Bartzelona batu da zerrendara

Gaur hasiko da Txapeldunen Ligako multzoen fasea. C multzoak dirudi gogorrena, eta D multzoak parekatuena. PSG eta Juventus elkarren aurka ariko dira gaur.

Robert Lewandowski Bartzelonako jokalaria (eskuinean), Valladolidi ligan sartutako goletako bat ospatzen, taldekideekin. TONI ALBIR / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Txapeldunen Liga irabazteko hautagai nagusien zerrenda gutxi aldatzen da urtetik urtera. Xavi Hernandezen Bartzelona izan daiteke aldi honetako salbuespena. 2021-2022ko denboraldian multzoen fasean kanporatuak izan eta gero, palankei esker, pentsaezina zen modu batean indartu dute taldea: Lewandowski, Kounde, Raphinha... Edonola ere, Kataluniako taldea baino aukera zertxobait ziurragoa dirudite Real Madrilek, Erling Haalanden Manchester Cityk, Kylian Mbapperi eutsi dion PSGk, edo Liverpoolek eta Municheko Bayernek, beti zerrendan baitaude. Multzoen faseko neurketak astearte eta asteazkenetan jokatuko dira, 18:45etan eta 21:00etan.

A MULTZOA
Liverpool eta beste bat

Jurgen Kloppen taldeak liga ez du ondo hasi, baina ez luke arazorik izan beharko lehen postuan amaitzeko. Ajax eta Napoliren artean egon liteke bigarren postua. Amsterdamgo taldeak jokalariasko eta garrantzitsuak galdu ditu denboraldi berrirako; izan ere, Erik Ten Hag entrenatzailearekin batera, Sebastien Hallerrek eta Anthonyk taldea utzi dute. Napolik ere jokalari garrantzitsuak galdu ditu: Fabian Ruiz, Kalidou Koulibaly, Dries Mertens edo Lorenzo Insigne. Eskoziako Rangersek osatzen du multzoa: hamabi urteren ostean itzuli da Txapeldunen Ligara.

B MULTZOA
Uste baino zailagoa

Multzoko buru amaitzeko hautagai nagusia Atletico Madril bada ere, Diego Pablo Simeoneren taldeak ez ditu gauzak erraz izango. Belgikako Brujas alde batera utzita, Porto eta Bayern Leverkusen aurkari lehiakorrak dira. Madrilgo taldea eta Porto B multzoan aritu ziren aurreko sasoian ere, eta, Portugalen Simeoneren taldea 1-3 gailendu bazen ere, Madrilen hutsean amaitu zen neurketa. Alemaniako taldeak zeresana emateko gaitasuna dauka, liga hasierako sentipen txarrei buelta ematea lortzen badu. Patrik Schick aurrelari txekiarra da taldeko izarra.

C MULTZOA
Herioaren multzoa

Bartzelonaren pizkundea zenbaterainokoa den frogatzeko multzoa da. Titulua irabazteko lehian egon nahi du Xavi Hernandezen taldeak. Badu taldea horretarako. Robert Lewandowski gabe, baina Sadio Manerekin, ziurtzat jo daiteke Bayer Munich aurreneko bi postuetan egongo dela. Halere, Interrek Romelu Lukaku berreskuratu du, eta gaitasuna izan dezake multzoko bi hautagai nagusiei irabazteko. Viktoria Plzenen aurka huts egiten duenak gogotik ordainduko du.

D MULTZOA
Edozein sailkatu daiteke

Kinielak egiteko multzorik zailena da. Ivan Perisicen eta Richarlisonen gisako fitxaketekin, Antonio Conteren Tottenham ondo indartu da uda sasoian, eta kanporaketetara igaroko diren bi taldeetako bat izan beharko luke. Partida guztiek berebiziko garrantzia dute, Marseillak, Portugalgo Sportingek eta Frankfurteko Eintrachtek antzeko maila baitute. Europa Liga irabazteagatik sailkatu da Eintracht.

E MULTZOA
Milanen errebalida

Stefano Pioliren Milanek ezin izan zuen multzoen fasea gainditu aurreko sasoian, eta Italiako ligako egungo txapeldunaren lehen helburua hori da. Thomas Tuchelen Chelsea da multzoko beste talde indartsuena, nahiz eta Londreseko taldeak zalantza ugari sortuta ekin dion sasoiari. Merkatuko azken egunean, Pierre-Emerick Aubameyang fitxatu dute, baina hilabetean ezin izango du jokatu. Karim Adeyemi saldu du Salzburgok, eta taldearen gaztetasunak eta kalitateak edozein jar dezakete ataka estuan. Dinamo Zagrebek zail izango du puntuak eskuratzea.

F MULTZOA
Txapeldunaren zortea

Multzoen fasean ez, Real Madrilek kanporaketetan ematen du ia beti mailarik onena. Iragan denboraldian, Sheriffen aurka galdu zuen Bernabeun. Leipzig aurkari deserosoa den arren, Carlo Ancelottiren taldeak aparteko estuasunik gabe gainditu beharko luke lehen fasea. Ange Postecoglouren Celticek eta Ukrainako Shakhtar Donetskek hirugarren postua izango dute helburu. Donbass eskualdeko taldeak Leopolisen jokatuko ditu etxeko neurketak.

G MULTZOA
Haalanden beldur dira

Erling Haalanden fitxaketarekin, are talde indartsuagoa da Pep Guardiolaren Manchester City. Norvegiarrak hamar gol sartu ditu Premier Leagueko aurreneko sei jardunaldietan. Citizenentzat tramite hutsa behar luke lehenengo postuan amaitzeak. Haalanden talde izandakoak, Borussia Dortmundek, ondo abiatu du Alemaniako liga, Julen Lopetegiren Sevillak Espainiakoa ez bezala. Egun, Alemaniako taldea faborito da bigarren posturako. Matt Ryanen Kopenhage ahal duena egiten ahaleginduko da multzo zail batean.

H MULTZOA
Aspaldiko ametsa betetzeko asmoz

Juventusek eta PSGk ez dute buruan Txapeldunen Liga irabaztea ez den beste ezer. Alpeez bestaldeko taldea 1996an izan zen azkenekoz garaile, eta Pariseko taldeak oraindik ez du eskuratu garaikurra. Christophe Galtieren gidaritzapean, eta Kylian Mbapperi eutsita, frantziarrak hautagai nagusietako bat dira oraindik. Maximiliano Alegriren Juventusi buruz, ordea, ezin ezer argirik esan. Paulo Dybalak taldea utzi du, eta Paul Pogba, Angel Di Maria eta Leandro Paredes fitxatu dituzte, besteak beste. Benfica —aurreko denboraldian kanporaketetarako sailkatu zen— eta Haifako Maccabi ere multzo honetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.