Espainiaren azken hitza izango da, Estrasburgora jo aurretik

Espainiako Auzitegi Konstituzionala irailetik aurrera hasiko da aztertzen Kataluniako buruzagi independentistek beren kontrako sententziari aurkeztu dizkioten helegiteak

Epaiketaren amaiera Espainiako Auzitegi Gorenean, iazko ekainean. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auzia azken geltokira iristear da Espainiako justiziaren bidean. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak izango du azken hitza, eta hark finkatuko du estatuaren behin betiko jarrera bederatzi buruzagi independentista katalan espetxera zigortu zituen epaiketari buruz. Bederatzi eta hamahiru urterainoko kondena ezarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak, iazko urrian. Zigor hori berretsi, moldatu ala indargabetu behar den aztertzeari ekingo dio irailean.

Defentsek Estrasburgoko auzitegira jo aurreko azken urratsa izango da. Ordurako «material ugari» dutela adierazi dio Andreu Van den Eynde abokatuak BERRIAri. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren eta Raul Romeva kontseilari ohiaren abokatuak nabarmendu du Konstituzionala «muturreko egoera batera» eramatea lortu dutela.

Van den Eyndek garrantzia aitortu dio, esaterako, Junquerasen behin-behineko espetxeratzeak Auzitegi Konstituzionalean eragin zuen iritzi banaketari. «Imajinatu zer transmititzen duen hamabi magistratuetako hiruk esateak ez lukeela espetxean egon beharko. Espainiako justiziaren maila goreneko auzitegian, hiru magistratu esaten ari dira Junquerasen eskubideak urratu direla. Gehiengoaren botoak gailentzen dira ebazpen bat aurrera ateratzeko, baina agerikoa da hor arazo bat dagoela». Arazo hori Europara esportatzea «oso garrantzitsua» dela adierazi du.

Buruzagi independentisten kontrako zigorraren azken erabakian, baina, ez du boto partikularrik espero. Junquerasen behin-behineko espetxeratzeari buruzko erabakiak jada «ez zuen inolako ondorio praktikorik» hartu zen garaian. «Erabaki ausarta izan zen, ausarta izan zitekeenean». Aldiz, uste du zigor epaiaren kontrako botoa ematea «askoz ere konplexuagoa» izango litzatekeela. «Aho batez hartutako erabakiak islatzen du legea modu bakarrean interpretatu daitekeela. Horregatik saiatzen dira beti halako adostasunak lortzen».

Ez dago argi Konstituzionalak noiz erabakiko duen zigorraren kontrako babes helegiteari buruz. Van den Eyndek azaldu duenez, «logikoena» litzateke «bizpahiru urte» behar izatea. «Horiek dira ohiko denborak». Hala ere, aitortu du «zurrumurruak» entzun dituela, eta, horiek diotenez, datorren urtearen hasieran irits daitekeela Konstituzionalaren azken hitza. Auzitegia berritzeko zain dago iazko azaroaz geroztik, eta litekeena da horrek ere denborak azkartzera behartzea.

Zigortutako buruzagi independentisten kontrako epaia aztertu beharko du auzitegiak, eta argituepaiketan horiei eskubiderik urratu ote zitzaien. Van den Eyndek nabarmendu du horien artean Junquerasen kasuak berezitasunak dituela, Kataluniako presidenteorde ohia eurodiputatu hautatu baitzuten iazko maiatzean. Hori dela eta, Gorenak eskaria egin zion Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari, Junquerasi parlamentarien zigorgabetasuna ote zegokion argitu zezan. Iazko azaroaren 14an, baina, Gorenak hamahiru urteko espetxealdira eta beste horrenbesteko inhabilitaziora zigortu zuen, Luxenburgok zigorgabea ote zen argitu aurretik. Iazko abenduaren 19an, Luxenburgok ebatzi zuen Junqueras eurodiputatu izendatu zuten unetik beretik sartu zela indarrean haren lege babesa.

Espainiako Konstituzionala «arazo oso larri» baten aurrean dago, Van den Eynderen iritziz. «Junqueras espetxean mantendu ahal izateko, entzungor egin behar dio Luxenburgoren epaiari». Abokatuak ziurtatu du Konstituzionala Luxenburgoren epaia betetzera «derrigortuta» dagoela, hura «gorago» dagoelako zuzenbide hierarkian. «Aske utzi beharko luke kondenaren kontrako helegitea aztertzen duen bitartean. Junqueras ezin zuten zigortu [Europako Parlamentuari] aurretik suplikatorio bat eskatu gabe». Konstituzionalak baztertu egin zuen, ordea, defentsaren eskaria joan den uztailaren amaieran, eta Junquerasek espetxean jarraituko du auzitegiak babes helegitea aztertzen duen artean.

Estrasburgok betearazi arte

Defentsek Konstituzionalaren azken epaia eramango dute Giza Eskubideen Europako Auzitegira, «hein handi batean». Dena den, izango dituzte baliabide gehiago ere: besteak beste, Luxenburgoko auzitegiaren epaia eta NBEko Atxilotze Arbitrarioen lantaldearen erabakia. Azken horrek salatu zuen Junquerasen atxiloketa «arbitrarioa» izan zela, baita Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusiaren eta Jordi Cuixart Omniumeko presidentearen atxiloketa ere. «Normalean izaten ez den materiala izango dugu babeserako. Hala ere, Espainiako Estatua gai da sententzia ezartzen jarraitzeko».

Van den Eyndek ohartarazi duenez, litekeena da estatua nazioarteko irizpideak «ez betetzen» jarraitzea, erabakiak Espainiako sistemaren menpekoak diren artean. «Luxenburgon irabazita ere, ikusi dugu zer gertatzen den». Uste du Espainiak berdin jarrai dezakeela Estrasburgoko auzitegira iritsi arte. Giza Eskubideen Europako Auzitegian kontua aldatu daitekeela azaldu du, hark «erabakiak betearazteko sistema bat duelako».

Estrasburgora jo aurretik, baina, Konstituzionalak ebatzi beharko du Gorenak ezarritako sententziaren gainean, eta erabaki hori hartuko duen epaimahaiaren inpartzialtasuna ez dago bermatuta, defentsen iritziz. Hori dela eta, epaimahaiaren errekusazioa eskatu zuten. Van den Eyndek azaldu du Konstituzionalak «biktima gisa» aurkeztu duela bere burua. Epaituak haren ebazpenei entzungor egiteagatik zigortu zituzten, eta Konstituzionala berak aurkeztu zuen zigortuen kontrako salaketa. «Salaketa aurkeztu zuen auzitegiak erabakiko du deliturik baden ala ez. Hori harrigarria da». Horrez gain, zenbait magistratuk aurretik egin dituzten adierazpenengatik inpartzialtasun falta salatu dute. Auzitegiak baztertu egin du eskaria.

Urte judizial berria hastearekin batera, Konstituzionala prestatzen hasiko den epaiak zeresan handia izango du auzia Estrasburgora iristen denean. Epai horren argudioen gainean oinarrituko dituzte zigortuek beren salaketak, eta Espainiak, bere defentsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.