Kataluniako Fiskaltzak eskatu du Torra hogei hilez kargugabetzeko

Desobedientzia leporatzen dio, kanpainan ez zituelako xingola horiak eta esteladak garaiz kenarazi. Trapero mossoen buru ohia datorren urtean epaituko dute, matxinadagatik

Quim Torra, gobernu kontseilura iristen atzo goizean, Budo, Vilallonga, Calvet eta Buch kontseilariekin. QUIQUE GARCIA / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniako Fiskaltzak Quim Torra Kataluniako presidentea auzipetu nahi du. Desobedientzia delitua leporatzen dio, Generalitateren eraikin publikoetatik xingola horiak eta esteladak garaiz ez erretiratu izanagatik: urtebete eta zortzi hilabeteko kargugabetzea eta 30.000 euroko isuna eskatu du harentzat. Auziak aurrera egiten badu, Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenean deklaratu beharko du Torrak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidenteari agindu zion xingola horiak eta esteladak kentzeko Espainiako Gorteetarako apirilaren 28ko hauteskundeen kanpaina hasi baino lehen, «sinbolo partidistak» zirela iritzita. Madrilen, berriz, Josep Lluis Traperoren aurkako epaiketa zehaztu zuten atzo: 2020ko urtarrilaren 20an hasiko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Matxinada delitua egotzi diote mossoen buru ohiari, 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma «ahalbidetzeagatik».

Torraren kasuan, Kataluniako Fiskaltzak uste du agindu «argia» eman zuela Espainiako Hauteskunde Batzordeak, eta Torrak berak erabaki zuela «aintzat ez hartzea, jakitun izan arren» erabakia «irmoa» zela administrazioan. Presidenteak zenbait jakinarazpen jaso zituen, eta batzordeak ez zituen haren erantzunak onartu. Azkenean, martxoaren 19an, «bere betebeharraz jakitun» zela, desobedientziarako deia egin zuen Torrak, Elsa Artadi Generalitateko orduko bozeramailearen bitartez: «Adierazpen askatasunari eutsiko diogu».

Horren aurrean, eta nahiz eta Torrak xingola horiak zuriekin ordezkatzeko agindua eman zuen, Espainiako Hauteskunde Batzordeak mossoei agindu zien sinbolo horiek eraikin publiko guztietatik kentzeko. Hori, fiskaltzaren arabera, «gorabeherarik gabe» gertatu zen.

Bi salaketak eraman dute Torra auzitara: fiskaltzak berak martxoaren 27an aurkeztu zuenak, eta Ciudadanos alderdiak hamabi egun lehenago aurkeztutakoak. Batzordeak xingola horiak kentzeko ultimatuma eman zionean, Torrak arartekoari txosten bat eskatu zion; fiskaltzak ez dio «garrantzirik» eman hari. Arartekoak Generalitateari gomendatu zion ikur horiek guztiak kentzea, hauteskunde garaian «neutraltasun politikoa» mantentze aldera. Azkenean, kendu, eta adierazpen askatasunaren aldeko pankarta bat jarri zuten Generalitatearen jauregian.

Torra deklaratzera deitu zuten, eta auzitegiko grabaketa batzuk eman zituen argitara TV3 telebista kateak. Haietan, desobedientzia bere gain hartu zuen presidenteak: «Bai, desobeditu egin nuen, herritarrak eta giza eskubideak babesteko goi agindu bat dudalako».

Fiskaltzak eskatu du Torrari urtebete eta zortzi hilabetez debekatzea gobernu lanak egitea, «udalean, erkidegoan, estatuan, eta Europan». Eskaeraren ondorengo prentsaurrekoan, Meritxell Budo Generalitateko bozeramaileak esan du eskaera hori zentzugabekeria bat dela: «Harritu egingo gintuzke kargugabetzea eta isun ekonomikoak eskatzea adierazpen askatasuna bermatzeagatik eta defendatzeagatik».

Mossoen buruak, auzitara

Espainiako Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du Josep Lluis Trapero mossoen buruzagi ohiarentzat, Pere Soler mossoen zuzendari ohiarentzat eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari nagusi ohiarentzat. Auzitegi Nazionalak datorren urteko urtarrilean ekingo dio haien aurkako epaiketari. Matxinada delitua egozten diete hirurei, 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma «ahalbidetzeagatik», eta urte horretako irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurreko «setioa ez gelditzeagatik».

Teresa Laplana mossoen intendente ohia ere epaituko dute, haren kasuan sedizioagatik. Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat.

Atzo, lau akusatu horien aurkako epaiketaren dataren berri eman zuten egun berean, Guardia Zibila Kataluniako Gobernuaren hainbat eraikinetan izan zen berriz; Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko Alejandra Gil Lima epaileak aginduta egin zituzten miaketak. Fiskaltzak informazio gehiago eskuratzeko egindako eskaera onartu zuen epaileak joan den ekainaren 23ko autoan. Gil Lima 2017ko urriaren 1eko erreferendumerako prestakuntzak ikertzen ari da.

Generalitatera ez ezik, Lan Kontseilaritzara, Atzerri Gaietarako Kontseilaritzara, Presidentetzara eta kabinete juridikora sartu ziren, urriaren 1arekin zerikusia izan dezaketen dokumentazio eta kontratazioen bila. Ekainaren 23an emandako autoan, Gil Lima epaileak ikertu gisara deklaratzera deitu zituen kontseilaritza horietako hainbat ordezkari uztailaren 19rako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.