Su-etena urratzea egotzi diote Libia ekialdeko buruzagiari

Nazioarteko potentziak ados jarri dira herrialde horretako esku sartzeari uzteko; armen enbargoa ere hitzartu dute. Aljeriak bere burua proposatu du bake negoziazioak hartzeko

Su-etena urratzea egotzi diote Libia ekialdeko buruzagiari.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ia hamar urteren ostean, nazioarteko potentziek erabaki dute ez dutela eskua gehiago sartuko Libian, eta Afrika iparraldeko herrialdearen egoera bideratzeko garaia dela. Horretarako, su-eten iraunkor bat eta armen enbargoa martxan jartzea negoziatu zuten herenegun Berlinen egindako konferentzian, eta gatazkako bi aldeek baiezkoa eman zieten: Fayez al-Serraj buru duen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen babesa duen gobernuarena, eta herrialdearen parterik handienaren kontrola duen Khalifa Haftar buruzagi militarrarena. Ordea, atzo bertan Al-Serrajen aldeko miliziek salatu zuten Haftar su-etena urratzen ari zela, eta, horren ondorioz, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak buruzagi militarrari ohartarazi zion konpromisoak bete behar dituela;horiek ez baditu errespetatzen, haren aurkako «neurriak» hartuko dituela gehitu zuen.

Dena den, Alemaniako hiriburuan gertaturikoak agerian utzi du oinarri ahula duela potentziek sustaturiko prozesuak; Libiako bi agintariak ez baitziren mahai beraren inguruan eseri, eta ez baitzioten elkarri hitz egin. Haftarrek herrialde ia osoaren kontrola du, duela gutxi Sirte hiriaren eta hango portu garrantzitsuaren kontrola eskuratu zuen, eta Al-Serraji Tripoli hiriburua kentzea besterik ez zaio falta bere burua garaile izendatzeko.

Horregatik, ekialdeko buruzagi militarrak argi du ez duela zertan errespetatu adosturikoa, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra bera horren jakitun zen igandean: «Ez dut ilusiorik adosturikoa betetzearen inguruan». Haftarrek aliatu garrantzitsuak ditu nazioartean, Errusiaren babes militarra eta Frantziaren babes politikoa tarteko, eta Libiako petrolio putzurik gehienen kontrola du aspaldidanik; buruzagi militarra indartsu eta garaile sentitzen da. Al-Serrajek, berriz, Europako Batasunaren, Turkiaren eta Italiaren babes militar, politiko eta ekonomikoa du.

Errealitate horri begira antolatu zuen Merkelek herenegungo hitzordua, helburu argia baitu: Libiako gatazka gehiago ez nazioartekotzea.

Bederatzi urteko gatazka

Baina, oro har, nazioarteko potentziak Berlinen finkaturiko bidearekin jarraitzeko asmoa dute, eta Aljeriak atzo bere burua proposatu zuen bi aldeen arteko bake elkarrizketak hartzeko.

Bederatzi urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo egoera. 2012an parlamenturako bozak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten emaitzak onartu, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan. Mendebaldean, NBEk trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Al-Serraj buru duen gobernuan barreiatu ziren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.