«Konfrontazio demokratikoa», JxCren proposamenaren ardatza

Puigdemonten alderdiak bere lehen txosten politikoa onartu zuen joan den larunbatean, %96ko babesarekin. Ezinbestekotzat du independentismoak botoen %50 lortzea

Carles Puigdemont JxCko presidentea, urriaren 1eko erreferendumaren urteurreneko ekitaldi batean telematikoki parte hartzen. DAVID BORRAT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
JxCk idatziz jaso ditu bere oinarri politikoak. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren alderdi berriak bere lehen txosten politikoa onartu zuen joan den larunbatean, alderdiaren kongresu eratzaileari amaiera eman zion ekitaldian. Txostenak botoen %96ko babesa jaso zuen, eta militanteen %27k parte hartu zuten bozketan. Idatziak adierazi du Kataluniaren independentzia lortzeko mugimendu independentistak «konfrontazio demokratikoan» oinarritu behar duela estrategia.

Puigdemont europarlamentari eta JxCko buruaren arabera, JxC izango da Kataluniako Gobernuan «gehiengo argiki independentista» bat izango den bermea. «Esparru politiko indartsu baten aldeko apustua egiten duen jendeak, gobernatuko duen eta urriaren 1a sutsuki babestuko duen indar bat nahi duenak, badu Junts per Catalunya izeneko eragile bat».

JxCko buruak uste du otsailaren 14an egingo diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan independentismoak botoen erdiak baino gehiago eskuratu behar dituela, prozesu independentista azkartzeko. «Ezin dugu salto handirik egin langa hori gainditzen ez badugu».

Puigdemontek joan den astean adierazi zuen independentismoak botoen erdiak baino gehiago bilduz gero, horrek «ondorio politikoak» izan beharko lituzkeela, eta independentismoak «proposamen bat» egin beharko lukeela norabide horretan. Txostenak ez du zehaztu ondorio horiek zein izan beharko liratekeen, baina baztertu egin du beste erreferendum bat antolatzea, Espainiarekin adostasunik ez bada.

JxCk ez du espero Espainiak «egiazko negoziazio» bat hastea Kataluniarekin, baldin eta independentismoak «ekintza politiko koherente eta indartsu» bat garatzen ez badu. Idatziak jasotzen duenez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumak agerian utzi du Madrilek ez duela horretarako borondaterik, «independentziaren aldeko gehiengoa edozein dela ere (%48 edo %75)».

Horregatik, independentismoaren oinarri soziala handitzea «egoki» iruditzen zaion arren, JxCk ohartarazi du ez dela «nahikoa» izango Espainia negoziazio batera behartzeko. «Estatuak egiaz negoziatzera behartuta ikusiko du bere burua soilik indarren korrelazioa bere interesen kaltetan garatzen ari dela ikusten baldin badu». Beraz, JxCk adierazi du konfrontazioak «bateragarri» izan behar duela elkarrizketa eta negoziazioa behartzeko estrategiarekin, eta, halakorik ezean, aldebakarreko bide bat urratzearekin. JxCren iritziz, independentisten erronka ez da «zilegitasunari lotutakoa», baizik eta prozesua «osotasunean gauzatzea».

Bestalde, ganorazko elkarrizketa batek zer baldintza bete beharko lituzkeen zehaztu du. «Bitartekari bat» izan beharko luke, batetik; bestetik, «elkarrizketarako agenda bat eta metodo bat», eta, azkenik, «lan isil asko» eta «propagandarako erakustaldi gutxi».

Estatua bere egungo posiziotik mugiarazteko, berriz, gizarte zibilaren mobilizazioa eta desobedientzia zibila proposatzen ditu JxCk. Txostenak dio horiek direla «independentismoak prozesua burutzeko gaur egun dituen baliabide nagusiak». Baina, JxCk ohartarazi duenez, gizarteak ezin du bidea amaieraraino egin bere kabuz, eta ezinbestekotzat jo du erakundeen egitekoa.

Erakundeen artean, Kataluniako Parlamentuak eta Generalitateak errepresioaren aurrean agertu duten «ahulezia» nabarmendu du, eta horiek «ahalduntzeko estrategia» bat bat behar dela adierazi du.

Esparru autonomikotik harago, erakundetze «osagarri bat» abian da, JxCren esanetan, Errepublikaren Aldeko Kontseiluaren eta Kargu Hautetsien Biltzarraren bitartez. Uste du horiek ekarpen erabakigarria egin dezaketela gatazkaren nazioartekotzean.

Hain zuzen, nazioartean, independentismoak orain arte lortu dituen «garaipen onenak eta irmoenak» arlo judizialean izan dira, txostenaren arabera. JxCk konpromisoa hartu du bide hori indartzen jarraitzeko «erbestetik eta espetxetik»..

Militantzia bikoitzari muga

Orain arte militantzia bikoitza onartu du JxCk, eta, hala,PDeCATeko kide ugarik bat egin dute Puigdemonten proiektuarekin beren alderdia uzteko beharrik gabe. Halaber, egoera horrek irekita mantendu du JxCren eta PDeCATen artean bozetarako azken orduko adostasun bat lortzeko aukera. Baina denbora agortu da. JxCk epe muga jarri dio militantzia bikoitzari: ezin izango da JxCko eta PDeCATeko kide izan bi indarrak hauteskundeetan elkarren aurka lehiatzen badira.

Beraz, aurreikusten den bezala, PDeCATek bozetara bere kabuz aurkeztea erabakiko balu, ofizial egingo da bien arteko haustura. JxCk PDeCATeko zenbait kide bere hautagaitzan independente gisa hartzeko prest agertu da, baina PDeCATentzat koalizioaren aukera da soilik onargarri, eta JxCk baztertu egin du hori.

JxCk ere primarioetarako prozesua abiatuko du, militanteek hautagaiak aukeratu ditzaten, «zerrenda irekien» bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.