Albistea entzun

Kenyako Gobernuaren aurkako salaketa jarri dute transgenikoak baimentzeagatik

Kenyako nekazari talde batek gobernua salatu du, hazi transgenikoen inportazioa baimentzeagatik. Datorren astean hasiko dute epaiketa.
Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusi Sidi Otieno, elastiko gorri batekin.
Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusi Sidi Otieno, elastiko gorri batekin. OSKAR EPELDE JULDAIN Tamaina handiagoan ikusi

Oskar Epelde Juldain -

2023ko otsailak 8 - Nairobi

Mwai Kibakik, orduan Kenyako presidente zenak, 2012an debekatu zituen hazi trangenikoak, Osasun Ministerioak egindako txosten bat oinarri hartuta. Haren arabera, Kenya ez zegoen transgenikoak onartzeko prestatuta. Ikerketa gehiago behar ziren, eta horiek zergen diruarekin egin beharko zirela azpimarratzen zuen txostenak.

Dokumentua duela 11 urte egin zen arren, orain ezagutarazi dute, eta, hala ere, urriaren 3an, William Ruto presidente hautatua izan eta berehala, haren kabineteak debekua kentzea erabaki zuen. Nekazari talde batek, ordea, helegitea jarri zion erabakiari, eta auzitegiek eten egin zuten prozedura behin-behinean. Epaileak otsailaren 13rako deitu ditu alde guztiak, abokatuaren hitzetan «hil edo biziko epaiketa bat» hasteko.

Elikadura burujabetza eta justizia klimatikoa bultzatu nahian agroekologiarako trantsizioa defendatzen duten milioika nekazari eta kontsumitzaile afrikarren ordezkari gisa aurkeztu du bere burua Sidi Otienok, KPL Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusiak. Haren ustez, presidentearen kabineteak ANB Biosegurtasun Agintaritza Nazionalaren eskumenak urratu ditu.

Iaz, epaitegira joan aurretik, KPLko nekazariek manifestazio bat antolatu zuten ANBren egoitzaren aurrean eta zuzendariari gutun bat eman zioten. «ANBk kabineteari eman zizkion aholku zehatzak jakin nahi genituen. Baina ANBk ez zuen prozesuan parte hartu, edo hori erantzun ziguten idatziz, eta, tamalez, gure beldurrak berretsi egin dira: kabinetea kanpoko indarren eraginpean ari da», azaldu du Otienok.

Azaroaren 18an, Merkataritza, Inbertsio eta Industriako idazkari Moses Kuriak aurreratu zuen mota guztietako artoaren inportazioa ahalbidetuko zuela gobernuak. Nekazarien ordezkaritzak gobernuari egozten dio transgenikoen arriskuak onartu izana. «Idatziak jasotzen du ez duela garrantzirik kenyarrak hil ditzaketen gauzen zerrendei transgenikoak gehitzeak. Kabineteko idazkaria ez genuke arin hartu beharko», ohartarazi du Otienok.

Herritarren iritzirik ez

Prozedura akatsak ere izan dira bidean, edo hala salatu du Kevin Arende KPLren abokatuak. Haren esanetan, gobernuak, lehenik, herritarrei jakinarazi behar zien debekua kentzeko asmoa zuela; bigarrenik, konstituzioak informazio eskubidea beste oinarrizko eskubideekin lotzen du, batez ere osasunerako, nekazaritzarako eta hazien burujabetzarako eskubidearekin. «Ondo dakigu hazi transgenikoak enpresa multinazionalek patentatzen dituztela eta nekazariek jakin beharra dute haiengandik eskuratu beharko dituztela», azaldu du Arendek.

Bestalde, abokatuak nabarmendu duenez, erabaki batek beste eskubide batzuk zapuztu ahal baditu, kontsulta bat egin behar da hura indarrean sartu aurretik. «KPL, tokian tokiko nekazaritza jasangarriaren eragile gisa, informatu beharra zuten. Azkenean, eguneroko janaria dago jokoan. Jateko eskubidea merkaturatzeko prest al zaude?», galdetuko du Arendek.

Kenyan, ANB arduratzen da transgenikoak kudeatzeaz eta kontrolatzeaz, baina orain arte ez du urratsik egin gobernuak erabakitakoaren aurka. Aldiz, Rutoren gertukoek leporatzen diete nekazariei zientziaren eta teknologiaren aurka egitea. Otienoren esanetan, ordea, «zerbait bada» Europako Batasuna Kenyako esportatzaileei ziurtagiri gehigarri bat eskatzen hasi denerako.

Transgenikoen aurkakoek AEB Ameriketako Estatu Batuetako adibidea jarri dute mahai gainean. Han, polinizazio gurutzatuak egile eskubideen urraketan oinarritutako auziak piztu ditu. Bestalde, nekazariak beldur dira jatorrizko artoa galduko ote den transgenikoek eragindako kutsaduraren ondorioz. Gainera, adituek ohartarazi dute herbizidekiko eta pestizidekiko erresistenteak diren transgenikoen ondorioz gehiago erabiliko direla biodibertsitatea suntsitzen duten produktu kimikoak. «Hazi transgenikoak merkaturatzea erabaki aurretik, Monsantok finantzatzen ez duen ikerketa bat egin beharko litzateke», adierazi du Otienok.

Ekoizpena oinarri

Estatuaren abokatua gosetean eta nekazarien «ekoizpen txikian» oinarritu da kabinetearen erabakia bidezkotzeko. Baina Arendek aitzakiatzat jo ditu horiek. Harekin bat etorri da Otieno ere: «Propaganda hutsa da. Ez dago errendimendu handiko transgenikorik: etekina jatorrizko landarearen araberakoa da. Transgenikoaren ezaugarria gehitzen diote soilik, glifosatoak landarea hil ez dezan».

Arenderen esanetan, plangintza hobetzea eta lurrak jende gehiagoren esku jartzea da elikagai gabeziarako irtenbidea: «Kenyan, nekazaritza lurren %70 baino gehiago daude eliteen esku, eta horiek esportatzeko laboreak landatzen dituzte. Lur hori jendea elikatzeko erabil liteke».

Transgenikoak goseteari aurre egiteko tresna gisa baliatu nahi izatea ere gaitzetsi du KPLko abokatuak. «Batetik, gosetea gobernuaren kudeaketaren ondorio da, eta, bestetik, aldameneko herrialdean artoa baldin badago, zergatik tematzen dira orain transgenikoak inportatzen? Ez gaude elikagaiak inportatzearen aurka, baina transgenikoak baimentzeak parte-hartze prozesu baten ondoren hartutako erabakia behar du izan, eta ez alderantziz», azaldu du Arendek.

Hauteskundeen ondoren kendu zuten 2012tik indarrean zen debekua, eta horrek ere susmoak piztu ditu. Arenderen esanetan, ez dira gutxi uste dutenak transgenikoak ekoizten dituzten multinazional horietako batzuek lagundu ziotela Rutori kanpainan. «Horrek esan nahiko luke estatua harrapatuta dagoela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian. / ©Abir Sultan, EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat, palestinarren jabetza pribatua da.

Munduko agintariei klima larrialdiaren kontrako neurri eraginkorrak eskazeko manifestazio bat, 2021eko azaroan, Londresen. ©ANDY RAIN, EFE

IPCCk nabarmendu du posible dela Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

Gorka Berasategi Otamendi

Zientzialari taldearen arabera, tartea dago planetaren berotzea 1,4 gradukoa izan dadin mende amaieran. Klima krisiari buruzko jakintza zientifikoa laburbildu du argitaratu duen azken txostenean.

Xi eta Putin, Moskun egin duten bileran. / ©SERGEI KARPUHIN / SPUTNIK / KREM

Moskura heldu da Txinako presidentea

Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren «moral bikoitza» salatu du Xik, Putinen aurkako atxilotze aginduari erreferentzia eginez. Moskuk zigor auzibide bat ireki du Hagako fiskalburuaren aurka. EBko Atzerri ministroek 2.000 milioi euroko plan bat onartu dute Kievi munizioa emateko.

Irakeko lehen ministro Xia al-Sudani, iazko urrian. / ©Irakeko lehen ministroaren bulegoa, EE

PKKz eta ur baliabideez arituko dira Irakeko eta Turkiako buruzagiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Irak urez hornitzen duten bi ibai nagusiek Turkian dute jatorria, baina hark azken urteetan eraikitako urtegiek arazoak eragin dituzte auzoko herrialdean. Ankaran bilduko dira bi buruzagiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.