Behin-behinekotasunari buruzko akordioa arbuiatu du Jaurlaritzak

Ministroen Kontseiluak lege dekretua onartu du Icetak CCOO, UGT eta CSIFekin sinatutako akordioarekin. Jaurlaritzaren ustez, bere antolaketa ahalmena mugatzen du. LABek ere gaitzetsi du

Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, atzoko prentsaurrekoan. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak berriz ere arbuiatu egin du funtzio publikoko behin-behinekotasuna murrizteko atzo Espainiako Gobernuak eta sindikatu nagusiek itxitako akordioa, zeina gaur lege dekretu bihurtu duen Ministroen Kontseiluak. Haren kontra helegiterik aurkez daitekeen azterketa egingo dutela iragarri du Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, eta berretsi du Jaurlaritzak aurrera jarraitzeko asmoa duela lanpostuen kontsolidaziorako bere bidearekin.

Garamendik ez ditu oraindik ezagutzen akordioaren azken xehetasunak, baina badaki gauzak ez direla asko aldatu joan den astetik. Miquel Iceta Funtzio Publikoko ministroak erkidegoei sektore konferentzian azaldu zien bere proposamena lege dekreturako eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren erreformarako. Eta orduko hartan, dagoeneko proposamenaren kontra agertu zen Jaurlaritza, «onartezina» zitzaiolako.

Gai arantzatsuena, argi dago, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen birjartze tasak dira; ez direla desagertu, Jaurlaritzak eta beste erkidego batzuek kentzeko eskatu arren. Birjartze tasak Espainiako Gobernuak ezartzen ditu administrazio publikoen sektore bakoitzean; haien bidez, eskaintza publikora ateratzen diren lanpostu kopurua urte horretan erretiroengatik hutsik gelditutako plazen kopurura lotzen da.

Hala, urteren batean sektore askotan, hutsik gelditutako lanpostuen %10 soilik atera ziren lan eskaintza publikoetara. 2017. urtetik birjartze tasak %100ekoa edo handiagoak izan dira, baina, haiek indarrean, eskaintza publikoetara ateratako postuak beti daude lotuta eta, beraz, Madrildik mugatuta. Tasa horiekin, eta «EAEk behar duenaren errealitatea aintzat hartu gabe» hutsuneak behin-behinean betetzeko hiru urteko mugarekin, Icetaren ministerioak Jaurlaritzaren antolaketa ahalmena mugatzen duela salatu du Garamendik.

Antzinatasuna

Ministroen Kontseiluan onartutako dekretuak ez du jasotzen lan eskaintza publiko berezirik urteetan funtzio publikoa behin-behinean aritu diren bitarteko langileentzat. Eskaintza orokorretan, hori bai, esperientziak orain arte baino balio handiagoa (%40) izango du oposizioetako konkurtso fasean.

Eusko Jaurlaritzak deialdi berezituak egin nahi zituen zortzi urtetik gorako antzinatasunekolangileentzat, baina Auzitegi Konstituzionalaren epai batek aukera hori galarazi zuen Polizia Legean. Legebiltzarrean eztabaidan dagoen Kidego eta Eskalen Legeak ere jasotzen du aukera hori, eta horri eusten dio Jaurlaritzak, nahiz eta arriskua hor egon bertan behera gelditzeko.

Hala ere, hori gerta daitekeela kontuan hartu dute gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Enplegu Publikoaren lege proiektuan, eta hor ere ikusten dute aukera bitarteko langileen antzinatasunari balioa emateko, Garamendiren arabera langile horiek jada «frogatu dituztelako merituak eta galdu nahi ez dugun jakintza delako hori».

LAB ere kontra

LAB sindikatuak ere gaitzetsi du Icetak CCOO, UGT eta CSIFekin sinatutako akordioa. «Euskal enplegu publikoaren arazoei irtenbidea ematea ez zen araudi zentralistetatik edo epaitegietatik iritsiko, baizik eta [...] negoziazio kolektiboaren bidez eta euskal erakundeek, errealitate espezifikoa eta gure administrazioen beharrak kontuan hartuta, beren ahalmen legegile osoa garatzeko daukaten aukera gauzatuz».

«Madrildik etorritako esku hartzeen» inguruan, LABek aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak erabaki behar dutela nola txikitu behar diren administrazio publikoetako behin-behinekotasun tasak. «Alde batera utzi behar dira nahikoak ez diren proposamenak, adibidez, EAJk oraindik mantentzen duen Kidego eta Eskalen Legea». Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die lege berri bat prestatzea eta sindikatuekin negoziatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.