, EFE

Erruduntzat jo dute Hong Kongeko Segurtasun Legearekin auzipetutako lehenengo herritarra

Gorka Berasategi Otamendi

Kondenatuari «terrorismoa» egotzi diote, eta «sezesioa bultzatzea», motor batekin istiluen kontrako hiru poliziaren artetik igarotzeagatik protesta ikur batekin.

Hitxem Metxixi lehen ministroaren kontrako manifestariak, haren kargugabetzea ospatzen, Tunis hiriburuan. ©STR, EFE

Tunisiako lehen ministroak botere eskualdatze «baketsua» iragarri du

Gorka Berasategi Otamendi

Presidenteak bera kargugabetu izana onartu du Metxitxik. Ennahdha alderdia hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, «autoritarismoa» eragozteko. Protestak eteteko eskatu die gobernuaren aldekoei.

Mikati, Aunekin bildu ostean, atzo. ©WAEL HAMZEH / EFE

Najib Mikati enpresaria izendatu dute Libanoko lehen ministro

Iosu Alberdi

Parlamentuko 118 kideetako 72ren babesa du. Gerra zibiletik jasaniko krisi ekonomiko larrienari aurre egitea izango da haren ardura nagusia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna