Katalunia. Atxilotuen defentsa

Segurtasun juridikoa ezbaian

Joan den asteko protestetan 104 pertsona atxilotu zituzten, eta horietako 28 kartzelan daude, behin-behinean. Giza eskubideen aldeko taldeek prozedurak salatu dituzte.

Espainiako Polizia odoletan dagoen manifestari bat atxilotzen, aurreko asteko protestetan, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi subiranisten kontrako sententzia atera ondoren, independentismoaren aldeko ekintzetan parte hartzen dutenek nolabaiteko «segurtasun gabezia bat» sentitzen dutela iruditzen zaio Nuria Monforti. «Batik bat, legea interpretatzeko moduagatik. Bai Zigor Kodeko legea, prozedura legea, arau administratiboak... Zigortzeko zuzenbidearen interpretazioa areagotzen ari da», nabarmendu du Iacta abokatuen kooperatiba feministako kideak. «Pertzepzioa da akusazioaren zati bat politikoa dela, eta legearen interpretazio hertsiaren esparrutik kanpo dagoela». Joan den astean Katalunian egindako protestetako batzuk bortizki sakabanatzen ahalegindu ziren poliziak, eta 104 lagun atxilotu zituzten; horietako 28 kartzelan daude behin-behinean, desordena publikoak eta autoritateari eraso egitea leporatuta. Karguekin aske daude gainontzekoak.

Som Defensores plataforma gatazka testuinguru batean egindako protestetan gertatutako oinarrizko eskubideen urraketak ikertzeaz arduratzen da, behatzaile sare baten bidez, eta lehengo astean protokoloak aktibatu zituen, berriro. Plataformako kidea da Iacta, giza eskubideen defentsan lan egiten duten beste kolektibo batzuekin batera: Iridia, La Fede, ACDDH, Novact... Solange Hilbert Iactako kideak argitu du kasu honetan atxilotuez arduratu direla kooperatibakoak. «Gure egitekoa da jakinaraztea atxilotuei zein eskubide dituzten, aholku ematea, eta haien senideei laguntzea». Ez dute, ordea, kasuen jarraipena egiten.

Salatu nahi dute atxilotuei egiten zaizkien akusazioak, Poliziaren diligentziak, «generikoak» direla. Monfortentzat, atxiloketetako asko gertatzen dira atxilotuak «testuinguru jakin batean» zeudelako. «Okerreko tokian zeudelako okerreko unean... Diligentziak kontuan hartuta, protesta testuingurua bera biolentotzat hartzen da oinarritik».

Iactako juristen ustez, ezin da jakin zein bide ibiliko duten lehengo astean atxilotutakoen prozesu judizialek. Ezagutzen dituzte prozesu subiranistaren testuingurutik kanpo ere «antzeko» kasuak, eta Monfortek azpimarratu du horietako asko «juridikoki zehaztuz» joan izan direla. Baina oraingo testuinguruan, erantzuteko gai ez diren galderak plazaratu dituzte. «Desordena publikoen akusazioa mantenduko da ez dagoenean portaeraren indibidualizazio bat, soilik testuinguru bat?», Monfortek. «Edo goia jo arte areagotuko da, estatuan beste noizbait ikusi izan dugun bezala, terrorismoa edo gorroto delitua ezarriz zigorrak handitzeko?», Hilbertek. Dakitena da errepresioak beldurra eragin dezakeela herritarrengan. «Estatuaren abisu moduko bat da», zehaztu du Monfortek. Datozen egunetan atxiloketa gehiago egongo direlakoan dago.

Beste aldagai bat jarri du mahai gainean. Haren esanetan, «kolektibo askok» urteak daramatzate «miaketa aleatorioak, identifikazio arbitrarioak, edo behin-behineko kartzelaldiak» pairatzen, baina praktika hori, orain, «denontzako» dela gaineratu du. «Nolabait esateko, demokratizatu egin da».

Eta testuinguru horretan, Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilariak adierazi du mossoek protestetan izan duten jarrera ikertuko duela Kataluniako Polizia Autonomikoak berak. Hilbertek, baina, «oso zail» ikusten du poliziak ere akusatuak izatea, haien jarrera «neurriz kanpokoa» izan den arren. «Gainera, [Espainiako Barne ministro] Grande-Marlaskak gogorarazi zigun bezala, estatuak du biolentziaren monopolioa». Pentsatzen du, dena den, exijitu daitekeela, «gutxienez», polizia indarrek beren «arau propioak errespetatzea». Monfortentzat, instituzioak berak ez badu zerbait esaten gertatutakoaz, ez badu autokritikarik egiten, ez baditu jarrera jakin batzuk salatzen, eta ez baditu aplikatzen autokontrolerako tresnak, «sekulako boterea» ematen ari zaiei poliziei. «Eta une oro herritarrekin harremanetan dauden pertsonak dira. Sentitu ahal izango dute edozein ekintza arbitrario egin dezaketela eta ez zaiela ezer gertatuko? Eta horrela seguru sentituko gara?».

Kartzelatutako zazpi CDRak

Auzitegi Nazionalak aginduta, joan den irailaren 26tik Soto del Realeko espetxean (Madril, Espainia) behin-behineko kartzelaldian daudenak CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako zazpi kide dira —beste bi karguekin aske utzi zituzten—. «Talde terroristako kide» izatea egozten diete. Alerta Solidaria errepresioaren aurkako katalan independentistak biltzen dituen elkarteak hartu du haien defentsa. Xavier Pellicer jurista da elkarteko bozeramailea. «Oinarrizko eskubideen urraketen zerrenda oso luzea da kasu honetan. Ez da inondik inora errespetatzen, esaterako, defentsarako eskubideari dagokionez Europako protokoloek ezartzen dutena». Pellicerren hitzetan, «egoera kafkar asko» izan dira. Kartzelatuetako batek, esaterako, 23 egun igaro ditu konfiantzazko abokaturik gabe. Beste bat: «Akusatuetako batek betaurrekoak dauzka, eta ez zizkioten itzuli atxilotua izan eta lau egun igaro ziren arte. Irakurri ezin zuen dokumentazioa sinarazi diote».

Pellicerrek ohartarazi du fiskaltzak berak esan duela kartzelatuek ez dutela deliturik egin, «baizik eta susmo batzuk dituela balizko ekintza batzuez, zeinak ez dituen zehazten». Abokatuak uste du «salbuespenezko» auzitegi bat dela Auzitegi Nazionala, ez dituela zuzenbidearen printzipioetako asko errespetatzen, eta frankismotik datorrela. «Oso politizatuta dago». Gogoratu du, esate baterako, Grande-Marlaska hango presidentea izan zela.

Iruditzen zaio estatua Zigor Kodea «tenkatzen» ari dela. «Statu quo-a zalantzan jartzen duen edozein mugimendu bakartzen ahalegintzeko errepresio moldea erabiltzen ari dira». Eremu judizialaren «bide guztiak» ibiltzeko prest dago kartzelatutako zazpietako bosten legelaria, baina bai berak eta bai espetxeratuen senideek pentsatzen dute «orain» ezin dela justiziarik egin Espainiako Estatuan. «Mobilizazio sozialak aterako ditu kartzelatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.