Boterean betikotzeko asmoz

Hun Sen 1998tik lehen ministro denaren alderdiak irabaziko ditu Kanbodiako bozak, bihar; ez dago oposizio sendorik. CNRP alderdi ilegalizatuak boikoterako deia egin du

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 28
Egin, egingo dituzte hauteskunde orokorrak bihar Kanbodian. Baina Asia hego-ekialdeko herrialde horretako hautesleek botoa eman aurretik ere, oso argi dago CPP Kanbodiako Herriaren Alderdiak irabaziko dituela, eta, horrenbestez, Hun Sen duela hogei urtetik lehen ministro denak karguan jarraituko duela. Bai, hogei alderdi pasa aurkeztu dira, baina ez dago oposizio sendorik. Eta ez dago halakorik, oposizioko alderdi nagusia zena —CNRP Erreskate Nazionalerako Kanbodiako Alderdia— legez kanpo utzi zuelako Auzitegi Gorenak joan den azaroan, «atzerriko agenteen» laguntzarekin gobernuaren kontra konspiratzen ari zela leporatuta. Kem Sokha alderdiko presidentea irailetik dago behin-behinean atxilotuta, Kanbodia eta Vietnamgo mugako atxilotze gune batean. Hori guztia aintzat hartuz, boikoterako deia egin dute erbesteratuta dauden CNRPko liderrek.

«Zergatik ilegalizatu gaituzte? Sinplea da. Hauteskunde aske eta bidezkoak egiten badituzte datorren urtean, CPPk galdu egingo ditu», azpimarratu zuen, joan den abenduan, Kem Monovithya CNRPren harreman publikoetarako zuzendariak. Eta, beharbada, gehiegi esatea izango zen, baina, 2012tik, sortu zutenetik, geroz eta emaitza hobeak lortzen ari zen joera liberaleko zentroko alderdi hori. 2013ko hauteskunde orokorretan lau punturen aldeagatik soilik irabazi zion CPP hegemonikoak —emaitzetan irregulartasunak izan zirela salatu zituen CNRPk—, eta iazko udal bozetan zazpi punturena izan zen bien arteko aldea.

2017ko ekainean izan ziren hauteskunde horiek, eta bi hilabete geroago atxilotu zuten oposizioko presidentea, «traizioa» egotzita. Aldi berean, disidentzia oro zigortzeari ekin zion estatuak, eta, beraz, hainbat komunikabide independente itxi zituen, eta zenbait gobernuz kanpoko erakunde herrialdetik kanporatu. Segituan utzi zuen legez kanpo oposizioko alderdi nagusia —ehun ordezkari baino gehiago inhabilitatu zituzten kargu publikoetarako—, iazko otsailean alderdiak ilegalizatzeko parlamentuak onartutako erreforma bat baliatuta. Nazioarteak, oro har, Kanbodiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, eta Kem Sokha aske uzteko eta CNRP legalizatzeko eskatu du.

Baina, ematen ari den irudia zuritze aldera, gobernuak aste honetan bertan jakinarazi du 52 herrialdetako 220 behatzailek ikuskatuko dituztela biharko bozak. Oposizioak dio «faltsuak» direla hauteskundeak, eta gobernuak, bitartean, behatzaileen «eskarmentua» nabarmentzen du. EB Europako Batasunak eta AEBek esan dute ez dutela dirurik emango hauteskundeak antolatzeko, eta, Rhona Smith NBE Nazio Batuen Erakundearen Kanbodiarako mandatariarentzat, emaitzak ez dira «legitimoak» izango.

CNRPkoen esanetan, kritikak «isilarazi» nahi ditu gobernuak. Hun Senen sokakoak, aldiz, ez daude ados. «Inoiz ez ditugu kritikak debekatu. Irainak, aldiz, bai. Izan ere, hauteskunde egoera batean segurtasun fisikoa eta mentala behar dute herritarrek», bota du Phay Siphan gobernuaren bozeramaileak. Hortaz, «legez kanpokoa» iruditzen zaio oposizioa boikoterako egiten ari den kanpaina.

Eta bozeramaileak hizpide izandako «segurtasuna» indarraren bidez bermatu nahi du estatuak. Joan den asteazkenean bertan, armadaren desfilea antolatu zuten Phnom Penh hiriburuko estadio batean, eta Poliziak iragarri zuen gobernua auzitan jartzen duen edozein protesta etengo duela.

Aurkeztuko diren alderdiek, behintzat, ez dute horretarako intentziorik. Duela hilabete batzuk eratu zituzten horietako batzuk —CPPrekin bat egiten dutela diote kritikoek— ez daude gizartean sustraituta, eta apenas duten ordezkaritzarik herritarren artean. Kanbodian ampil ampik deitzen diete hauteskundeak baino lehenago agertu eta gero berehala desagertzen diren alderdiei. Hauteskunde batzordeko Dim Sovannarok horixe goratu du, hain zuzen, hogei alderditik gora aurkeztu direla. Herrialdean azkeneko bi hamarkadetan ezarritako sistemarekin bat egiten ez dutenek Hun Seni aurpegiratzen diotena da demokrazia baten «itxurak» egin nahi dituela, horrela zigorrak eta nazioarteko erakundeetan seinalatua izatea saihesteko, eta, era berean, atzerriko inbertsioei eusteko.

Khmer Gorrietako kide ohia

Hun Senek, berriz, esaten du bere agindupean herrialdean ez dela berriro piztu gerrarik, eta ekonomia hazi egin dela. Khmer Gorriak gerrillari taldeko kide ohiaren asmoa da beste hamar urtez lehen ministro izatea.

1985etik 1993ra ere izan zen gobernuko burua, herrialdeak hainbat fakzioren arteko gerra zibila bizi izan zuenean —tartean ziren Khmer Gorriak—. Bi hamarkada iraun zuen gerra hark. 1991n sinatu zuten bakea, eta, bi urte geroago, hauteskunde orokorrak egin zituzten, NBEk antolatuta. Orduan ez zen nagusitu, baina bai ondorengo guztietan, eta boterean betikotu zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna