Jaurlaritzak Navalen parte hartzea izan dezala eskatu du legebiltzarrak

Aho batez onartu duten legez besteko proposamen batean, Eusko Legebiltzarrak eskatu du Navali buruzko mahai bat osa dezatela langileek, akziodunek, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Navalen aldeko manifestazioa egin zuten asteazkenean Sestaon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Sindikatu, alderdi politiko eta herritar ugarik Navaleko langileak babestu zituzten asteazkenean Sestaon (Bizkaia) egindako manifestazioan. Kolore politiko ezberdinetako ordezkari eta herritarrek irtenbidea eskatu zuten erortzear dagoen ontziolarentzat. Batasun irudia eman zuten. Bada, biharamunean batasun hori Eusko Legebiltzarrean ikusi zen. Osoko bilkura egin zuten atzo, eta alderdi guztiek bat egin zuten Navalen inguruko legez besteko proposamena onartzeko garaian. Testuan, zuzeneko eskaera egin diote Jaurlaritzari, eta ontziolaren aktiboak erosteko aukera aztertuko duen txosten bat egiteko eskatu diote, «ahal bezain azkarren». Horrekin batera, langileei, akziodunei, Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari dei egin die mahai bat osa dezaten: «Erakunde publikoek jabetzan parte hartzea aukeretako bat da».

Era horretan, alternatiba publiko-pribatu bat bilatu dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Testua onartu ostean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak aurreratu zuen Jaurlaritza prest dagoela bost milioi euroko ekarpena egiteko ontziolan, baina betiere inbertitzaile pribatu bat agertzen bada, eta «parte hartze publikoa onartzen badu».

Oraindik jarduerari eusteko alternatibak badaudela azaldu zuen Tapiak, eta orain langileen kontratuak eteteak ez duela zertan ekarri ontziola ixtea.Baina horretarako ardura eskatu zuen, erabakiak «segurtasun juridikoarekin» hartu daitezen. Erregulazio txostena «kezkatzekoa» baita, baina «ez du esan nahi irtenbiderik ez dagoenik».

Bestelako iritzia azaldu zuten ontziolako langileek. Legebiltzarrean Navalen inguruko proposamena onartzen zuten bitartean, behargin batzuk atarian zeuden pankartari eusten. Beste batzuk barruan egon ziren saioa entzuten, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gonbidatu ostean. Bozketaren ostean, «akordio eskasa» zela kexatu zen Juanjo Llorden langile batzordeko idazkaria. «Denbora gutxi geratzen da enpresa kontratuak eteten hasteko; Espainiako Gobernuak dauka ontziola pribatizatu izanaren ardura, eta, horregatik, Naval erreskatatzeko ardura ere badauka». Era berean, Jaurlaritzari eskatu zion prozesu hori «bultzatu eta babestu» dezala.

Halakorik ez da egongo, ordea. Legebiltzarreko mintzaldietan garbi geratu baitzen hori: legez besteko proposamena aho batez adostu bazen ere, alderdien artean desadostasunak azaldu ziren. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak ontzat eman zuen akordioa, baina, haren ustez, «ez da nahikoa». Inbertitzaile pribatuen bila ahalegin handiagoa egiteko eskatu zion Tapiari: «Behar baldin bada, sortu ezazue bat».

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, erreskate publikoa eskatu zuen, «gehiengo parte hartzearekin zein ez».

Eskaera horiek gaitzetsi egin zituen Javier Telleriak jeltzaleak, eta Jaurlaritza ontziolako langileen ondoan egon dela gogorarazi zien. Lortutako adostasuna nabarmendu zuen, ordea: «Langileei erakutsi behar zaie behintzat alderdi denen artean akordio bat badagoela».

Arduradunen bila

Legebiltzarretik kanpo ere ontziolaren inguruan hitz egin dute eragile politiko eta sindikalek. Onda Vasca irratian, esaterako, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eskatu zion Jaurlaritzari «eragile aktibo» izateko, «formula irudimentsuak» bilatzeko garaia dela nabarmenduta. «Ekintza batzuk egin ahal izateko esparru legalak badaude, eta Naval estrategikoa izan den sektore bateko azken lekukoa izanda, ahal den guztia egin behar da ez soilik ontziola mantentzeko, baita indartzeko ere».

Horrela, Urizarrek Jaurlaritzari egotzi dio ontziolaren geroa indartzeko ardura, eta horretarako «bazkide berri bat edo kapitala» bilatzea dagokiola gogorarazi zion. «Topatzen ez baldin badu, bazkide hori sortzeko ardura eduki beharko luke; Euskal Herrian sare industrial indartsu bat daukagu, eta akaso foro horren bultzatzailea izan beharko luke», esan zuen Casanovak, legebiltzarrean esandakoaren ildotik.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, Europa Press albiste agentziari emandako elkarrizketa batean, ziurtatu zuen Eusko Jaurlaritzak ez daukala «industria politika egokirik». Haren iritziz, «ez du apustu garbirik egin» ontziolaren alde. Ardura erakunde publikoei egotzi arren, «enpresaren jabeek duten ardura ere aipatu behar da, egungo egoeraren erantzule nagusiak haiek direlako». Azaldu zuen kontuak eskatu behar zaizkiela kudeaketa txarra egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.