Zelenskik ez du akordiorik eginen bozen bigarren itzulirako

Ukrainako presidentetzarako bozen lehenbiziko itzulia irabazi du telebistako umoregileak, botoen %30 lortuta. Poroxenko presidentea bigarren izan da: bozen %16 eskuratu ditu

Zelenskik ez du akordiorik eginen bozen bigarren itzulirako.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Inkestek iragarritakoa bete da Ukrainan, eta Volodimir Zelenski umoregilea eta Petro Poroxenko egungo presidentea lehiatuko dira elkarren aurka presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, hilaren 21ean. Ukrainako Hauteskunde Batzordeak atzo jakinarazitako emaitzen arabera, Zelenski erraz nagusitu zen joan den igandeko lehenbiziko itzulian, botoen %30 irabazita, ia Poroxenkok halako bi —%16 lortu zituen presidenteak—. Zelenskik irabazletzat jo zuen bere burua herenegun arratsean, lehenbiziko zundaketak argitaratu zituztenean. Bigarren itzulirako lehia gogorra espero da; izan ere, umoregileak boto asko lortu ditu, baina Poroxenkok baliabide anitz ditu, eta ez dago argi zer jarrera hartuko duten gainerako politikari tradizionalen eta oligarken alde egin duten boto emaileek.

Gainera, Zelenskiren taldeak atzo erran zuen bigarren itzulirako ez dutela inorekin «akordio ezkuturik» eginen. Ukrainako hedabideetan argitaratu zuten bazitekeela Zelenski eta Julia Timoxenko aliatzea, Zelenskik Timoxenko lehen ministro izendatzeko Timoxenkok Zelenski presidentetzarako babestearen truke. Lehenbiziko itzulian hirugarren gelditu da Timoxenko lehen ministro ohia, botoen %13 lortuta.

«Nola solas egin dezakegu gobernu buruzagitzaz, gobernua osatzeko lehenbiziko akordio bat behar bada parlamentuan?», galdetu zuen atzo Zelenskiren bozeramaile Dmitri Razunkovek, Herriaren Zerbitzaria alderdiaren egoitzan. Parlamenturako hauteskundeak heldu den urrian eginen dituzte, eta Razumkovek erran zuen Timoxenko «soldaduz eskas» dabilela. «Herriaren Zerbitzaria alderdia kopuru handiekin sartuko da udazkenean [parlamentuan]». Timoxenkok herenegun salatu zuen irregulartasunak ikusi zituela bozketan, eta erran zuen zenbaketa paralelo bat eginen zuela. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak prozesua ontzat jo zuen atzo, eta uste du «bigarren itzuli zirraragarri baten oinarriak» paratu dituela.

Poroxenkok, berriz, atzo bertan hasi zuen hilaren 21erako kanpaina, Zelenskiri eraso eginez. Errusiaren interesei komeni zaien hautagaia izatea leporatu zion. «Seguru nago bigarren itzulian ikusi nahi ez zenutena Poroxenko zela. Gaizki atera zaizue», adierazi zuen presidenteak, «Errusiako etsaiei» zuzenduta. Gainera, Zelenskiri leporatu zion Ihor Kolomoiskiren «txotxongiloa» izatea.

Kolomoiski, Poroxenko bezala, Ukrainako politikan parte hartu duen oligarka bat da, eta Zelenskiri ospea eman zion telesaila eman zuen katearen akziodun nagusia da.

«Gerraren alderdia»

Errusian, berriz, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari Ukrainako hauteskundeen lehenbiziko itzuliari buruz galdetu zioten atzo, eta erran zuen «goizegi» zela iritzia emateko. Hala ere, adierazpen mamitsuak egin zituen: «Ez genuke nahi gerraren alderdiak Ukraina zuzentzea; Ukraina ekialdeko egoerari egiazko konponbide bat eman nahi dion alderdi bat ikusi nahi genuke, indarrean dauden akordioetan oinarrituta».

Ukrainako gaur egungo egoera politikoa 2014ko matxinadaren eraginez sortu zen, eta horren ondorioek baldintzatzen dute herrialdea. Krimea Errusiako beste probintzia bat da gaur egun, eta hego-ekialdeko Donetsk eta Luhansk probintzien zati handi bana de facto independenteak dira —hortaz, herenegun ez zituzten bozak egin—. Euromaidan edo Maidan erran zioten matxinada horren ondoren, Ukrainak Errusiarekin apurtu zuen eta harremanak sendotu zituen Mendebaldearekin, baina lehendik zeuzkan egiturazko arazo anitz ez dira konpondu; bertzeak bertze, herritarren batez bertzeko bizi maila apala eta ustelkeria. Testuinguru horretan lortu du arrakasta Zelenskik, ustelkeriaren aurkako mezuekin eta erreforma politikoen aldekoekin. 25 probintzietatik (Kiev hiriburua barne) hogeitan izan da hautagai bozkatuena. Lurralde banaketa ere agerian gelditu da, Errusiarekin harremanak berrezarri nahi dituen hautagaia, Juri Boiko, bozkatu baitute gehien Donetsken eta Luhansken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.