Urtebetean 8.500 langabe gutxiago daude EAEn, eta %10,2 da tasa

2018ko irailetik abendura bitartean 3.700 okupatu gutxiago zenbatu ditu Eustatek, eta 7.600 langabe gehiago. Azken hiruhilekoan, eraikuntzan bakarrik handitu da okupatu kopurua

Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bere buruari 2020rako jarritako helburua bi urte lehenago lortu zuen, joan den irailean: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %10eko langatik behera jaistea. 2018ko hirugarren hiruhilekoan %9,5era jaitsi zen langabezia tasa. Baina lorpen iragankorra izan zen, iazko azken hiruhilekoan 0,7 puntu igo baitzen tasa, berriz ere %10eko langa gaindituz, %10,2raino. Lorpena, beraz, ez da legealdiaren erdian iritsi, baina badirudi arazo barik eskuratu ahal izango duelalegealdia amaitu baino lehen.

Eustaten azken datuen arabera, 2018ko azken hiruhilekoan gora egin zuen langabe kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (+7.600). Urtebeteko aldeari erreparatuz gero, langabezia tasa %11,1etik %10,2ra jaitsi da 2017ko abendutik 2018ra; hau da, urtebetean 8.500 langabe gutxiago daude erregistratuta.

Gazteen tasa handia

Sektoreka, bakarrik eraikuntzan egin du gora okupazioak azken hiruhilekoan: 2.300 landun gehiago daude. Aldiz, Eustatek 2.300 landun gutxiago zenbatu ditu industriaren sektorean, 1.300 gutxiago zerbitzuenean,eta 1.200 gutxiago lehen sektorean.

Okupazio tasa %68,1 zen abendu amaieran, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren apalagoa. Hamasei eta 64 urte bitarteko biztanle kopuruaren gaineko landunen proportzioak osatzen du okupazio tasa. Bada, gizonezkoen artean okupazio tasa %71,5 zen, eta emakumeen artean, ia zazpi puntu apalagoa, %64,6. Eta hori kontuan izanda okupazioaren jaitsierak gehiago eragin diela gizonezkoei (-6.800) emakumeei baino (-3.100).

Lurraldeei dagokienez, 2018ko azken hiruhilekoan Gipuzkoan jaitsi zen gehien okupazioa (-2.100), Bizkaiaren(-1.300) eta Arabaren (-200) aurretik. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetako885.800 etxebizitzetatik 32.800etan pertsona aktibo guztiak langabezian zeuden abenduan, aurreko hiruhilekoan baino 500 gutxiago. Ostera, 3.600 gehiago ziren kide guztiak lanean zeuden etxebizitzak: 519.200, hain zuzen ere.

Eustaten arabera, guztira 106.300 langabe daude Lanbiden erregistratuta, eta langabezia tasa orokorra %10,2 bada ere, gazteena da kolektiborik kaltetuena, haien artean %19,3 baita langabezia tasa, nahiz eta azken hiruhilekoan ia puntu bat jaitsi.

Lurraldeei erreparatuz gero, azken hiruhilekoan Gipuzkoan handitu zen gehien langabe kopurua (+3.100), Bizkaian gero (+2.800), eta Araban azkenik (+1.600). Edonola ere, langabezia tasarik txikiena Gipuzkoakoa da, %10etik behera dagoen bakarra: %8,1 da, hain zuzen ere. Araban %10,8 da langabezia tasa, eta Bizkaian, %11,3.

Konparazio bat egiteko, Europako Batasunean batez besteko langabezia tasa %6,7 zen azaroan, Eurostaten arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.